[Gomendioa] Ty Segall - "Manipulator"

[Gomendioa] Ty Segall - "Manipulator" Nondik hasi Ty Segall-en ibilbidea aipatzerakoan? Nik jada galdu dut argitaratu dituen diskoen kopurua. Urtero ez bat, baizik eta bi edo hiru disko argitaratzen dituen artista ipurterrea baita Kaliforniakoa, ahaztu gabe dituen beste hamaika talde eta proiektu, noski. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-ty-segall-manipulator/@@download/image/580045732.jpg
2020/02/25

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Nondik hasi Ty Segall-en ibilbidea aipatzerakoan? Nik jada galdu dut argitaratu dituen diskoen kopurua. Urtero ez bat, baizik eta bi edo hiru disko argitaratzen dituen artista ipurterrea baita Kaliforniakoa, ahaztu gabe dituen beste hamaika talde eta proiektu, noski.
[Gomendioa] Ty Segall - "Manipulator"

Bere ibilbidearen laburpena bera ere luze geratuko litzaidake. Horregatik, ulertuko duzuelakoan, nire etxean zein autoan gehien entzun den Segall-en disko bat gomendatzera nator, ondoren gustatu bazaizue zuen esku amerikarraren unibertsoan gehiago murgiltzea. Manipulator da diskoa eta esan behar dut Segall-ek Donostiako Intxaurrondon eman zuen kontzertu baten ostean eskuratu nuela, itsu-itsuan aurretik lan honetako abesti bakar bat entzun gabe.

Izan ere, lagun batek gonbidatu ninduen kontzertura eta planik gabeko astegun buruzuri bat gau magiko bilakatu zen niretzat. Ty Segall izena ezaguna zitzaidan, musikaren inguruko aldizkari eta atari digitaletan topatua nintzen berarekin, baina ez nuen sekula entzuna.

Baina kontzertu bat beti plan on bat denez baiezkoa eman nion abesti bakar bat ezagutu gabe... eta hura gozamena! Aretoa gainezka zegoen, baita emozioz ere eta Segall-ek horri erantzuten jakin zuten. Pasioa eta rocka parez pare, publikoa saltoka izerditan blai eta ni galdezka: nola ez dut orain arte bere musika entzun?

Beraz, ulertuko duzuen bezala, kontzertua bukatu eta berehala mertxan postura hurbildu nintzen diru-zorroa eskuan nire aurrezki guztiak uzteko prest beharrezkoa baldin bazen, bere disko bat eskuratu eta horrekin eman zuen kontzertutzarra eskertzeko.

Manipulator diskoaren azalera joan zitzaidan begirada, ez galdetu zergatik baina azalak Kyuss-en musika gogorarazi zidan, beharbada kolore gorri eta eguzki printza horiek izango ziren. Kasua da, nire buruko konexio arraro horri esker sekulako diskotzarra besartean joan nintzela etxera.

Hasteko aipatu, egun horren gutxi dugun denbora beharko duzula Manipulator entzuteko, 17 abestiz osatzen baita diskoa. 2014an, disko hau atera zenean, Segall-ek 27 urte zituen eta jada erreferente bat zen punk-garage garaikidean. Aurretik disko akustiko bat aterea zuen (Sleeper) oso kritika onekin eta baita psikodeliaz gainezka zegoen Slaughterhouse ere. Beraz, belarri asko zeuden lan honen esperoan. Emaitza ziur ez zela guztiak asebetetzeko lain izan, baina diskoa bere horretan hartzen badugu riff indartsuak, kalitatezko abestiak eta musikarekiko pasioa topatuko ditugu.

Disko honetan aurretik ukitutako estilo guztiak barne hartzen dira: rock britainiarra, glam rocka, garage-punka, distortsioa... baina guztia zainduagoa dagoela dirudi oraingoan. Disko honetan Segall-ek berak jo zituen diskoko instrumentu guztiak abesti bat kenduta.

Bere hastapenetan zuen lo-fi soinu zikina baztertuagoak uzten ditu, eta nolabait disko “profesionalagoa” da. Diskoan zehar ez ditu 60. hamarkadako rockaren eta psikodeliaren eraginak ezkutatzen, oinarri garage-a duten abestietan. Power pop ukitua duten abestiak ere badaude, garunean berehala itsasten diren horietakoak (It's over) edo Bowie beraren eragina The Singer bezalako abestietan. Abesti bat nabarmendu beharko banu Feel abestia azpimarratuko nuke. Indartsua da, dantzagarria eta dibertigarria, Segall hobekien definitzen duten hiru kontzeptuak bateratzen ditu.

 

Abesti bakoitzaren ordena ere ondo pentsatua dago lan osoaren oreka ez hausteko. Kantu oldarkorrak, akustikoagoekin nahastuak, riff pisutsuak eta baxu zoragarria. The hand abestiak ederki islatzen du disko honetako soinu aniztasuna, errusiar mendia bailitzan, aldaketa ugari baititu minutu bakoitzean.

Segall-en magia, soinu “zaharra” jorratu arren garaikideak diruditen abestiak sortzean datza. Horri, zuzenean taldeak duen indarra gehitzen badiozu, gehiago eskatzerik ba al dago? Bada bai, eta hori Segall-en beste talde bikaina da Fuzz deitutakoa, baina horretaz beste egun batean hitz egingo dizuet...