'Plogging'-a: korrika eta ekologia uztartzen dituen jarduera
Ariketa fisikoa egin eta kaleetako zaborra biltzeko jarduera aproposa da plogging-a. Joera honen abiapuntua 2016an izan zen, Suedian. Erik Ahlström korrika ibiltzen zen Stockholmen eta zaborra biltzen hasi zen bere irteeretan. Hain zuzen ere, Plogging terminoak “plocka upp” (bildu) eta “jogga” (korrika) hitzak biltzen ditu bere baitan.
Antolatutako jarduera bilakatu zen Suedian, eta denboraren poderioz, beste herrialdeetara ere zabaldu zen. Hori dela eta, komunikabideetan eta sareetan, korrikalariak eskularruak soinean eta poltsa eskuan dituztela ikus ditzakegu. Osasuna, jasangarritasuna eta komunitate jarduera uztartzen dituzte.
Ez dago kirolari amorratua izan beharrik honetarako. Norbere erritmora egin daiteke, bakarrik edo taldean eta tokiak ere askotarikoak izan daitezke: etxe ondoko parkea, hiriko guneak, hondartza... Gorputza mugitu eta bazterrak garbiago uztea izaten da kontua.
Zenbait lasterketa ezagunetan ere egiten diote tokia, hala nola New Yorkeko maratoian. Korrikalari taldeek ibilbide motzagoak egiten dituzte, kaleetako zaborra biltzen duten bitartean.
Jarduera honek gorputzarentzako abantailak ditu gainera. Korrika egitearen ariketa aerobikoaz gain, makurtu, altxa eta jasotakoa eramateak ere jarduera fisikoa handitzen du. Hala, gorputza modu osoagoan lantzen da eta erresistentzia aerobikoa handitzeko, gantza erretzeko eta giharrak eta hezurrak indartzeko balio du. Eta, aldi berean, baita lurreko zaborra murrizten ere.
Erakargarria iruditzen bazaizu, lehenengo ibilbidea planifikatzea izango duzu onena. Hasiberrientzat onena ibilbide labur eta erreza aukeratzea da, etxetik gertu edo parke batean. Are hobea izaten da, gainera, beste batzuekin batera eginez gero, jarraikortasuna eman ahal izateko eta esperientzia partekatzeko.
