Animaliekin bizitzearen hamar abantaila

Animaliekin bizitzearen hamar abantaila Etxean animaliak izateak onurak izaten ditu gugan eta gure osasunean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/animaliekin-bizitzearen-hamar-abantaila/@@download/image/pexels-ingewallu-177809.jpg
2025/10/13

Testua: Maitane Legarreta

Etxean animaliak izateak onurak izaten ditu gugan eta gure osasunean.
Animaliekin bizitzearen hamar abantaila

Etxean animaliak izatea aintzat hartzeko moduko ardura da eta ondo zaindu behar dira, baina haiengandik ere asko jasotzen da. Gainera, ikerketen eta adituen arabera, hainbat onura ditu inguruan animaliak izateak, batez ere txakurrak edo katuak direnean. Hauek dira animaliekin bizitzearen abantailak:

  1. Gaitasun kognitiboen galera geldoagoa
    Ginebrako unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera, katuekin eta txakurrekin bizitzeak narriadura kognitiboa motelagoa izatea eragin dezake. Ikerketaren emaitzen arabera, katuekin bizi zirenek hitz-jarioan izandako galera motelagoa izan zen. Horretaz gain, txakurrekin bizi direnek memoria zorrotzagoa izan ohi dute, bai epe motzekoa eta baita luzekoa ere.
  2. Estresa eta antsietatea murriztea
    Txakur edo katu bat laztantzeak oxitozina eragiten du, ongizatearekin eta lasaitasunarekin loturiko hormona. Animaliekin bizi direnek kortisol, estresaren hormona, maila baxuagoa izaten dute haiekin hartu-emana izandakoan. 
  3. Osasun mentala hobetzea
    Bakardade edo depresio egoeretan babes emozionala eman dezakete. Animaliak dituen jendeak sarritan aipatzen du harreman sakonak eraikitzen direla haiekin, ez direla bakarrik sentitzen, eta alaitasuna ematen dietela. Izan ere, animaliekin terapiak egin ohi dira antsietatea edo trauma ondoko estresa duten pertsonekin, zein jende helduarekin, autoestimua handitu eta bizitza-kalitatea ontzen duelako.
  4. Ariketa fisikoa egitea
    Txakurrak atera egin behar izaten direnez, egunero ibiltzera joateko aitzakia ematen dute. Gainera, batzuk, txakurrekin batera egiten dute kirola, korrika esaterako. Michiganeko unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera, maskotekin paseatzera ateratzen direnek animaliarik ez dutenek baino denbora gehiago igarotzen dute egunean ariketa fisikoa egiten, 30 minutu gehiago hain zuzen ere.


  5. Gure denbora antolatzea
    Errutina behar izaten dugu egunerokoan funtzionatu ahal izateko, eta seguru sentitzeko. Animalia etxean izanez gero, guk emango diogu errutina animaliari, eta, aldi berean, gure denbora egituratuko dugu. 
  6. Erantzukizuna hartzea
    Gure beharra duen izaki bizidun bat izateak arduratsuak eta baliagarriak garela sentiarazten digu. Honek berebiziko garrantzia izan lezake umeen kasuan. Gainera, pazientzia eta enpatia ere garatu daiteke haiei esker.
  7. Gure emozioak erakusten ikastea
    Animaliek maitasun handia ematen dute eta, horrekin lotuta, gizakioi ere gure emozioak adierazteko aukera ematen digu, maitasuna esaterako.
  8. Sozializatzea
    Animaliak besteekin hitz egiteko gaia eman dezake, eta baita jendea ezagutu eta lagunak egiteko ere. Parkera ateratzean edo kirola egitean animalia zaleak diren pertsona gehiago ezagutu daitezke eta gure inguruko lagun-taldea zabaltzen lagun dezake. Era berean, familia artekoen edo etxekoen arteko harremanak ere sendotu ditzake.
  9. Sistema immunea indartzea
    Katuekin edo txakurrekin hazten diren haurrek sistema immune indartsuagoa izaten omen dute, eta alergiak edota asma izateko joera txikiagoa. 
  10. Segurtasuna eta babesa
    Txakurrak askotan etxea zaintzen laguntzen dute eta lasaitasuna ematen dute. Alarma modura ere jokatzen du zenbaitek. Horretaz gain, badira bizikideen gaixotasun edo gaitzekin laguntzen dutenak ere.