GAZTEZULO TOP 10: 2021EKO ALBISTERIK IRAKURRIENAK!

GAZTEZULO TOP 10: 2021EKO ALBISTERIK IRAKURRIENAK! Iaz gehien irakurritako hamar albisteak zeintzuk diren jakin nahi al duzu? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaztezulo-top-10-2021eko-albisterik-irakurrienak/@@download/image/1934f458-99ff-4c4a-b238-4c3b0dbcc346.jpeg
2022/01/12

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Iaz gehien irakurritako hamar albisteak zeintzuk diren jakin nahi al duzu?
GAZTEZULO TOP 10: 2021EKO ALBISTERIK IRAKURRIENAK!

2021a ere aurreko urtekoaren antzekoa izan da albisteen gaitegi nagusia kontuan izanda baina, lasai, gure ranking-ean ez duzu koronabirusaren inguruko albisterik topatuko eta! Bestelako gaiak dira nagusi, berri, erreportaje edo elkarrizketekin osatutako zerrenda honetan. Azpian duzue iazko urteari egindako atzera-begirakoa, zuek, irakurleok, arreta handiena emandako edukien arabera. 

10. POSTUAN: NEREA RODRIGUEZEN SEXUMATOIA ETA JOSEBA IRAZOKIRI ELKARRIZKETA

Azken kokalekuan berdinketa izan dugu, ia-ia bisita kopuru bera izan baitute ligatzeari eta sexuari buruz Nerea Rodriguezi egindako elkarrizketak eta Joseba Irazokirekin bere azken lanaz izandako solasaldiak. Sexumatoia atalak ikusmin handia sortzen du irakurleon artean eta badirudi Nerea Rodriguezenak jakin-mina piztu dizuela. Dena den, pozten gara Euskal Herriko musikari beteranoei ere arreta jartzen diezuela ikusita!

9.POSTUAN: DINAGU KOLEKTIBOARI ELKARRIZKETA

Dinagu Euskal Herriko emakume sortzaileen kolektiboa da, emakume sortzaileen lanaren ikusgarritasuna helburu duena. Horretaz gain, bertakoa eta bertan egindakoa ere bultzatu nahi dute. Hazten ari den kolektiboa da eta Nomadak Gaitun proiektuarekin burubelarri dabiltza, azokak eginez tokian toki. Jaione Dagdrømmer-ek eurekin solastu zen proiektuaz uztailean egindako elkarrizketan.

8.POSTUAN: EUSKAL ABESTIRIK ARRAKASTATSUENAK GAZTEZULOREN IRAKURLEEN ARABERA

Uztailean proposamen lehiaketa jarri genuen martxan GAZTEZULOren irakurleen iritzia zein zen jakiteko. Munduan diru gehien bildu eta gehien entzundako kantuak zeintzuk diren azaldu genuen, baina Euskal Herriko datuak falta zirenez, irakurleei euren ustea jakinarazteko gonbita luzatu genien. Irakurleen aburuz, euskal kantarik arrakastatsuenak zein diren jakin nahi izanez gero, egin klik goiko loturan.

7. POSTUAN: EUSKALTZAINDIAK ONARTU DITUEN HITZAK

Euskaldunok buruhauste dezente izaten ditugu sarri, euskaraz zenbait hitz egokiak ote diren edota Euskaltzaindiaren hiztegian onartutako forma zuzena erabili ote dugun zalantza izaten baitugu. Hori dela eta, komeni izaten da Euskaltzaindien azken arauen edota hiztegian onartutako azken hitzen berri izatea. Uztailean 592 forma berri jaso zituztela jakinarazi zuen Euskaltzaindiak eta guk zintzo-zintzo eman genuen horren berri.

6.POSTUAN: DONOSTIAKO ZINEMALDIRAKO PROPOSAMENAK

Gure Gaizka Izagirre zinemazale amorratua da, ondo dakizuenez, eta urtero ibiltzen da Donostiako Zinemaldian akreditazioa lepotik zintzilik duela. Zinemaldiak irauten duen bederatzi egunetan filmak bata bestearen atzetik irensten ditu, eta gaueko etenaldian ere haiekin egiten du amets. Aurrez ondo prestatzea gustatzen zaio, ordea, eta programazioa goitik behera begiratzen du egunez eguneko egitaraua osatzeko. Honezkero jabetu zarete gustu fina duela gure zuzendari jaunak, eta adi egoten zarete bere gomendioei, Zinemaldian zer ikusi erabakitzeko. Bizkorrak zarete gero!

5. POSTUAN: DENBORAREN OROIMENA

Mondragon Unibertsitateko Ikus-Entzunezko Komunikazio Graduko ikasle izandako Idoia Lahidalga Baglietto eta Oihane Puertas Ramirezek XIX. mendeko Nafarroako Erronkari ibarreko emakumearen errealitatea islatzen duen Tenpraren Guarpena dokumentala aurkeztu zuten ekainean gradu amaierako lanaren aitzakian. Belaunaldi ezberdinetako bailarako lau emakume dira protagonistak hamabost minutuko iraupena duen ikus-entzunezko honetan eta, euren testigantzaz gain, birsortutako zatiak ere badira. 

4. POSTUAN: AMA BATEK JOSTAILU INKLUSIBOAK SORTU DITU

Sarri gertatu ohi da haurrek euren itxurako edo eurak identifikatuta sentitzeko moduko panpinik ez topatzea. Hori dela eta, Clare Tewell izeneko emakumeak irabazi asmorik gabe erakunde bat sortu du haurrentzat jostailu inklusiboak sortzeko, euren ezaugarri antzekoak dituzten panpinen bidez umeak zoriontsu egiteko. Bejondeiola! 

3.POSTUAN: BEÑAT RODRIGOREN SEXUMATOIA

Bada, bai, hirugarren postuan ere Sexumatoia ataleko elkarrizketa. Euskaldunok ere morboa maite dugula, aizue! Oraingo honetan Chill Mafia taldeko Beñat Rodrigo Kiliki Frexko izan da protagonista. Pasibo eta aktibo rolekin jolastea gustatzen zaiola kontatu zigun, besteak beste. Oraindik irakurri ez baduzu, zeren zai zaude?

º

2. POSTUAN: HISTORIA EGIN DUTEN EUSKAL HERRIKO EMAKUMEAK BILDU DITUZTE WEBGUNE BATEAN

Emakumeek egindako ekarpenak bistaratzeko asmoz, orain arte ikusezinak izan diren Euskal Herriko emakume esanguratsuak bildu dituzte bestekaleak.eus webgunean. Hilda dauden 50 emakume baino gehiagoren ingurukoak jaso dituzte bertan, alfabetikoki ordenatuta eta geografikoki kokatuta. Ziur gaude webgunea elikatzen eta osatzen jarraitzeko beste emakume ugari ere izango direla! 

1. POSTUAN: 2021EKO 30 (+10) TELESAILIK ONENAK

Gaizka Izagirreren gomendioak estimatzen dituzue, alajaina! Gure zuzendari txit gorenak gogoko izaten du urte amaiera aldera azken hamabi hilabeteetan ikusitako ikus-entzunezko, izan telesail zein film, onenen zerrenda egitea. Iaz ere ez zuen hutsik egin eta 30 telesail berri eta denboraldi berriekin itzulitako beste hamar aholkatu zituen. Beste telesail bat ikusten hasteko asmoa baduzue, egin kasu Gaizkari, ez zarete damutuko eta!

Postuak postu eta rankingak ranking, mila esker Gaztezulorekin bat egiteagatik! Ea aurrerantzean ere hortxe jarraitzen duzuen fin, eta irakurle gehiago ere batzen diren Gaztezulotarron familiara!