DINAGU kolektiboa: "Txikitasuna eta gertutasuna balorean jarri nahi ditugu".

DINAGU kolektiboa: "Txikitasuna eta gertutasuna balorean jarri nahi ditugu". DINAGU emakume sortzaileen kolektiboa da; eta argi dute elkarren indarrak batuta ahalduntzen dela soilik, bidean kontsumitzaileok ere ahaldunduz; eta txikia, jasangarria zein bertakoa aldarrikatuz. NOMADAK GAITUN! deitutako proiektu berrian buru belarri sartuta daudela aitzakia harturik euren filosofia hurbilagotik ezagutu nahi izan dugu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dinagu-kolektiboa-eskuz-eta-mimoz-egindakoa-defendatzen-duten-proiektu-txikiek-osatzen-dugu-sare-hau-txikitasuna-eta-gertutasuna-balorean-jarri-nahi-ditugu/@@download/image/DINAGU4.jpg
2021/07/07

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

DINAGU emakume sortzaileen kolektiboa da; eta argi dute elkarren indarrak batuta ahalduntzen dela soilik, bidean kontsumitzaileok ere ahaldunduz; eta txikia, jasangarria zein bertakoa aldarrikatuz. NOMADAK GAITUN! deitutako proiektu berrian buru belarri sartuta daudela aitzakia harturik euren filosofia hurbilagotik ezagutu nahi izan dugu.
DINAGU kolektiboa: "Txikitasuna eta gertutasuna balorean jarri nahi ditugu".

Zer da DINAGU?
DINAGU Euskal Herriko emakume sortzaileen kolektiboa da. 3 urteko ibilbidea duen proiektua da eta pixkanaka hazten doana. Gure asmoa, emakume sortzaileon lanaren ikusgarritasunean jardutea da. Elkarlanari bide eginez, elkarrekin ahaldundu nahi dugu, egoeraz hausnartu eta sortzaileon beharretara egokitzen diren ekimen berriak sortu.

Hasiera batean, gure lanen erakusleiho amankomunak bilatu asmoz elkartu ginen. Ondoren, salmentarako, eta gure lana ezagutzera emateko espazioak elkarbanatzeari ekin genion. Orain, elkarrekin bidea eginez hazten garela ikusita, sortzaileon sarea josten jarraitu nahi dugu.

Gure ibilbidea elkarrekin errazago dela ulertzen dugu, elkar bilatzen dugu indartzeko, eta elkarrekin egin nahi dugu bidea, elkarren bidelagun izanez, beste kontsumo joera batzuen aldeko apustua egitea errazago dela sinesten dugulako. Proiektu pertsonalak dira gureak, txikiak, jasangarriak eta bertakoak. Horrek guztiak, zein kolektiboan lan egiteko dugun gogoak, batzen gaitu.

Zer beharri erantzuteko sortu zen?
Egun, sormen-lanetatik soilik bizitzea oso zaila da eta askotan bide hori bakarrik egitea oso gogorra izan daiteke. Nahiz eta esparru ezberdinetan lan egin, sortzaile guztiok antzeko kezkak, trabak eta beldurrak ditugula konturatu gara. Maiz horri guztiari aurre egiterakoan oso bakarrik sentitzen gara eta horri erantzun nahi diogu DINAGUtik.

Gure nahia gure sormenetik bizitzea da eta posible dela sinesten dugu, baina horretarako aldaketak behar ditugu. Funtzionatzeko modu berriak asmatu behar dira, ekimen berritzaileak eta babes-sarea iraunkorrak. Horretarako, elkarlana eta zaintza ezinbesteko ardatzak dira. 

Zein dira zuen baloreak?
Elkarlana, ahizpatasuna eta zaintza dira gure ardatz nagusienak. Pertsona eta autore moduan ahalduntzeko ezinbestekoak iruditzen zaizkigu. Gainera, bertakoa eta bertan egina bultzatu nahi dugu, kontsumo ikuskeran eragin nahi dugu, alternatibak eskaini. Eskuz eta mimoz egindakoa defendatzen duten proiektu txikiek osatzen dugu sare hau. Txikitasuna eta gertutasuna balorean jarri nahi ditugu. Euskara ere gure ardatzetako bat da. Mundu globalizatu honetan euskaraz eta euskaratik modu naturalean merkatura iritsi gaitezkeela babestu nahi dugu.
 

Edozein emakume sortzaile batu al daiteke zuen kolektibora?
Egun kolektiboaren talde motorean sei sortzaile gaude eta gure lanez gain bertako emakume sortzaileen lana ikusarazteko ahalegina egiten ari gara. Gure helburua sare oso bat osatzea da eta kolektibo gisa funtzionatzea.

Emakume sortzaile asko gara gure sormen lanetik bizitzeko apustua egiten ari garenak eta aurrera jarraitzeko oztopoei aurre egiteko sare oso bat eraiki nahi dugu. Sare horrek nola lan egin dezakeen pentsatzen ari gara oraindik. Lan handia dugu aurretik. 

Sortzaile bezala zein oztoporekin topatu zarete?
Ez da erraza hutsetik sormen-proiektu bat aurrera eramatea. Denbora, dirua eta laguntza behar da.  Potentzial handiko proiektuak daudela ikusten dugu, baina askotan txikitasunetik zaila da merkatuan espazioa topatzea. Horretarako, gure lanak ezagutara emateko espazio eta ekimen duinak behar ditugu.

Instituzioetatik egiten diren ekimenak askotan sortzaileekin harremanetan jarri gabe egiten dira. Sortzaileak ekimenen sorreran eta dinamizazioan agente aktiboak izateko tresna gehiago jarri behar direla uste dugu. Askotan borondate onez antolatutako ekimenak badira ere, ez dituzte gure beharrak asetzen, ez zaigulako galdetu. Komunikazio eta parte-hartzeko aukera gehiago behar da orokorrean.

Zer da pop up bat?
Pop up-a denbora laburrez martxan dagoen denda bat da. Denda nomada bat. Batetik bestera mugitzen dena. Finkoa ez dena. Hasi eta amaitzen dena. Orain arte horrelako espazioak sortzen aritu gara. Lokalak topatu eta gure lana ikusarazteko zenbait egunez denda moduan funtzionatu duten espazioak izan dira. Getarian, Zarautzen eta Errenterian izan ditugu oraingoz eta oso pozik gaude izan duten harrerarekin.

Zein da zuen eskaintza? Zein produktu merkaturatzen dituzue?
Eskulana eta diseinua oinarri dituzten sormen-lanak dira. Autore izaera duten proiektu pertsonalak dira gureak. Euskarri ezberdinetan lantzen dugu sormena: irudigintzan, modan, bitxigintzan, osagarrietan... 

Zer nolako harrera dute erosleen artean?
Orain arte martxan jarritako proiektuek (pop-up dendak, aurkezpenak, sareetako erakusleihoak...) oso harrera ona izan dute. Sortzaile nahiz erosleek egiten ari garen lana eskertu dute eta babes handia eman digute. Bidelagun izan ditugu gainera, Koop Fabrika egitasmoko lagunak, Oarsoaldeako Habian! proiektukoak... Laguntza eske joan garen guztietan beso zabalik hartu gaituzte. Babes handia sentitzen dugu oro har. Azken abentura honetan ere (NOMADAK GAITUN! deitutakoan) Azpeitiko udala, Elikagunea eta San Agustin Kulturgunearen laguntza izan dugu
.

NOMADAK GAITUN! azoka ibiltaria aurkeztu berri duzue bai. Zertan datza?
Euskal Herriko txoko ezberdinak zeharkatu dituen azoka ibiltaria izango da. Diseinuaren eta sormenaren esparruan lan egiten duten emakumeen lanak erakutsiko ditugu bertan. Azken urte berezi honetan, zaila izan da aurrez aurre gure lana erakusteko espazioak topatzea eta orain, gure nomada izaera berreskuratu nahi dugu. Eroslearekin elkartu nahi dugu berriz eta harenganaino iristeko bidaia hau antolatu dugu.

Uztailaren 18an abiatuko da NOMADAK GAITUN! azoka ibiltaria eta lehenengo geltokia Azpeitian izango da. Egun osoko festa antolatu dugu bertan. 20 sortzaileren lanak ikusteko aukera egonda da Azoka plazan. 

Izan ere, DINAGUk beste emakume kolektiboekin ere saretu nahi duenez Azpeitian bidelagun izango ditugu inguruko emakume baserritarrak. Egun osoan zehar azokan bertan 0 km sukaldea izango dugu eta haien eskutik mokadutxo goxo bat jateko aukera izango da. Eguna amaitzeko 19.30etan Ameba musika-taldearen kontzertua izango da San Agustin Kulturgunean

Zuek produktuaz gain, sormen prozesu guztia aldarrikatu nahi duzueproduktuaren balore erantsi bezala. Euskal erosleek ordea zerri erreparatzen diote benetan produktu bat erosterako garaian?
Denetik badago ere, gero eta erosle gehiagori inporta zaio erosten duena nondik datorren, nola egina dagoen eta nork egin duen jakitea. Sortzailearekin duten harreman zuzena baloratzen dute, proiektuaren parte izan nahi dute eta beraien aletxoa jarri.

Zer iruditzen zaizue, oro har, egungo kontsumo eredua, zer aldakete beharko lituzke?
Gero eta kontzientzia gehiago badago ere, gaur egun oraindik "azkar eta merke" premisak indarra handia du gugan. Horregatik, erosten dugun horren atzean zer eta zein dagoen galdetzea ezinbestekoa da beste kontsumo eredu bat sortu nahi badugu bederen. Horretarako, informazioa eroslearen eskura jarri behar da eta galderak egitera bultzatu. Subjektu aktiboa izatera animatu behar dugu eroslea, gure aliatu eta bidelagun bilakatzeko

Konturatu gara badagoela bertakoa kontzientziaz erosi nahi duen jendea eta askotan ez dakiela non topatu erosi nahi duen hori. Guk hori eskaini nahi diogu, informazio gardena eta bertan egiten diren sormen-lanen erakusleiho zabal bat.

Sare sozialek zenbaterainoko garrantzia dute eraldaketa honetan?
Sare sozialak guretzako oso tresna eraginkorrak dira. Publikoarengana heltzeko ezinbestekoak. Gure lanak erakusteko eta gure mezua zabaltzeko behar ditugu. Gure komunikazio tresnarik garrantzitsuena da oraingoz. Hala ere, aurrez aurreko harremanetan sinesten dugu eta sare sozialak lehenengo kontaktua egiteko bidea dira. Gero gure bezero eta bidelagunekin harreman zuzena izatea gustatzen zaigu. Hori da eskaini nahi duguna gainera: zuzeneko harremana, gertukoa... sormen-lan baten atzean dagoen pertsona ezagutzeko aukera. Gertutasuna gure balio erantsia da.

Egungo iraultzarik handiena bertakoa eta ekologikoa erostea dela diote batzuk. Ados al zaudete?
Garrantzitsua da zer erosi, baina baita nola erosi ere. Harremanean dago ardatza. Bertakoa erostea garrantzitsua da eta erosten duzun hori nondik datorren jakitea are gehiago. Baina garrantzitsua da erosketa harreman hori nola gauzatzen den jakitea ere; kontsumo hutsetik den edo kontzientzia eraikitzaile batetik. Harremanak zaindu behar ditugu, sortzaile eta erosleek elkar zaintzea ezinbestekoa da, elkarren beharra dugu beste bizi eredu bat sortu nahi badugu. Txikitik asko egin daitekeela sinesten dugu.
 
Etorkizunera begira zein dira zuen erronkak?
DINAGU etengabeko eraldaketan dago. Talde gero eta handiagoa da eta inoiz baino indartuago sentitzen dugu. Ilusio asko dago lanerako. NOMADAK GAITUN! azoka ibiltariaz gaindi, hausnarketa prozesu batean gaude. Sortzaileon benetako beharrak zeintzuk diren jakin nahi ditugu eta horiei erantzuteko bide berriak asmatu. Euskal Herrian lanean dauden emakume sortzaileen datu base bat osatzen ari gara eta beraien beharren inguruko erantzunak ere jaso ditugu.Orain hausnartu eta ditugun baliabideekin zer egin dezakegun ikusi nahi dugu.
 

Hemen DINAGU osatzen duten sortzaileen zerrenda eta euren Instagram kontuak. Kuxkuxeatu eta gustukoa duzuna babestu!
Karmele Salsamendi @kool_studio (osagarriak, Lasarte)
Ilazki Lili @biziki_bizi (jantzigintza, Azpeitia)
Edurne Kortabarria @edurkortabarria (ilustrazioa, Aramaio) 
Leire Aiartzaguena @_ehule_ (arropa eta osagarriak, Iurreta)
Maider Gaztelumendi @luma.modaetikoa (moda etikoa, Donostia)
Agara Agirre @agaraagirre (autore bitxigintza, Usurbil)