MESTIZAA: "Ez zait inoiz gustatu norbaiti obeditu beharra, ordutegiak betetzea eta lan “normal” batek ematen dizun monotoniari lotuta bizi beharra."

MESTIZAA: "Ez zait inoiz gustatu norbaiti obeditu beharra, ordutegiak betetzea eta lan “normal” batek ematen dizun monotoniari lotuta bizi beharra." Gauzak errealitate bihurtu aurretik amestea ezinbestekoa da. Proiekturik zirraragarrienak lehen pausua emanez hasi ohi dira. Argi du hori Maider Sierra argazkilari bizkaitarrak, orain dela hiru urte, bere amets zoroenetik Mestizaa proiektua haragiztatu baitzuen bere bi pasioak uztartuz: txakurrak eta argazkilaritza. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mestizaa-ez-zait-inoiz-gustatu-norbaiti-obeditu-beharra-ordutegiak-betetzea-eta-lan-201cnormal201d-batek-ematen-dizun-monotoniari-lotuta-bizi-beharra/@@download/image/FotoPerfil (2).jpg
2019/05/08

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Gauzak errealitate bihurtu aurretik amestea ezinbestekoa da. Proiekturik zirraragarrienak lehen pausua emanez hasi ohi dira. Argi du hori Maider Sierra argazkilari bizkaitarrak, orain dela hiru urte, bere amets zoroenetik Mestizaa proiektua haragiztatu baitzuen bere bi pasioak uztartuz: txakurrak eta argazkilaritza.
MESTIZAA: "Ez zait inoiz gustatu norbaiti obeditu beharra, ordutegiak betetzea eta lan “normal” batek ematen dizun monotoniari lotuta bizi beharra."

Nondik datorkizu argazkilaritzarako zaletasuna?
Nire etxean beti egon dira egunerokotasunarekin lotutako albumak, nire familiaren egunerokoa islatzen zutenak, gurasoekin egindako bidaiak, kuadrillakoekin, jaio nintzeneko argazkiak, hazten joan nintzenekoak, bidaiatzen hasi nintzenekoak... ni neu hasi nintzen arte, oraindik txikia nintzela, argazki horiek egiten. Erabili eta botatzeko kamerak eramaten nituen klasera, edota eskolako txangoetara, familiako egun pasetara... Ondoren, izugarri gustatzen zitzaidan karreteak errebelatzera joatea eta ikustea zer atera zen guzti hartatik, albumak antolatu eta berriz ere, beste karrete bat hastea.

Eta nondik datorkizu txakurrekiko zaletasuna?
Bufa! Nire familian ez dut egun bakar bat ere gogoratzen txakurrik gabe. Etxeko beste kide bat gehiago izan dira beti eta ezinezkoa zait nire bizitza beraiek gabe irudikatzea. Gainera betidanik sentitu dut konexio berezi bat beraiekiko, ez bakarrik bizi izan naizen txakurrekin, kaletik aurkitzen dudan edozein txakurrekin hitz egiten duen horietakoa naiz, gurutzatzen ditudan guztiak agurtzen dituen horietakoa.

Erreferenterik izan al duzu?
Oso txiki nintzela hasi nintzenez hamaika aldaketa izan ditut argazkiak egiteko moduan eta etapa bakoitzean profil oso ezberdinek inspiratu naute. Fotolog eta Myspace garaitik hasi, Flickr-eko nire hastapenak... gaur egungo Instagram konturaino. Bertan atsegin dut gustuko ditudan profiletatik pintzeladak hartzea. Moda editorialak ere betidanik gustatu izan zaizkit, karpetak aldizkari mozketez beteta ditut.

Gaur egun, aspaldiko eta egungo artistetan oinarrituz espezializatu naiz, garai guztiak arakatuz. Elliott Erwitt atsegin dut eta Theron Humphrey-ren This Wild Idea proiektuak txoratzen nau eta baita Truls Bakken argazkilariaren Dogs Best Man proiektuak ere.

Azaldu zer den Mestizaa ezagutzen ez dutenei.
Bizitza oso zakur baterako argazkiak dira Mestizaa. Mestizaa nire bizitzako bi pasioak elkartzen dituen proiektua da: txakurrak eta argazkilaritza. Modu honetan, munduari erakutsi nahi diot nola bizi eta lan egiten dudan nire txakurrekin, nora bidaiatzen dudan eurekin, non jaten dudan, non lo egin eta ni bezala, txakurrekin besterik bizitzen ez dakiten markentzat burutzen ditudan lanak ere erakusten ditut.

Proiektua aurrera eramateko laguntzarik izan al duzu?
Nire familia eta lagunen laguntza izan dut eta dut oraindik ere proiektu honetan ematen dudan pausu bakoitzean. Egiten dudana gustatzen zaiela sentitzearen zortea dut, aholkuak eman dizkidate, babesten naute eta gauzak gaizki egin ditudanean baita errieta egin ere.

Zer da zure lanetik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?
Gehien gustatzen zaidana nire proiektu propioa izatea da; honek funtziona dezan ez nago beste bati lotuta, dena nire esku dago. Ez zait inoiz gustatu norbaiti obeditu beharra, ordutegiak betetzea eta lan “normal” batek ematen dizun monotoniari lotuta bizi beharra. Lanari esker bidaiatu ahal izatea eta pertsona eta proiektu berriak ezagutza ere asko gustatzen zait. Gutxien gustatzen zaidana herrialde honetan autonomo izatearen ezbeharra da. Kuotak gehiegizkoak dira. Lana egiteko ordaindu beharra eta izkina guztietatik lapurtzen didatenaren sentsazioa edukitzea.

Zer behar da animaliei argazki onak ateratzeko?
Dudarik gabe pazientzia. Pazientziarik gabe ez dago argazkirik. Txakurrak esanekoak izan daitezke baina ez dute ulertzen argazkiak egiten ari garela. Ordu edota ordu eta erditik pasatzen ez den muga dute eta hori kontutan izan behar dut kamera ateratzen dudan bakoitzean. Uste dut, egun batez zure “bezeroak” direnez gozatzea ere erabat beharrezkoa dela. Argazki sesioaren zatirik handiena beraiekin jolasten igarotzen dut, lurrean botata, adurrez bete nazaten uzten.

Beste guztia alderdi artistikoagoak dira. Nire kasuan argi txuri eta difusoarekin lan egiten dut, egun lainotsu batek ematen dizun argi hori imitatu nahian edota eguzkia ateratzen denean sortzen duen itzala bilatzen. Nire leku gustukoena hiria da, harrizko hormak, tabernetako terrazak, sotoak... eta kamera aurrean jarriko denaren estilismoa aholkatzea ere gustuko dut kolorearekin zerikusia duen guztia ahalik eta kontrolatuen edukitzeko.

Zein izan da oroitzapen onenak ekartzen dizkizun argazki sesioa?
Dudarik gabe Cádizeko Entre Leones Photocamp-en bizi nuena. Nik ez nekien zer pasatuko zen eta bat-batean herri guztia euren txakurrekin posatzeko prest agertu zirela esan ziguten kanpalekuan ginen kide guztiei. Plazara iritsi ginen eta pelikula batean ginela zirudien, bertan zeuden guztiak, euren txakurrekin gu itxoiten.

Eta zein izan zen zailena?
Familiako txakurra gaixo dagoela esateko deitzen didatenean eta nik argazkiak egitea nahi dutela betirako gogoan izan dezaten...

Argazkilaritza mota honek jateko ematen al du?
Uste dut ez duela zerikusirik argazki motak. Zoriontsu egiten zaituen hori egiten duzun ala ez, hor dago gakoa. Gustukoa duzuna bada, zure esku dagoen guztia eta gehiago egiten duzu jan ahal izateko. Nire kasua eboluzionatzen joan naiz, zerbitzu berriak eskainiz, txakurren munduan nitxo eta bezero ezberdinei nire zerbitzua eskainiz.

Beste proiektu gehiagotan sartuta al zaude?
Noizbehinka bestelako argazkilaritza egiten dut. Musika taldeei argazkiak, ekitaldiak, ezkontzak, bikote sesioak... Asko kostatzen zait proiektu bat baino gehiagotan nahastea, uste baitut beti uzten dudala baztertuta bateren bat eta egun oso sartuta nago Mestizaa proiektuan.

Nola ikusten duzu zure etorkizuna?
Orain dela hiru urte nola nengoen ikusita, etorkizuna aukera ugarirekin ikusten dut, beti ere proiektuagatik borrokan jarraitzen badut. Arazorik handiena zuloetan gelditzea da eta arnasguneak hartzen ez jakitea buruak eskatzen dizunean. Horregatik, hartu dudan bidean jarraitzen badut, uste dut planteatzen dudan guztia lortu dezakedala.

Zein da betetzea gustatuko litzaizukeen ametsa?
Nire argazkiekin liburu bat argitaratzea gustatuko litzaidake. Txakurrekin zerikusia duten liburuen bilduma bat dut, oso azkar hazten doana, eta gehienak argazki liburuak dira. Asko gustatuko litzaidake bilduma horretan nire liburua egotea. Bilbon txakurrekin bizi garenontzat ekitaldi bat sortzea ere gustatuko litzaidake, beste herrialdeetara lanagatik berriz ere bidaiatzea, markentzat edukiak sortzea, kanpaina solidario batekin kolaboratzea... nire hozkailuko atean amets asko daude apuntatuak.

Baina nahikoa jada hitzekin, ezta? Behean Maiderren argazkiak uzten dizkizut. Haatik, txakurrak gustuko badituzu eta bere lana sakontasun gehiagoz ezagutu nahi baduzu sartu bere webgunean eta jarraitu ezazu bere Instagram kontua, ez zara damutuko!