Bada eskaintzarik Amazonetik kanpo ere

Bada eskaintzarik Amazonetik kanpo ere Eguberriak atzean utzi ditugu, baina ez da aitzakiarik behar maite ditugun horiei (gure buruak barne) opariak egiteko. Hori dela eta, sarean aurkitu ditudan nire gustuko zenbait denda gomendatu nahi dizkizuet; Amazonetik at, bada non aukeratu eta! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bada-eskaintzarik-amazonetik-kanpo-ere/@@download/image/IMG_D5A296006BBA-1.jpeg
2021/01/27

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Eguberriak atzean utzi ditugu, baina ez da aitzakiarik behar maite ditugun horiei (gure buruak barne) opariak egiteko. Hori dela eta, sarean aurkitu ditudan nire gustuko zenbait denda gomendatu nahi dizkizuet; Amazonetik at, bada non aukeratu eta!
Bada eskaintzarik Amazonetik kanpo ere

Eco Van Store @ecovanstore 
Eco Van Store dendaren atzean Laia dago, eta bere helburua hondakinik uzten ez duten produktua jasangarri bezain naturalak eskaintzea da, gainera produktu hauetako bat bera sortzeko ez du inongo animaliak sufritu. Bertan produktu kosmetikoak, hortzetako pasta eta eskuila, zakar poltsak, arropa garbitzeko xaboi ekologikoak… denetarik dago eta eskaintza egunetik egunera hazten doa. Bada alternatibarik erabili eta botatzeko produktuen aurrean. Honela, gure burua zaintzeaz gain ingurumena ere zainduko dugu. Aipatu Instagrameko produktuen argazki ederrak bera ateratzen dituela, sekulako lana eginez produktu hauek publikoarentzat erakargarri bihurtzeko. 

Xarlem Creations @xarlemcreations  
Badira proiektu bereziak, balore eta grinekin apainduak. Horietako bat Xarlem Creations. Bitxiak egiten dituzte izen horrekin Maialen eta Larraitzek, baina baita ileko gomak… eta azken berrikuntza bat ere gehitu dute: gizonezkoentzako kamiseta original bezain dotoreak! Egungo eredu kapitalistaren itsaso zakarretik at beste aukerak badela erakutsi du bikote honek. Horrenbeste gustatzen zaigu elkarrizketa bat ere egin geniela, irakurri nahi izan ez gero sakatu hemen.

Txatxala @txatxala 
Txatxala izenaren atzean Maite ezkutatzen da, kolore guztietako oihalekin magia egiten duen Ondarrutarra. Eskuz eta mimo handiz jositako poltsa ederrak aurki ditzakezu bertan, baita ileko gomak, nezeserrak eta garai berrietara egokituz musukoak ere! Mota eta kolore guztietako estanpatuak gustuko badituzu Txatxala da behar duzuna, bota begirada bat! Oraintsu gehitu duten azken produktua haurrei fardela aldatzeko eskuoihala da, eta ohikoa duenez koloretsua bezain ederra da emaitza. 

Indomable @indomablestore
Txakur edo katuren batekin bizi bazara Indomable da zure denda. Bilbon dago fisikoki, baina indomablestore.com webgunean ere egin daitezke erosketak eta berehala iristen dira gainera. Produktu naturalen aldeko apustua egiten dute, beste inon aurkituko ez dituzun kalitatezko eskaintza zabala dutelarik: pentsua, sariak, txanpuak, jostailuak, gure kide iletsuaren osasuna zaintzeko produktuak… guztiak gainera ingurumenari ahalik eta kalterik gutxiena eraginez egindakoak. Horretaz gain, lau hankako familia kidea ezagutzeko zenbait liburu interesgarri ere badituzte. Aipatu, bertako argazki gehienak Maider Sierra (@mestizaa) txakurren argazkilari profesionalarenak direla. Merezi du bere perfiletik ere bisitatxo bat egiteak,  gainera GAZTEZULOn elkarrizketa egin genion; hemen irakurri dezakezu interesa piztu bazaizu.

María Moya @bymariamoya
María Moya murtziarra ilustratzailea da, baina azken urteetan bere diseinuak zeramikan irudikatu ditu. Eguneroko objektuak pertsonaia samur bilakatzen ditu bere eskuekin. Egungo gizarte kapitalistatik urrunduz, mundua ulertzeko modu berezi eta ederra du artisau honek. Bere webgunean begiratzen dituzun baikoitzean irribarrea aterako dizuten katiluak, lorontziak, bitxiak… aurkituko dituzu. Zinez bereziak dira bere sorkuntzak. Bere mundu ikuspegia hobeto ulertzeko hemen egin genion elkarrizketa. 

Lucía Mineral @luciamineral 
Esan gabe doa, katiluak, platerak, lorontziak… izugarri maite ditudala, batez ere katiluak, non bilduma ederra dudan jada. Horrela ezagutu nuen Lucíak egiten duen zeramika garaikidea, katilu batez maiteminduta. Ez du hori bakarrik egiten ordea, egunerokotasunean erabiltzen ditugun beste zenbait objektu ere sortzen ditu, baita gure etxea apaintzekoak beste hainbat ere. Esan beharrik ez dago, granadar honek ere eskuz egiten duela guztia. Zeramika tradizionalean inspiratuta ukitu modernoa ematen die, besteak beste, bere katilu, pitxer, plater eta bitxiei. Guztiak dira bakarrak, ez daude bi berdinik. Pieza delikatu eta ederrak dira.