Jakin non ikusi ahal izango duzun 'Dragoi Bola Super' euskaraz bihartik aurrera

Euskal Herriko hainbat haur hazi dira Dragoi Bola, Japoniako anime ezaguna, euskaraz ikasiz. Bada, bihartik aurrera, atal gehiago ikusteko aukera izango da euskaraz. Dragoi Bola Super animearen 131 atal bikoiztu dituzte euskarara, eta Primeran plataforman jartzen hasiko dira, eta baita Makusin ere.
Aurrez, urtarrilean, ETB1en emandako Dragoi Bola-ren atalak sareratu zituzten. Dragoi Bola Z iritsi zen gero, apirilean, eta orain Dragoi Bola Super-en atalen txanda izango da. Atal berri hauetan Lurra toki baketsu bihurtu dela ikusiko dute ikus-entzuleek, baina izango dira, ohiko moduan, bakea astinduko duten gertaerak.
Bikoizketa lanak Bilboko Mixer estudioetan egin dituzte. Gaizka Soriak eman dio ahotsa Gokuri; Jaione Intsaustik, Bulmari; Pello Artetxek, Freezer pertsonaiari; Julen Agirrezabalak Beerus-i, eta Josu Mitxelenak, Vegetari. Mitxelenak berak egin du bikoizketaren zuzendari lana.
Makusin eduki berriak urrian
Dragoi Bolaren atal berriez gain, Makusin bestelako edukia ere argitaratzen ari dira hilabete honetan. Go!azen-en hamabigarren denboraldiko eduki berezi eta esklusiboa partekatzen ari dira. Maitaneren eta psikologoaren eskutik, Basakabiko ikasle berriak ezagutzeko aukera izango da, fikziozko eduki horien bidez.
Gau Beltzean Mari, sorgin ehiztari itzuliko da atal berezi batekin. Zein izaki mitologikori egin beharko dio aurre gaurik beldurgarrienean? Urriaren 31n erantzungo diote galdera horri.