Ba al dakizu malko guztiak ez direla berdinak?

Azken egunotan Rose-Lynn Fisher artista estatubatuarrak duela urte batzuk malkoen inguruan egindako argazkilaritza-lana zabaldu dute berriz sare sozialetan.
Artista honek askotariko testuinguruetan sortutako malkoen argazki mikroskopikoak egin zituen Topography of tears izeneko proiektuan. Argazki horietan hainbat malkoren egiturak kontrasta zitezkeen: minaren ondorioz sortutako malkoak, barreak eragindakoak, aldaketarenak, dolua dela-eta isuritakoak...
Haren irudietan ezberdin ikusten dira tipula txikitzean sortutako malkoak, barrearenak edo minarenak. Malkoenak baino, geografiari airetik ateratako irudiak dirudite ordea. Paisaiak eta bestelakoak ikus ditzakete gure begiek argazkietan. Baina horietako asko artistaren beraren begietatik isuritako malkoak dira.
Aspaldiko lagun batekin zuen harremana berreskuratu zuen Fischerrek eta, handik gutxira, hil egin zen adiskidea. Doluak eragindako malkoen inguruan pentsatzen hasi zen orduan: "Zer itxura dute malkoek gertutik begiratuz gero? Emozio batek eragindako malkoak eta beste batek eragindakoak berdinak al dira?".
Hala, malko bat jaso zuen kristalezko diapositiba batean, eta mikroskopio zahar baten gainean jarritako mikroskopia digital kamera batekin atera zion argazkia. Eta hortik abiatu zen guztia.
Proiektu artistikoa ala zientifikoa?
Fischerrek argi utzi zuen, tresneria zientifikoa erabiliagatik, proiektua ez dela zientifikoa, eta ez zela asmo horrekin sortu. Malkoen ezaugarri biologikoak baino, haien "izatea eta natura poetikoa" islatzea izan zuen helburu.
Hainbat faktorek baldintzatu zuten irudien itxura: malkoa airean lehortua edo konprimatua izan, malko-likidoaren bolumena, malkoak produktu kimikoekin izandako elkarreragina, kamera eta mikroskopioa jartzeko modua, eta Fischerrek argazkia inprimatu eta prozesatzeko era.
Zientziara joz gero, AAO Oftalmologiaren Amerikar Akademiak hiru malko mota daudela zehazten du: basalak, erreflexuzkoak eta emozionalak.
Malko basalak begian izaten dira denbora osoan eta begiak lubrikatzeaz, elikatzeaz eta kornea babesteaz arduratzen dira. Begiaren gainaldean pilatzen diren hondarkinak kentzen dituzte eta ikusmenaren kalitateari eusten diote.
Erreflexuzkoak kanpoko agente kaltegarri batek — harea, alergia diogun substantziaren bat, tipula ebakitzean ... — eragiten digunean sortzen dira. Basalak baino kantitate handiagoan sortzen dira, begia garbitzeko, eta horregatik ateratzen dira kanpora.
Emozioen malkoak, berriz, sentimendu sutsuak — poza, mina, tristura edo beldurra, esaterako — bizi ditugunean sortzen dira. Negar egiterakoan kanporatzen ditugun malkoak.
Beraz, egia da malkoaren konposizioa desberdina izaten dela hiru horien kasuan, baina ezin omen da zehaztu edo ziurtatu malko emozionalak, sentimenduaren arabera, euren artean ezberdinak direnik.
Zientifikoak ez izanik ere, ezin ukatu irudiak ederrak direnik. Ez al da hala?