Lurdes Iriondori buruzko dokumentala estreinatuko dute ostiralean ETB1-EN
Lurdes Iriondok ekarpen nabarmena egin zion euskal kulturari, baina emakume askorekin gertatzen den moduan, itzalpean geratu da hark egindako lana. Ez Dok Amairuko kide izan zen Iriondo ere, baina, esaterako, Xabier Lete, Mikel Laboa, eta Benito Lertxundiren izenak eta kantuak berarenak baino askoz gehiago entzun ditugu. Kantuak ez ezik, haurrentzako liburuak eta antzerkiak ere sortu zituen. "Euskal Herriaren nobia", "Joan Baez euskalduna" eta "Ez Dok Amairuren musa" deitu izan zaio, estereotipoei heldu eta gainerakoa ahaztuta.
Inge Mendioroz Ibañezek (Andoain, 1973) egindako Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentalak Lurdes Iriondoren lana erakustea du xede, baina beste hainbat gai jorratzeko aukera ere eman dio egileari: emakumearen papera gure historian, erreferenteen beharra norberaren identitatea sortzeko… Hainbat galdera ere sortu zaizkio prozesuan: "Zer arrazoi egon liteke hark egindako lan handia ez ezagutzeko? Nahita ala nahi gabe ezabatu, ezkutatu eta isildu al da?".
Hainbat lagun elkarrizketatu dituzte dokumentalean: Koro Berasategi Iriondo, Maite Idirin Solatxi, Mariasun Landa Etxebeste,
Patxika Erramuzpe Alfaro, Amagoia Mujika Tolaretxipi, Agurtzane Intxaurraga Etxebarria, Jule Goikoetxea Mentxaka eta Ana Guadalupe Fernandez Bilbao.
Idoia Garzes Aldazabal idazlearena da gidoia, eta Haritz Arrizabalaga Garmendia aritu da argazki-zuzendaritza lanetan. Koldo Corella Ugalde arduratu da soinu-diseinuaz, eta Inge Mendioroz zuzendariak berak egin du muntaia lana. Musika, berriz, Maite Arroitajauregi Mursego-rena da.
Filmak73. Donostia Zinemaldian izan zen, Zinemira sailean, eta iaz estreinatu zen hegoaldean. Iparraldean, berriz, aurten ari dira zabaltzen.
Orain, ETB1en ikusi ahal izango dugu, apirilaren 3an, 22:10 aldera. Aurrez, Franck Dolosor kazetari lapurtarraren Estitxu dokumentala emango dute, 21:05etik aurrera. Beskoitzen sortu zen Estitxu kantari aitzindariaren inguruko lana da. Ondoren, berriz, 23:25 aldera, Maite Idirin kantariari buruzko 6 Argazkitan saioa emango dute.
