María Moya: "Mundu honetan egoteko moduak aldatu behar ditugu, bestela modu horiek gure amaiera ekarriko dute".

María Moya: "Mundu honetan egoteko moduak aldatu behar ditugu, bestela modu horiek gure amaiera ekarriko dute". María Moya murtziarra ilustratzailea da, baina azken urteetan bere diseinuak zeramikan irudikatu ditu. Eguneroko objektuak pertsonaia samur bilakatzen ditu bere eskuekin. Egungo gizarte kapitalistatik urrunduz, mundua ulertzeko modu berezi eta ederra du artisau honek. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maria-moya-mundu-honetan-egoteko-moduak-aldatu-behar-ditugu-bestela-modu-horiek-gure-amaiera-ekarriko-dute/@@download/image/maria-moya-ceramica-10.jpg
2020/09/08

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

María Moya murtziarra ilustratzailea da, baina azken urteetan bere diseinuak zeramikan irudikatu ditu. Eguneroko objektuak pertsonaia samur bilakatzen ditu bere eskuekin. Egungo gizarte kapitalistatik urrunduz, mundua ulertzeko modu berezi eta ederra du artisau honek.
María Moya: "Mundu honetan egoteko moduak aldatu behar ditugu, bestela modu horiek gure amaiera ekarriko dute".

Ezagutzen ez zaituenarentzat, zein da María Moya?
32 urteko murtziarra naiz, Arte Ederretan lizentziaduna eta haur editorialetako ilustrazioetan espezializatua. Analogikoa, errutina zalea eta gelditasunaren maitalea. 

Nondik datorkizu zeramikarekiko zaletasuna?
Buztinarekin egiten den modelaketarekin maitemindu nintzen batxilergoan eta baita ikasketan ere; baina arte kontzeptualak eta ilustrazioak urte batzuk aldendu egin ninduten hiru dimentsioko mundutik. Buztinarekin berriz ere orain dela urte gutxi aurkitu nintzen, eta oraingoan uste dut zaila izango dela berarengandik urruntzea. 

Egunerokotasunarekin zerikusia duten objektuak sortzen dituzu: katiluak, pitxerrak, loreontziak normalean arreta handiegirik jartzen ez diegun objektuak, zer eskaintzen dizute bada hauek?

Gure bizitzetan protagonista handiak dira eguneroko objektuak, museoetako hormetan eskegita dauden obra handi horiek baino gehiago. Objektu erabilgarri hauek pertsonekin duten hurbiltasuna interesatzen zait, gure egunerokotasunean laguntzen diguten objektuak dira, egunerokotasunaren testiguak eta konplizeak, gure eguneroko erritualen zati dira eta baita gure oroimenaren zati ere. 


Argazkia: Antonio Máquez y Elena Merino

Zer komunikatu nahi duzu objektu hauen bitartez?
Ez naiz sekula gudu eta balentria handien narratzailea izan. Gauza txikiez hitz egitea nahiago dut; samurtasunaz, afektuaz, espazioa eraldatzen duten forma sinpleez, arintasunaz.

Zuk sortutako objektuek aurpegiak dituzte, zergatik aurpegiak?

Honek nire formazioarekin lotura handia duela esango nuke. Ilustratzailea naiz eta oso ohituta nago diseinu munduan pertsonaiak sortzera. Alegiazko izakiak asmatzea maite dut. Bestalde, iruditzen zait objektu bat pertsonaia bilakatzean bizitza gehiago duela eta gurekin elkarrizketa bat sortzeko ahalmen gehiago. Gure hazpegia pertsonaia hauetan ikusteak lasaitzen gaitu eta sentsazio positiboak helarazi. 

Zure lanak pazientzia eta denbora eskatzen du presa nagusi den gizartean; lan honek 
ba al du lekurik egungo gizartean?
Egia esanda, ia beti sentitzen dut haizearen kontra borrokan nabilela. Nire bizitza eta lana ulertzen dudan moduan ez dago presarik, ezta lehiakortasunik ere maila ekonomikoan, eta noski, hori egungo gizarte kapitalistak guregandik espero duenaren oso aurka doa. Ur korrontearen aurka arraunean aritzeak bere desabantailak ditu, baina uste dut beti dagoela leku bat borroka txiki-handientzat, eta geroz eta gehiago garela pentsatzen dugunak mundu honetan egoteko moduak aldatu behar ditugula edo bestela modu horiek gure amaiera ekarriko dutela.

Honetatik bizi al daiteke?
Bizitzeko behar duzunaren arabera. Honetatik bakarrik ogia irabazten ote dudan galdetzen badidazu, erantzuna baiezkoa da. Piezen ekoizpena eta zeramika klaseak dira nire diru-sarrera bakarrak. 

Nire negozio moduak oso zorrotzak diren mugak ditu beti errentagarria izan dadin; oinarrizko ideia ez haztea da erakunde bezala. Ni bakarrik gai naiz zenbaki mugatuko pieza batzuk ekoizteko, nire sare sozialak kudeatzeko, piezen diseinuak egiteko, argazkiak, web gunearen mantenua... giza erritmo batean lan eginez, eta gainera ahalbidetzen dit bizitzaz eta pertsonez gozatzea ere. Nire ekoizpena eta salmentak igotzen saiatuko banintz, diru gehiago irabazi nezake, baina nire bizikalitatea narriatuko litzateke. Berdina gertatuko litzaidake lantegi handiago bat alokatu nahiko banu: oreka ekonomikoa hautsiko litzateke. 


Argazkia: Murcia Mola

Nolakoa da zure sortze prozesua?
Nire bildumaren zati bat inprobisazioarekin hasten da. Tornuan edo eskuz sortzen ditut piezak eta ondoren euren formek inspira nazaten uzten naiz. Material ezberdinekin esperimentatzen dut eta fase honek eskaintzen didan informazio guztiarekin beste bildumak diseinatzen ditut. Nire lanak jokoaren zerikusi handiagoa du planifikazioarekin baino eta hori funtsezkoa da. Horregatik ez ditut pieza asko errepikatzen, izugarri aspertuko nintzateke. 

Zenbat denbora eskaintzen diozu pieza bakoitzari?
Zaila da jakitea, ordubete, bi ordu, hiru ordu, lau... piezaren konplexutasuna, neurria eta ematen duen lanaren arabera. 

Nola jartzen da dirutan hori?
Oso erraza da, materialak, lan orduak eta diseinuaren balorea kontabilizatu. Hasieran kalkulu asko dira, baina denborarekin baremo orientagarri bat ezarri dut ez erotzeko eta bezeroak ez nahasteko. 


Argazkia: Antonio Máquez y Elena Merino 

Jendea beti prest azaltzen al da ordaintzeko?
Ez beti. Espainiarrak beste edozein baino gutxiago gainera, beste herrialdeekin alderatuz. Prezioen hautematea asko aldatzen da pertsona bakoitzaren hezkuntza eta erosmen ahalmenaren arabera. Uste dut garrantzitsua dela jendeak ulertzea ezberdina dela zerbait merke edo garestia izatea, eta erosi dezakezun ala ez; artisauen eta artisten lanari balorerik kendu gabe. 

Zein izan da inoiz egin duzun mandaturik arraroena? Eta zailena?
Arraroena haurdun zegoen pitxar bat eta zailena ogia gordetzeko kaxa bat, laukia eta taparekin (ez zen ongi atera).
 

Zure etxea eta lantegia leku berdina dira, pandemia honekin aldatu al da zure bizitza? Nola eraman zenuen konfinamendua? Nola ari zara bizitzen hau guztia? 
Pandemiak guztiok aldatu gaitu zoritxarrez, baina uste dut lan eta bizi leku berdinean egitea abantaila handia izaten ari dela garai hauetan. Konfinamenduan zehar lanean jarraitu ahal izan nuen arazorik gabe eta aparteko denbora hura profitatu nuen atzeratuak nituen lanei ekiteko. Zentzu honetan hilabete zoragarriak izan ziren eta gainera, kezkarik gabekoa pentsatuz erabili ezin nuen espazio baten alokairua ordaindu behar nuela. Maila pertsonalean ez zen hain erraza izan, kaiola batean dagoen txoritxo bat bezala sentitu nintzen eta hori oso ohituta nagoela denbora asko bakarrik egotera nire lantegian. 

Iruditzen zait ziurgabetasuna larritasuna eta nagikeri asko sortzen ari dela. Arrakasta bermerik gabe guztiak energia gehiago eskatzen du eta gutxiago gozatzea. Ikusiko dugu zer izango den gutako bakoitzaz, eta horrenbeste proiektu eta marka txikiez hau guztia amaitzen denean. 

Zeramika klaseak ematen jarraitzen al duzu?
Konfinamenduan zehar bertan behera utzi behar izan nituen, nahiz eta udako hilabeteetan berriz ere ekin nien klaseei, kanpoan espazio bat baitut. Bigarren agerraldiaren erruz, berriz ere bertan behera utzi behar izan ditut. 

Ilustratzailea ere bazara, zeramikari egilea edo ilustratzailea sentitzen zara gehiago?
Ilustratzailea sentitzen naiz dudarik gabe. Zeramikarekiko nire hurbiltzeak ez du zerikusirik zeramikari profesionalaren figurarekin. Teknika baino komunikazioa interesatzen zait eta hori ilustrazioaren ezaugarrietako bat da. 

Ilustratzaile baten lana benetan balorean jartzen dela uste al duzu?

Hori ere hezkuntza kontua da. Balioztatzen erakutsi ez dizuten zerbait ezin duzu baloratu. Badira herrialdeak askoz ere gehiago errespetatzen dutenak lanbide hau, eta beti da landa guneko tradizio handiagoa duten lurraldeak. Orokorrean, sortze lanak oso gutxi baloratuak daudela iruditzen zait. 


Argazkia: Murcia Mola

Zein da harroen sentiarazten zaituen lana?
Ba ez nuke jakingo esaten. Urteak pasa daitezen behar dut nire lana objektibitatez baloratzeko. Nire liburu ilustratuak argitaratu zirenean harriduraz eta lotsaz begiratzen nituen, eta orain maitasun eta harrotasun gehiagoz begiratzen ditut. Zeramikarekin ere horixe pasatzen zait. 

Nola ikusten duzu etorkizuna? Ba al duzu proiektu berriren bat buruan ilustratzaile bezala eta zeramikari bezala? 
Epe oso luzera ez dut inoiz ezer proiektatzen eta gutxiago oraingo egoerarekin. Udazken arraro hau nire marka finkatzeko aukera bezala planteatu dut eta hobetzeko ditudan gauza txiki asko fintzeko helburua ere hartu dut. Ilustraziora ere itzuli nahiko nuke eta ikusi nola aldatu den mundu hori bertan egon ez naizen urte hauetan, baina ez dut inongo proiektu zehatzik.

 

María Moya-ren lana gehiago ikusi eta erosi nahi izan ez gero hemen bere web gunea.