Tinder euskaraz jar dezakezu!

Tinderreko interfazea euskaraz jartzeko zain bazeunden, oraintxe duzu aukera! Hamaika hizkuntza gehitu berri ditu Tinderrek, tartean euskara. Gaur-gaurkoz 60 hizkuntzatan erabil daiteke beraz.
Euskaraz gain, honako hizkuntza hauek ere badira orain: albaniera, azerbaijanera, bosniera, birmaniera, galiziera, khmerrera, laosera, georgiera, mazedoniera eta swahilia. Hortaz, hemendik aurrera jende gehiagok erabili ahal izango du Tinder haien ama hizkuntzan.
Webean hizkuntza aldatzeko, profilean klikatu, hizkuntza sakatu eta euskara hautatu behar da. Aplikazioan ez dago hizkuntza aldatzeko aukerarik ordea. Gailuaren sistemak aplikaziorako duen hizkuntzaren araberakoa izango da erabilera.
Tinderrekoek azaldu dutenez, inklusioa eta berdintasun linguistikoa sustatu nahi dute: "Hizkuntza oso gauza pertsonala da: gauzak nola adierazten ditugun, besteekin nola konektatzen dugun eta aitortuak nola sentitzen garen baldintzatzen du. Tinderri euskara gehitzean, erabiltzaile gehiagok esperientzia hau benetakotasunez eta beren ahotsean bizi dezaten laguntzen dugu".
Tinderrek emandako datuen arabera, aplikazioa 630 milioi alditan baino gehiagotan jaitsi dute, eta 100.000 milioi match baino gehiago izan dira. Hilean 50 milioi erabiltzaile izaten ditu 190 herrialdetan.