EUSKAL ABESTIRIK ARRAKASTATSUENAK GAZTEZULOREN IRAKURLEEN ARABERA

EUSKAL ABESTIRIK ARRAKASTATSUENAK GAZTEZULOREN IRAKURLEEN ARABERA Diru gehien irabazi edota erreprodukzio gehien izan dituzten euskal kantuak zeintzuk izan daitezkeen galdetu dugu eta zerrenda osatu dugu irakurleen usteak kontuan hartuta. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-abestirik-arrakastatsuenak-gaztezuloren-irakurleen-arabera/@@download/image/pirritx-porrotx.jpg
2021/07/08

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Diru gehien irabazi edota erreprodukzio gehien izan dituzten euskal kantuak zeintzuk izan daitezkeen galdetu dugu eta zerrenda osatu dugu irakurleen usteak kontuan hartuta.
EUSKAL ABESTIRIK ARRAKASTATSUENAK GAZTEZULOREN IRAKURLEEN ARABERA

Joan den astean proposamen lehiaketa jarri genuen martxan GAZTEZULOko irakurleen iritzia zein zen jakiteko. Munduan diru gehien bildu eta gehien entzundako kantuak zeintzuk diren azaldu genuen, baina Euskal Herriko datuak falta zaizkigunez, irakurleei euren ustea jakinarazteko gonbita luzatu genien. Hauek dira, irizpide horiek kontuan hartuta, euskal kantarik arrakastatsuenak irakurleen aburuz:

  • 'Maite zaitut' - Pirritx eta Porrotx

Nork ez du abestu edota dantzatu kantu honekin? Ume zein heldu liluratu ditu Pirritx eta Porrotxen letrak eta Xabier Zabalaren doinuak. Hainbat hizkuntzatara itzuli dute, tartean katalanera, T'estimo molt izenburuarekin. 

  • 'Xalbadorren heriotzean' - Xabier Lete

Xalbador bertsolariaren omenez egindako kantu eder hau otorduen ondoren eta ekitaldi askotan abestu izan dugu. Leterena da izatez baina Erramun Martikorenak egindako bertsioa ere asko zabaldu da jendartean. 

  • 'Aldapan gora' - Huntza

Duela bost urte plazaratu zuten kantua Huntza taldeko kideek eta izugarrizko oihartzuna izan zuen. Geroztik, kantu ugari sortu dituzte eta kontzertu andana eskaini ere bai. 

  • 'Lau teilatu' - Itoiz

Euskal kantu garaikideen artean ezagunenetakoa dugu Juan Carlos Perezek sortutako hau. Hainbat bertsio egin dituzte ordutik baina Lau Teilaturena geratu da gure memorian iltzatua. 

  • 'Katedral bat' - BerrI Txarrak

Talde nafarraren kantu askok izan dute arrakasta baina Infrasoinuak izeneko azken diskoko abesti honek harrera berezia izan du musikazaleen artean. 2018an BECen 10.000 zaleren aurrean emandako kontzertuko irudiak biltzen ditu bideoak. 

  • 'Jo Ta Ke' - Su Ta Gar

Talde eibartarraren ereserkia dela esan dezakegu, euren ibilbide luzean nabarmendu den abestietako bat zalantzarik gabe. Buruak eta besoak astintzeko abagune ederra eskaintzen du Su Ta Gar taldearen kantu honek.

  • 'Denak ez du balio' - Berri Txarrak

2003an kaleratutako Libre diskoko parte da kantu hau. Rise Agains taldeko Tim McIlrath abeslariak hartzen du parte eta ingelesa nahasten dute, doinu indartsu eta hausnarketa eta aldarrikapenerako balio duten letrekin batera. 

Zerrenda nahi adina luza daiteke buruan ditugun beste hainbat kanturekin, zaharragoak zein berriagoak. Euskal musika entzuten eta zabaltzen jarrai dezagun, horrelako zerrenda amaigabeak egiteko gai izan gaitezen etorkizun urrunean.