Ze plan asteburua etxean igarotzeko?

Ze plan asteburua etxean igarotzeko? Jarraian, sofatik altxatzeko beharrik gabe gozatzeko planik onenak! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-asteburua-etxean-igarotzeko/@@download/image/zeplan_home koronabirus.jpg
2020/03/13
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Jarraian, sofatik altxatzeko beharrik gabe gozatzeko planik onenak!
Ze plan asteburua etxean igarotzeko?

GAZTEZULO ONLINE

Irakurtzeko aukera ezin hobeagoa eskaintzen du koarentenak; zergatik ez hasi GAZTEZULOrekin? Harpidetu eta 30 eurotxoren truke PAPEREZKO aldizkaria jasoko duzu eta 47 aldizkari DIGITALEAN deskargatzeko aukera izango duzu, tabletan edo mugikorrean eroso irakurtzeko ! https://gaztezulo.eus/harpidetu

FILMIN EUSKARAZ

Euskaraz sortu, euskarara bikoiztu edo euskaraz azpidatzitako lanak eskura dituzue; hemendik aurrera, www.filmin.es/canal/filmin-euskaraz helbidean 40 film eta dokumental ikusteko aukera izango da FILMIN-en.

Pixkanaka pelikula zerrenda zabaltzea da asmoa, baina bitartean hauek dira plataforman topatuko dituzuen lanak: Koldo Almandozen Oreina, Telmo Esnalen Dantza, Roberto Castonen Ander, eta Jon Garañoren eta Jose Mari Goenagaren Loreak aurki daitezke, baita Asier Altunaren eta Telmo Esnalen Agur, Etxebeste. Dokumentalen artean, Oier Aranzabalen Margolaria, Josu Martinezen Jainkoak ez dit barkatzen edota Gure Oroitzapenak  aurkituko dituzue, Joseba Sarrionandiaren obran oinarritutako filma.

 

ATAUN OF THE DEATH TRILOGIA

Xabier Padin eta Beñat Iturrioz-ek zonbiak euskaldundu zituzten trilogia dibertigarri batean. Argi dago ez duela The Walking Dead-en aurrekonturik, bai ordea irribarrea aterako dizuten ideia bikain pila. Gutxirekin trilogia ederra sortu dute, eta hori baloratuz film bakoitzean barneratzeko gai bazara oso gomendagarriak diren hiru istorio ezin originalagoz gozatzeko aukera izango duzu. Gainera, zonbien bidez gure historia eta honek eman dituen pertsona esanguratsuak ezagutzeko parada izango du ikusleak.

LIBURUAK

Milaka dira gomendatu ditzakegun liburuak, eta gure kuttunak ezagutzeko GAZTEZULO aldizkariko PUTURRU DEFUA eta LUMAZAIN atalak irakurtzea gomendatzen dizuegu. Dena den, ez galdu ere 2020an irakurtzeko liburu feministak: 

2020AN IRAKURTZEKO LIBURU FEMINISTAK

 

MUSIKA

Eta oraindik gure kuttunak ezagutzeko GAZTEZULO aldizkariko PUTURRU DEFUA irakurri ez baduzu, zeren zain zaude? Bitartean, webgunean egindako azken gomendioen zerrenda:

- KEROBIA: Lehengoan txio herrian norbaitek galdetzen zuen ea nor zen euskal talde azpibaloratuena. Erantzunen artean Kerobia azaldu zen... poztu egin nintzen hori pentsatzen ez duen bakarra ez naizelako... JARRAITU IRAKURTZEN.

- Ty Segall - "Manipulator": Nondik hasi Ty Segall-en ibilbidea aipatzerakoan? Nik jada galdu dut argitaratu dituen diskoen kopurua. Urtero ez bat, baizik eta bi edo hiru disko argitaratzen dituen artista ipurterrea baita Kaliforniakoa, ahaztu gabe dituen beste hamaika talde eta proiektu, noski... JARRAITU IRAKURTZEN.

- LORDE - "Melodrama": Etxean egindako festa bat aitzakia hartuz, Zeelanda Berrikoak maitemintzeaz eta desamodioaz hitz egiten digula dirudi, hasiera batean bederen, barne bidaia ezin ederragoan... JARRAITU IRAKURTZEN.

- Negu Gorriak taldearen azken kontzertua oso-osorik ikusgai: Orain dela 19 urte, hain justu otsailaren 25ean eman zuen Negu Gorriak taldeak bere azken kontzertua Donostiako belodromoan. Kontzertu gogoangarri hura biltzen duen dokumentala aurkitu daiteke sarean doan... JARRAITU IRAKURTZEN.

 

TELESAILAK

Gaizka Izagirrek honako telesailak gomendatzen ditu asteburu honetarako:

YEARS & YEARS: Hartu irabiagailu bat eta sartu: Black Mirror telesailaren xafla batzuk, Sense8-en eta This is Us-en pertsonaien mamia, drama, umore beltza eta distopia esentzia apur bat. Alexa, Brexita, transhumanismoa, errefuxiatuak, gidoi biraketa harrigarriak eta erritmo frenetikoa. Guztia ongi nahastu. Emaitza, HBOn ikusgai daukazun Years & Years telesaila. A ze harribitxia!
Non ikusi? HBO.

DARK: Alemaniako herrixka batean gertatzen da trama nagusia, ikuspuntu eta atmosfera askoz ilunagoarekin eta lau denbora (oraingoz behintzat) tarte erabiliz (1952-1986-2019-2052), bi umeren desagerpen (hasiera batean behintzat) misteriotsua azalduko duen istorio bikaina eta harrigarria. Ohar garrantzitsua: kalkulagailua, boligrafoa eta koadernoa gertu izan, une askotan nahasmenean erortzeko arriskua izango baituzu. 
Non ikusi? Netflix.

FLEABAG: Zer nolako bigarren denboraldia! Lehen denboraldiak harritu bagintuen, iaz estreinatuzutena sekulako harribitxia iruditu zait.  Ez ahaztu izen hau: Phoebe Waller-Bridge. Fleabag telesailaren gidoilari eta protagonistak,  urteko umorezko telesail desberdin, garratz eta lotsagabeena estreinatzeaz gain, azkenaldian ikusi dugun emakumezko pertsonaia harrigarriena sortzearen meritua baitauka. Edinburgo hiriko antzezlan independente batean oinarrituriko telesail honek, 30 urte inguru dituen Fleabag-en istorioa kontatzen digu. Oinarritzen den antzerki horretan, bizitzari, sexualitateari eta erlazioei zentzua bilatzen zien emakume baten bakarrizketa ikus zitekeen. Telesailean aldiz, bere egunerokoan, sexu harremanak mantentzea, lehentasun handienetarikoa bilakatu den emakume -hartu arnasa-  zoro, lotsagabe, suntsitzaile, berekoi, perbertitu, ziniko, kaotiko, heldugabe eta batez ere dibertigarria aurkezten digute. Izaera hori, azken urteetan, Louie, Love, Girls edo  Catastrophe telesailetan ikusi dugun antzeko umorearekin nahastean, ekoizpen beltz, garratz eta hainbat uneetan deseroso batean bilakatzea lortu dute. Epel uzten ez duen horietakoa azken finean.
Non ikusi? Amazon.