'Flygskam', edo hegazkinez bidaiatzeko lotsa

'Flygskam', edo hegazkinez bidaiatzeko lotsa Low-cost bidaien eta Instagrameko argazki perfektuen garaian, joera berri bat jaio da; arrazoi ekologikoengatik hegazkinak hartzeari uztearena. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/flygskam-edo-hegazkinez-bidaiatzeko-lotsa/@@download/image/train-sweden.jpg
2019/06/17
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Low-cost bidaien eta Instagrameko argazki perfektuen garaian, joera berri bat jaio da; arrazoi ekologikoengatik hegazkinak hartzeari uztearena.
'Flygskam', edo hegazkinez bidaiatzeko lotsa

Ziur aski dagoeneko antolatuta dituzu udako oporrak, eta poz-pozik egongo zara, aurten bereziki merke lortu dituzulako hegazkineko txartelak. Egunotan, ahalik eta urrutien bidaiatzea da moda, leku exotikoak eta fotogenikoenak lehenetsiz. Bost axola benetan hara joateko gogoak badituzu edo benetan disfrutatuko duzun; sekulako argazkiak aterako dituzu, sare sozialetako lagun eta jarraitzaileek inbidia apur bat igaro dezaten.

Hauxe da azken aldiko joera bidai kontuetan, baina gauzak aldatzen hasi dira. Hala, Suediatik datorkigun joera berriak flygskam izena du, eta hitzez hitz, hegazkinez bidaiatzeko lotsa esan nahi du. Hain zuzen, herrialdean geroz eta gehiago dira hegazkinak hartzeari utzi diotenak, trena edota bestelako garraio publikoak aukeratuz. Arrazoia? Hegazkin bat hartzen dugun bakoitzean airean uzten dugun CO2 kopuru ikaragarria ekiditea.

Joera berri hau ez da txantxetakoa, eta hegaldi enpresak kezkatzen hasi dira, izan ere, Suedian %5 jaitsi dira hegaldiak flygskam egiten hasi zirenetik. Aldiz, geroz eta gehiago dira tagskryt (trenez bidaiatzeko harrotasuna) joerarekin bate egin dutenak herrialdean; hala, Europatik autobusez edo Interail eginez bidaiatzeko joerak nabarmen igotzen hasi dira. 

HAINBESTERAKO OTE DA HEGAZKINEZ UZTEN DUGUN CO2 ARRASTOA?

Dirudienez, ez da gutxi; hegazkineko bidaiari bakoitzak 285 gramo CO2 isurtzen ditu atmosferara; aldiz, trenez bidaiatuta, soilik 14 gramo. Gainera, hegaldi komertzialek mundu osoan isuritako CO2 guztiaren %2,5 eragiten dute, eta hegaldi merkeek nabarmen igo dute ehuneko hori azken urteetan.