Hiru gaztek etxebizitza lortzeko duten arazoa umore absurduarekin uztartzen duen telesaila estreinatuko dute gaur Primeran plataforman

Hiru gaztek etxebizitza lortzeko duten arazoa umore absurduarekin uztartzen duen telesaila estreinatuko dute gaur Primeran plataforman Lau atal izango dira guztira, eta unibertsitatea amaitzear dauden hiru neskek etxebizitzarekin dituzten gorabeherak ditu ardatz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hiru-gaztek-etxebizitza-lortzeko-duten-arazoa-umore-absurduarekin-uztartzen-duen-telesaila-estreinatuko-dute-gaur-primeran-plataforman/@@download/image/CAP01-2.jpg
2026/11/13

Testua: Maitane Legarreta

Lau atal izango dira guztira, eta unibertsitatea amaitzear dauden hiru neskek etxebizitzarekin dituzten gorabeherak ditu ardatz.
Hiru gaztek etxebizitza lortzeko duten arazoa umore absurduarekin uztartzen duen telesaila estreinatuko dute gaur Primeran plataforman

Gaur gauean Nitya Lopezek eta Alba Lozanok sortu eta zuzendutako Aloka(h)iru telesaila estreinatuko dute Primeran plataforman. Lau atalez osatutako komedia da, eta gazteek etxebizitza eskuratzeko duten arazoari heltzen dio, umore absurdoa erabilita. Garazi, Nerea eta Maider protagonistak unibertsitatea amaitzear daude eta ustekabeko albiste bat jasoko dute: etxejabea hil egin da, eta hilabeteko epea dute etxea uzteko.

Lorea Intxausti, Izaro Nieto eta Nerea Sanz dira telesaileko protagonisten larruan jarri diren aktoreak. Garazi, Nerea eta Maider Bilboko Alde Zaharrean pisua partekatzen duten hiru lagun dira, eta edozer egiteko prest daude etxeko jabeak etxetik bota ez ditzan. Hilabete dute etxetik alde egiteko, etxejabearen semeak etxebizitza oinordetzan jaso eta pisu turistiko bihurtu nahi baitu. Alokairu eskuragarririk aurkitu ezin dutenez, etxean hiru negozio klandestino abiaraztea erabakiko dute: asmatutako bisita turistikoak, hondamendi hutsa den ihes-gela bat, eta Tinder bidez ezagututako bikoteei alokatutako logela bat. Gezurren, ustekabeko bezeroen eta egoera zentzugabeen artean, beren etxea salbatzea abentura bihurtuko da.

Nytya Lopez eta Alba Lozano sortzaileen hitzetan, "zuzenean eragiten gaituen komedia da, egunero bizi dugun errealitate batetik abiatzen delako. Etxebizitzaren krisiari umorearen bidez hitz egiteko beharretik sortu da telesaila, egoeraren zentzugabekeriari aurre egiteko modu bakarra baita. Lehen trantsizio-etapa bat zena —ikasle garaian pisua partekatzea— baldintza iraunkor bihurtu da askorentzat, eta testuinguru horretan sortu da gure istorioa. Pisu partekatuetako adiskidetasuna bakarra da. Lau horma horien barruan soilik sortzen den harreman mota bat da, eta elkarbizitza amaitzen denean, eraldatu egiten da. Istorio hau kontatu nahi genuen gertutik ukitzen gaituelako, gu ere pisu horietan bizi izan garelako, ziurgabetasunezko gau horiek eta, dena gainbehera doala dirudien arren, lagunak ondoan izanez gero pixka bat gehiago eutsi diezaiokezula sentitzen duzun une horiek bizi izan ditugulako".

Bilboko Alde Zaharrean kokatuta dago istorioa, eta egoera zentzugabeak, kritika soziala eta adiskidetasun harremanei buruzko begirada uztartzen ditu.

Gaur gauean, 22:00etatik aurrera, ikusi ahal izango da Primeran plataforman. 24 minutuko iraupena duten lau atal izango dira guztira.