2020an irakurtzeko liburu feministak

2020an irakurtzeko liburu feministak Feminismoak zerbait erakutsi baldin badit izan da lehen politikotzat ez nituen gaiak ere politikoak direla. Hain justu, horiek direla batez ere politikoak: maitasuna, gurasotasuna, egunerokotasuna, heriotza... ekintza oro politikoa dela finean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/2020an-irakurtzeko-liburu-feministak/@@download/image/lead_720_405.jpg
2020/01/17

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Feminismoak zerbait erakutsi baldin badit izan da lehen politikotzat ez nituen gaiak ere politikoak direla. Hain justu, horiek direla batez ere politikoak: maitasuna, gurasotasuna, egunerokotasuna, heriotza... ekintza oro politikoa dela finean.
2020an irakurtzeko liburu feministak

Mundu ikuspegi hau eta bestelakoak erakutsi izan dizkit literaturak eta azken urteetan feminismoaren mugimendua indarra hartzen ari denez bada garaia emakumezko idazleek esateko dutena irakurtzen jartzekoa. Hemen gomendio batzuk:

Permafrost, Eva Baltasar
“Feminitatea aldarrikatzen du poro guztietatik: burua kaskamotz eta ile-hori, berriki depilatutako alua bezala, begiak izotz hautsia bezalakoak, bular luze eta konstanteak atsedenean dauden mihiak dirudite. Bere mihia aldiz beste pertsona bat zen, nire plazeraren esklabo”. Horrelaxe idazten du Permafrost-eko protagonistak. Eva Baltasar poeta katalanaren lehen nobela da hauxe. Bertan, lesbiana gazte baten bizitzako zenbait momentu narratzen ditu. Protagonista oso sentsuala da eta umoretsua. Hori bai, ez dago maitemintzeko prest. Ez soilik maitasun erromantikoa, baizik eta maitasuna bere horretan sartzen den edozein arrakala isten saiatzen da. Berak bere burua lurrazpiko beti izoztuta dagoen geruza bat bezala irudikatzen du. Liburuko kapitulu bakoitza urtzen den gune bat da, bere zentroa den pentsaezinezko samurtasunera hurbilduz.

Le Cœur à rire et à pleurer: contes vrais de mon enfance, Maryse Condé
Condé Guadalupe irlakoa da. Haurtzaroan behartuta joaten zen bere gurasoekin Frantzia kolonilazitzailearen plazara, hauek miretsi egiten baitzituzten eta bertakoa errefusatu. Bertan, neskato ile-hori bat ezagutu zuen eta zenbait arratsaldez haur hark jipoitua izan zen, denek ezikusiarena egin zutelarik. “Merezi duzu beltza izateagatik” zioen umeak. Oroitzapen horretatik abiatuz Condé idazleak bere lurrak dituen, eta oraindik orbaindu gabe dauden, aitzinako gorroto eta beldurrak biltzen ditu. Memoria autobiografiko honek 2018an “Nobel alternatibo” saria jaso zuen.

Amek ez dute, Katixa Agirre
Nobelaren hasieran gertaera lazgarri baten berri izango du irakurleak: ama batek bere ume bikiak bainuontzian ito ditu eta umeen zaintzaileak topatu ditu ama eta bi gorpuak ohe gainean. Liburuaren protagonista erditzear dagoen emakume idazlea da, amatasunaren hastapenetan honen berri jakingo duena. Bi egoeren bateratzeak astinaldi handia emango dio,obsesionatu egingo da gaiarekin eta ikertu egin nahiko du, amatasuna ulertzeko ahaleginetan. Agirre amatasunaz zuzenki eta natural mintzatzen da. Amatasunak dakarren anbibalentzia hori azalarazten du, dakartzan alde on horiek sortzen dituzten itzalak ere aipatuz.

Ese verano a oscuras, Mariana Enriquez
Enriquez-en obran beldurgarria egunerokoarekin bizi da. 1989ko uda krisi ekonomiko baten erdian igarotzen da, argi etenekin eta azokekin. Porroak errez, musika entzunez eta serieko hiltzaileen istorioak irakurriz bizirauten dute bi neska nerabek. Egun batean euren eraikinean bizi den gizonezko batek bere emaztea eta alaba hiltzen ditu. Krimena ikusgarria eta makabroa da, eguneroko abulia estaltzen du ohartzean hiltzailea ez dela urrutiko munstro bat, egunero alai agurtzen zituen tipoa dela.

Los cuentos de Linnet Muir, Mavis Gallant
Negatiboa, etsikorra eta subertsiboa, hiru gauza horiek ezin izan zarela ohartarazi dizute. Ezta sediziogilea, lizunkoia, iluna, ironikoa, intelektuala edota oldarkorra. Linnet Muir-ek dio jarraibide horiek jaso zituela Bigarren Gerra Mundialaren garaian lanean hasi zenean. Gizonen munduan mugitu beharko du emakumezko protagonista bakarti bezain ausartak.

 

Una nena muy blanca, Mariana Komiseroff
Hiru urterekin etxeko istripu batean hiltzera bideratuta zegoen Ely. Pronostikoei aurre eginez ordea biziraun egiten du. Bere ahizpa Jésica-rekin nerabe bilakatzen da eta hainbat galdera planteatzen ditu: Zein da bere benetako ama? Non dago Verónica, bere ahizpa zaharrena? Zer egiten zion bere amaren mutil lagunak neska hari bainugelan sartzen zirenean? Eleberri hau salaketa modu bat da, non unibertso familiarrek biolentziaren oihartzun unibertsala duten.

Temporada de huracanes, Fernanda Melchor
Melchor mexikar idazleak, orain dela urte batzuk hilketa baten albiste bat irakurri zuen. Sorgintzat zuten emakume batena. Poliziak zioenez hiltzailea harrapatu zuten: bere amorante izandakoa. Gizonezko honek emakumea hil omen zuen emakumeak bere besoetara itzultzeko sorginkeria egin ziolako. Hori da eleberriaren hasiera, eta behin hasita irentsiko zaitu bere biolentzia eta gordintasunak sorginkeria bat balu bezala.

 

Auguries of innocence, Patti Smith
Patti Smith-ek ez du aurkezpenik behar, egun poesian dabil musika munduan baino gehiago sartuta eta lan hau da horren adierazgarri. Bertan, edertasuna iraultza senarekin batzen da esaldi gogoangarriz gure mundu ikuspegiak aberastuz. Aurten ekainean bere musikaz ere gozatu ahal izango da Azkena rock jaialdian.

 

Bieguni, Olga Tokarczuk
Idazle poloniarrak trama ezberdinetako eleberri bat josten du. “Ez dakigu zein punturaino den giza generoa ezberdina eta errepikaezina indibiduo bakoitzak gure gorputzak suntsipenera kondenatzen baditugu”, dio Blau taxidermistak. Tokarczuk-ek lehenengo pertsonan idatzitako narrazioak akastun fetuak bildumatzen dituztenen narrazioekin tartekatzen ditu. Ez da irakurtzeko erraza, baina merezi du esfortzuak.