Konfinamenduak ekarriko dituen beste gaixotasunak

Konfinamenduak ekarriko dituen beste gaixotasunak Haurrei bereziki eragingo die itxialdiak; antsietatea, obesitatea eta estresa dira egunotan bereganatu daitezkeen gaitz nagusiak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/konfinamenduak-ekarriko-dituen-beste-gaixotasunak/@@download/image/5c1c1445-6c95-434c-b539-6545f5e2e42f.jpeg
2020/04/14
berria

Ane Urrutikoetxea @anerruti

Haurrei bereziki eragingo die itxialdiak; antsietatea, obesitatea eta estresa dira egunotan bereganatu daitezkeen gaitz nagusiak.
Konfinamenduak ekarriko dituen beste gaixotasunak

Osasunaren izenean etxean gorde gara, eta hala jarraituko dugu hilabete luzez; mundu osoari eragin dion pandemiari aurre egiteko neurri ezinbestekoa da, baina itxialdiak bestelako gaixotasunak ekarri ditzake, batez ere haurrei. Hala ohartarazi dute pediatrek, eta berandu baino lehen adin txikikoei etxetik irteten uzteko neurriak eskatuko dituzte aurki.

Ikerketek diotenez, koronabirusak ez du ia eraginik haurrengan, baina aldi berean, karga biriko handia garraiatzeko gai dira, ingurukoak arriskuan ipiniz; horregatik haiek dira etxean denbora gehien daramatenak. Gurasoekin erosketak egitera joateko baimena ez da nahikoa bere osasuna bermatzeko; etxean ia bi hilabete gordeta igarotzeak beste gaitzei ateak irekiko die, hala nola, obesitatea, estresa eta antsietatea.

Italian hasi dira haurrei kalera ateratzen uzten, beti ere helduek lagunduta eta modu kontrolatuan. Guraso eta tutoreek kontu handia izan behar dute irtenaldi hauekin, aipatu bezala, haurrak birusaren transmisore potentzialak direlako. Baina geroz eta gehiago dira haurrei kalera irteteko baimena eskatzen dutenak; askok eta askok dagoeneko pairatzen dituzte itxialdiak eragindako sintomak, hala nola, buruko min handia, arnasa hartzeko arazoak, amesgaiztoak, tripako mina... guzti hori bizi dugun egoerak eragindako antsietate eta ezinegonaren ondorio dira. 

OBESITATEA ATE JOKA

Helduei ere eragingo die itxialdiak osasunean; adituek diotenez, bataz-beste 3-5 kilo irabaziko ditugu egoera honen ondorioz. Arrazoia argia da; alde batetik, ariketa fisikoa egiteko aukerak eskasak dira, eta bestetik, irensten dugun kaloria kopurua igo egin da nabarmen. Alkoholaren kontsumoa %57 igo da, eta irinaren kontsumoa aldiz %196. Alde batetik normala eta beharrezkoa da janariaren bitartez estresa eta antsietatea baretzea, baina joera horren aurka egiten saiatzea gomendatzen dute osasun adituek; kirolak antsietatea baretzen du janariak bezainbeste. Egunotan, beraz, ahalik eta osasuntsuen elikatzea da gomendagarriena, diabetesa eta bestelako bihotz gaitzak ekidin nahi baditugu.