[Gomendioa] Lorde – "Melodrama"

[Gomendioa] Lorde – "Melodrama" Etxean egindako festa bat aitzakia hartuz, Zeelanda Berrikoak maitemintzeaz eta desamodioaz hitz egiten digula dirudi, hasiera batean bederen, barne bidaia ezin ederragoan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-lorde-2013-melodrama/@@download/image/Lorde-1012x675.jpg
2020/01/29

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Etxean egindako festa bat aitzakia hartuz, Zeelanda Berrikoak maitemintzeaz eta desamodioaz hitz egiten digula dirudi, hasiera batean bederen, barne bidaia ezin ederragoan.
[Gomendioa] Lorde – "Melodrama"

Alta, batez ere gaztetasunaz hitz egiten digu, nerabezaroko beldurrez eta kezkez, baina baita berriz itzuliko ez den etapa hori bizitzeaz ere, izan bikotean edo bakarka. Izan ere, Liability abestian argi uzten du zaindu eta maitatu behar dugun lehen pertsona gure burua dela, sekula izango dugun harremanik luzeena.

Batzuk entzun eta berehala pentsatuko duzue pop itsaskorra besterik ez dela, horrenbeste aldiz errepikatutako formulak kopiatzen dituen beste gaztetxo bat. Aurreiritziak apur batez eranzteko gai bazara ordea, detaile txikiz osatutako lan erraldoia topatuko duzu eta zure harridurarako pop itsaskorrak ere hunkitu zaitzakeela ohartuko zara.

Lorde izenaren atzean ezkutatzen den Ella Marija Lani Yelich-O'Connor gazteak 20 urte besterik ez zituen disko hau sortzen hasi zenean eta bere aurreko diskoaren (Pure Heroine, 2013) arrakasta berdintzeko presioa zuen gainean. Jada ez zen lehen diskoko 16 urteko nerabea eta ederki islatzen du hori Melodrama (2017) diskoak, nerabezarotik helduarorako trantsizioa azaltzen baitu munduan bere txokoa bilatzeko gogoz dagoen Lordek.

Green light da lehen abestia, eta bihotza hautsi diotela ohartarazten digu. Desamodioa aitzakiatzat hartuz norbere buruarekin bakarrik gustura sentitzera iristeaz dihardu diskoak, eta aipatutako Liability abesti ezin pertsonalagoan erabat argi uzten du hori irudi eder batekin: bere burua hirugarren pertsonan irudikatzen du etxean bakarrik dantzan ari dela, momentu ezin intimoagoan.

Guztia nahita esajeratutako dramarekin, diskoak Melodrama izena izateak badu ere ironia puntua, esan nahiko baligu bezala hauek lehen munduko arazo hutsalak direla. Parranda baten ostean, eguna argitzen ari dela egiten dugun etxera bidearen antzekoa da diskoa, gaua eta egunaren, edota euforia eta lotsaren, tarte horretan mantenduz entzulea etengabe. Horrela, Sober abestian galdetzen du zer egingo dugun mozkorrak ez gaudenean, galdera honekin nerabezarotik helduarorako saltoan agertzen diren konplexuak, beldurrak, ziurgabetasuna eta kezkak azaleratuz.

Arlo musikalean berriz, beldur eta kezka guzti hauen irudikapen musikala bailiran, hainbat detaile sotil agertzen dira: tronpetak, distortsionatutako ahotsak puntu ilun eta maltzur bat emanez diskoari... guztiak melodiaren mesedetan. Dance ukitua izan dezakete abesti batzuk, Green light kasu, baina inoiz ez dira guztiz lehertzen, diskoaren barnerakoi joera nabarmenduz. Horren adibide ederra da The Louvre abestian bere bihotz taupadak erabiltzea abestiaren leloaren erritmoa markatzeko, spoke word estilo modukoan, diskoaren gakoak ezagutzera emanez: Megaphone to my chest / broadcast the boom, boom, boom, boom / and make’em all dance to it (megafonoa nire bularrean / boom, boom, boom, boom-a transmititzen / eta guztiak dantzan jartzen).

Liability abestiak diskoaren norantza ezberdinak banatuko balitu moduan, diskoaren bigarren zatia are barnerakoiagoari ongi etorria ematen dio erritmo dantzagarrienak apur bat alboratuz. Bertan aurkitzen den Writer In The Dark abestian Lorde-k erregistro bokal klasikoak erabiltzen ditu, bere ohiko xuxurla iradokitzaileak oihukatutako sentimenduengatik ordezkatuz. Izan ere, diskoko soinu eta ahots guztiak mezuaren mesedetan daude, ez dago deus apaintzeko jarrita, eta hortxe dago lan honen balorea.

Eta azkenik Perfect Places kantura iristen gara. Honek ixten du lan aberats hau desamodioa gaindituz, norberaren zaurgarritasuna onartuz eta maitasuna aldarrikatuz. Hemen jada Lorde ohartu da horretaz eta beldurrik gabe dantzan dabil, bakarrik, bere buruaz gozatuz: All the nights spent off our faces / trying to find these perfect places / What the fuck are perfect places anyway? (Gure aurpegiak higatu dituzten gau guzti horiek / leku perfektuak aurkitu nahian / dena dela, zer hostia dira leku perfektuak?).

Lehen munduaren melodrama ezdeusa entzungai: leku perfekturik ez dago, baina bai hau bezalako disko bikainak bertan galtzeko.