Gaizka Izagirreren telesail gomendioa: 'The Listeners'

‘THE LISTENERS’ ⭐⭐⭐ (3/5)
Janicza Bravo
5 atal
Filmin
Erresuma Batu bitxi eta zehaztugabe batera bidaiatuko dugu telesailean. Bertan Claire Kutty (Rebecca Hall) ingeles irakaslearekin egingo dugu topo; hura da protagonista nagusia, eta beste inork entzun ezin duen soinu batek oinazetzen du. Hainbat medikurengana joan arren, inork ez du lortuko gertaera horren zergatia argitzea. Itxuraz kalterik egiten ez duen soinu txiki bat besterik ez da, baina emakumearen egunerokoa zapuztu egingo du pixkanaka: senarrarekin eta alabarekin duen harremana bere obsesioaren zamapean hondoratuko dira. Lan ausarta osatu du Janicza Bravok: ezin hobeto orekatu ditu tentsio psikologikoa, atmosfera kezkagarria eta narratiba dramatikoa. Etengabeko ziurgabetasunean murgilduko du ikuslea, eta errealitatearen eta pertzepzio subjektiboaren arteko lerro mehea aztertuko du.
Onena: Rebecca Hall.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizu: Une Amie Dévouée (2024, Just Philippot).