Hiru plan astebururako

Herri Urrats, Senperen
Euskararen eta Iparraldeko ikastolen aldeko jaia igandean izango da. Senpereko Kattalin Elizalde kolegioarentzat eta udazkenean erre zen Arberoako ikastolentzat bideratuko da aurtengo dirua. Egitarauan kontzertuak, tailerrak, ipuin kontalariak, bertso saioa, herri kirolak, dantza... denetarik izango da!
Balmasedako Erdi Aroko Azoka
Gaurtik igandera, Erdi Aroko itxura hartuko du Balmasedak. Hiru egunetarako ekintza mordoa prestatu dituzte: azoka, antzerkia, zirko eta magia ikuskizunak, musika, herritarren antzezlana... Ez da aspertzeko tarterik izango Bizkaiko herri honetan. Beraz, tarte batez beste garai eta giro batera bidaiatu nahi baduzu, badakizu nora jo!
Ganibet taldearen kontzertua, Bilbon
Urdiaingo Amaiur Goikoetxe eta Ekain Alegre Gazteako Maketa lehiaketaren finalera iritsi ziren 2023an eta zuzenekoak ematen aritu dira. Kantuen bertsioak egin izan dituzte, baina aurten Zure Zeru izeneko EPa kaleratu dute. Gaur Bilbon izango dira, Biran, 21:00etatik aurrera eta sarrera doan izango da.