GAZTEZULO TOP 10: 2020. urteko albisterik irakurrienak!

GAZTEZULO TOP 10: 2020. urteko albisterik irakurrienak! Urtea amaitzera doa; zeintzuk izan ote dira gehien irakurri dituzun albiste eta erreportajeak? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaztezulo-top-10-2020-urteko-albiste-irakurrienak/@@download/image/da877cf5-dd83-49a6-baa5-b881eee0fcf5.jpeg
2020/12/29
berria

 

 

Urtea amaitzera doa; zeintzuk izan ote dira gehien irakurri dituzun albiste eta erreportajeak?
GAZTEZULO TOP 10: 2020. urteko albisterik irakurrienak!

2020 urtea ez da erraza izan; Zorionez, geroz eta gertuago dago 365 eguneko zikloari agur esateko unea. COVID-19a protagonista absolutua izan den urte honetan GAZTEZULOren webgunean beste gaiekin lotutako milaka albiste, erreportaje, elkarrizketa eta bitxikeri partekatu ditugu zurekin, eta atzetik aurrera, hauek izan dira zuen kuttunenak!

ESKERRIK ASKO BESTE URTE BATEZ GUREKIN ONDO PASATZEAGATIK!!

10. POSTUAN: #ZULOTIK!: Egunero zuzeneko elkarrizketak GAZTEZULOko Instagrametik!

Esan beharrik ez dago koronabirusaren talkak gizartean oro har zer nolako eragina izan duen. Baina zer gertatu da zehazki euskal musikari, kazetari, aktore, kirolari, artista, gidoilari edota sortzaile desberdinek 2020rako iragarrita eta antolatuta zeuzkaten ekintza desberdinekin? Nolakoa izan da itxialdiaren eragina "bizitza berri" honetan? Eragin ekonomikoa? eta...pertsonala? Horretarako #ZULOTIK! izeneko tarte berria sortu dugu.

9. POSTUAN: Donostiako Erviti musika denda ixtera behartua izan da 145 urteren ondoren

Egun musika denda Erviti familiako laugarren eta bosgarren belaunaldikoek daramate, baina euren negozioa uztera behartuak izan dira. Jose Manuel Garate Erviti lehenago eta ondoren bere emaztearen heriotzarekin eraikinak dendarekin zituen kontratuzko betebeharrak desagertu egin dira eta lokala utzi beharrean aurkitu dira. Horrela, San Martin eta Loiola kaleen artean iskina egiten duen 100 urte baino gehiagoko denda historikoa desagertu egin da.

8. POSTUAN: Eskuratu 'Kantu Eskukadak', GAZTEZULO eta Olrait Studioren proiektu berria!

Egun bizitzen ari garen pandemiak zerbaitetarako balio izan badu entretenimenduaz harago kulturaren balioaz ohartzeko izan da. GAZTEZULOk hori azpimarratu nahi du Olrait Studiorekin elkarlanean aurkeztu dugun 'Kantu Eskukadak' ilustrazio eta testu liburu berezi honekin.

7. POSTUAN: Taberna eta jatetxeetako positibo faltsuen gorakada: denon ardura hau gelditzea

Uztaileko hilabetean taberna eta jatetxe batzuetan egondako pertsonen Covid-19 kasu positibo ugari azaldu ziren arren, badira helburu ez oso zintzoekin zabaldutako beste albiste faltsu batzuk ere: gezurra izanda ere, taberna edota jatetxe konkretu batzuetan positibo batzuk azaldu direla alegia, horien adibide dira Tolosako Ama Taberna eta Xare.

6. POSTUAN: Koronabirusarekin kezkaturik? Masturbatu zaitez

Albiste on bat dugu zuretzat. Bada birusa hartzetik babestu zaitzakeen ekintza dibertigarri eta osasuntsu bat: masturbazioa. Nola da posible? Adi honi: masturbazioak dopamina eta oxitozina olatu bat eragiten du gorputzean, gure gogoa piztuz. Oxitozinak gorputzeko kortisol mailak jaisten ditu, estresaren hormona gutxituz, eta antsietatea edota beldurra baretuz. 

5. POSTUAN: [Iritzi artikulua]: "Lerro hauek idazteko beharra"

Gaizka Izagirreren uztaileko iritzi artikulua duzu jarraian, aurtengo beldur eta kezkak maisuki laburbiltzen dituena; aitatasuna, osasuna, eskubide urraketak...: "Aspaldi nenbilen lerro hauek idazteko gogoz, baina pentsatu nuen hobe zela barnean nuen haserrea baretzea, berotasunean idazten edota esaten diren gauzak askotan ez direlako egoerak eskatzen duen perspektibarekin egiten. Hobe zela ezer ez idaztea, agian ez zaiolako inori axola. Kasu zehatzegia zela, eta badaudela gauza garrantzitsuagoak, hau agian tontokeria zela. Hobe zela ez esatea, horrelakoak beti ezerezean geratzen direlako…"

4. POSTUAN: [Gomendioa] 'Pedaló': bidaia nautiko surrealista euskal kostaldea zeharkatzen

Izugarri gustatu zaizu Gaizka Izagirreren gomendio hau: "Konfinamenduak irauten duen bitartean Juan Palacios eibartarrak, 2016an zuzendu zuen 'Pedaló' doan igotzea erabaki du gu guztion gozamenerako. Urte horretan bertan Euskal Zinemaren Irizar Saria eraman zuen Donostiako Zinemaldian lan bitxi eta polit hau. Lau hormen artean gauden garai honetan, proposamen ezin hobea iruditzen zait euskal kostaldearen itsas brisa,pantaila txikiaren bidez bada ere, berriro sentitu ahal izateko"

3. POSTUAN: Konfinamenduak ekarriko dituen beste gaixotasunak

Osasunaren izenean etxean gorde ginen hilabete luzez; mundu osoari eragin dion pandemiari aurre egiteko neurri ezinbestekoa izan da, baina itxialdiak bestelako gaixotasunak ekarri ditzake, batez ere haurrei. Hala ohartarazi dute pediatrek, eta berandu baino lehen adin txikikoei etxetik irteten uzteko neurriak eskatu zituzten.

2. POSTUAN: Mehatxuak eta irainak Athleticeko Mikel San José eta Beñati komunikatua euskara hutsean argitaratzeagatik

Mikel San Josek eta Beñatek kontratua amaitu dute Athleticekin eta ez dute datorren denboraldian jarraituko. Biek onartu dute denboraldia amaitu arte jarraitzea, ekainaren 30era arte, ofizialki denboraldia amaitzen den arte alegia. Bi futbolariek euskara hutsean zabaldutako komunikatu batean eman dute erabakiaren berri, eta horrek kritika, irain eta mehatxu ugari eragin dizkie sare sozialetan.

1. POSTUAN: 2020ko 40 telesailik onenak

"40? erotu egin al da mutil hau?" pentsatzen ariko zara. Telesailen zurrunbiloak aspaldi irentsi zuen Gaizka Izagirre eta berandu dabil hortik ihes egiteko beraz, zerrenda hauek erabiltzen ditu lasaigarri moduan: "Pentsatu nahi dut zuri ere, akaso, beharbada, agian, baliagarriak izango zaizkizula, estreinaldi tsunami horren barruko proposamenetan ez itotzeko".