[Gomendioa] 'Pedaló': bidaia nautiko surrealista euskal kostaldea zeharkatzen

[Gomendioa] 'Pedaló': bidaia nautiko surrealista euskal kostaldea zeharkatzen Konfinamenduak irauten duen bitartean Juan Palacios eibartarrak, 2016an zuzendu zuen 'Pedaló' doan igotzea erabaki du gu guztion gozamenerako. Urte horretan bertan Euskal Zinemaren Irizar Saria eraman zuen Donostiako Zinemaldian lan bitxi eta polit hau. Lau hormen artean gauden garai honetan, proposamen ezinhobea iruditzen zait euskal kostaldearen itsas brisa,pantaila txikiaren bidez bada ere, berriro sentitu ahal izateko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-pedalo-bidaia-nautiko-surrealista-euskal-kostaldea-zeharkatzen/@@download/image/Screenshot_2020-04-16 pedalo juan palacios - Google Bilaketa.png
2020/04/16

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Konfinamenduak irauten duen bitartean Juan Palacios eibartarrak, 2016an zuzendu zuen 'Pedaló' doan igotzea erabaki du gu guztion gozamenerako. Urte horretan bertan Euskal Zinemaren Irizar Saria eraman zuen Donostiako Zinemaldian lan bitxi eta polit hau. Lau hormen artean gauden garai honetan, proposamen ezinhobea iruditzen zait euskal kostaldearen itsas brisa,pantaila txikiaren bidez bada ere, berriro sentitu ahal izateko.
[Gomendioa] 'Pedaló': bidaia nautiko surrealista euskal kostaldea zeharkatzen

Leonardo Da Vincik bi pedalez higiarazitako ontzi baten marrazkiak egin arren, Pedalontziaren asmatzailea,  Ramon Barea Mendizabal donostiarra izan zen. Honek 1893 urtean, ibilgailua patentatu, 1895ean Kontxako badian probatu eta 1900eko Erakusketa Unibertsalean aurkeztu zuen.

125 urte beranduago, Juan Palacios Eibartarrak, artefaktu berdina hartu eta Ramon-ek zeharkatu zituen ur horietan, Jon, Joseba eta Eneko ipini ditu. Kasu honetan, Internet bidez pedalo bat erosi ostean, Biarritzetik Bilbora abiatuko dira 20 egun iraungo dituen bidaia zoro batean.  Zoroa bai, baina baita dibertigarria eta freskoa ere. Baliteke bai, une batzuetan plano trakets, desfokuratu eta apur bat itsusiak ikustea, bai. Ala off-ahotsaren erabilera batzuetan esplikatiboegia izatea. Ala Juan “ametsetan” dagoenean ikus ditzakegun hiri desberdinetako irudi horiek, apur bat soberan egotea. Ala ontzia bakarrik ez,  batzuetan istorioa bera noraezean sentitzea. Baliteke. Baina hainbeste gozatu dut eta batez ere, hainbeste gauza erakutsi dizkit lan honek, aurreko argudio negatibo guzti horiek pikutara bidaliko ditudala. Bai, “sea-movie” zentzugabe-zentzudun honen barruan murgiltzea zoragarria delako eta batez ere, ekoizpen batean bilatzen ditudan hainbat faktore soberan gainditu dituelako.

Lehenik eta behin,  oso gutxirekin, ekoizpen berezi, polit eta desberdin bat egin daitekeela frogatu digute, aurreikuspen guztiak gaindituz eta zailena, gehiago ikusteko gogoa piztuz.  "Bainujantziz, ukelelez eta kanaberaz horniturik, euskal kostaldea zeharkatuko dute lehenago inork egin ez duen bezala". Hori da hasieran “saltzen” duten premisa eta hori da ikusiko duzuna.

Muntaia lan bikainari esker, ikuslea trama nagusitik atera dezakeen une surrealista guzti horiek,  logika baten eremuan mugitzen dira une oro. 2004 urtean Wes Anderson zuzendari Estatu Batuarrak egin bezala, Palacios-ek, bere erara, Life Aquatic Pedalo moduko bat egitea lortu du. Copenhague-ko bere ordenagailuan zituen ehunka bideoekin, collage paregabe bat eginez eta garrantzitsuena, koherentzia horretatik atera gabe.

Zineman, pertsonaiek izan beharko luketen pisua eta garrantzia nolakoa izan behar den ere erakutsi digu. Bai, pedaloa bera baina garrantzitsuagoak, Jon, Joseba eta Eneko direlako. Tira eta Jonen aitona. Eta Xaman-fisioterapeuta-ez-erretzaile zoragarri hori eta Larraitz…2016ko Zinemaldian, Zinemira Saria irabazi zuen ekoizpen honen arrakastaren sekretua hor egon liteke. Protagonisten nortasunari askatasun osoa ematea eta  inprobisaziotik jaiotako momentu errepikaezin horiei, etekin ikaragarria ateratzen jakin izan duela.

Esaldi batek dio bidaia bera baino, benetan gozagarria dena, bidaia hori prestatzea dela”. Kasu honetan ez nago batere ados.  Pedalo filmetik,  bidaia bera baita gehien gozatu dudana.  Ezinezkoa begirada pantailatik kentzea, Josebaren belauna osorik iritsiko den ala ez jakin arte. Eneko, Larraitzen deia jasoko ote duen eta jakina, Jon-en aitonaren argazkia, bidaiaren helmuga ezagutuko ote zuen.

 

Hementxe doan ikusteko aukera