Xarlem creations: “Euskaldunak beti izan gara oso praktikoak.”

Xarlem creations: “Euskaldunak beti izan gara oso praktikoak.” Badira proiektu bereziak, balore eta grinekin apainduak. Horietako bat Xarlem Creations. Bitxiak egiten dituzte izen horrekin Maialen eta Larraitzek, egungo eredu kapitalistaren itsaso zakarretik at beste aukerak badirela erakutsiz. Larraitzekin hitz egiteko aukera izan dugu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xarlem-creations-201ceuskaldunak-beti-izan-gara-oso-praktikoak.201d/@@download/image/hasiberriak.jpg
2019/07/24

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Badira proiektu bereziak, balore eta grinekin apainduak. Horietako bat Xarlem Creations. Bitxiak egiten dituzte izen horrekin Maialen eta Larraitzek, egungo eredu kapitalistaren itsaso zakarretik at beste aukerak badirela erakutsiz. Larraitzekin hitz egiteko aukera izan dugu.
Xarlem creations: “Euskaldunak beti izan gara oso praktikoak.”

Pertsona berezientzat gauza bereziak egiten dituzuela esaten duzue, zer dira gauza berezi horiek?
Emakumeentzako eskuz egindako apaingarri eta osagarriak egiten ditugu. Normalean gure produktuak hiru taldetan sailkatzen ditugu. Alde batetik, bitxiak (lepokoak, belarritakoak, eskumuturrekoak…), bestetik oihalekin egindako produktuak (turbanteak, umeen logeletarako banderatxoak, diru-zorroak…) eta azkenik ezkontzetarako gonbidatuentzako apaingarriak. Hau da, burukoak, pamelak, apain-orraziak, loredun diademak eta abar.

Produktu guzti hauek egiteko etengabe gabiltza tela eta material berrien bila, eta atzerrira bidaiatzea asko gustatzen zaigunez askotan materiala kanpoan erosten dugu, Maroko edo Asian esate baterako.

Nori zuzenduak daude?
Gure produktuak gustatzen zaizkion edonorentzat dira. Gure bezero batzuek dioten bezala: Honek “Xarlem estiloa du!” Bada estilo hori gustatzen zaion edonorentzat. Azken finean, gure bezeroak estilo ezberdinak dituzte gustuko, eta nahiz eta produktu berdina erosi bakoitzak bere estiloan barneratzen du gure produktua. Hori ikustea oso aberasgarria da guretzat.


Nondik sortu zitzaizuen ideia?
Guk beti diogun moduan, bizitza guztia daramagu elkarrekin. Gure gurasoak lagunak dira eta gu ere koadrilakoak gara. Bioi eskulanak egitea asko gustatu izan zaigu beti eta bakoitzak bere bitxiak egiten zituen. 2010. urte aldera biok genuen materiala elkartzen hasi ginen eta hor sortu ziren Xarlem-eko lehen “piezak”.

Orduko gure helburua guretzako bitxiak egitea zen. Jendeak ordeak hauek erosteko asmoa erakutsi zuen eta poliki poliki pare bat azokatan egon ginen, ondoren blog bat sortu genuen... eta orain arte. Duela 9 urte guztia oso ezberdina zen!

Aurretik bazenuten bitxiak sortzen esperientziarik ala ikaste prozesu etengabea izan da?
Aipatu bezala hasiera batean bakoitzak bere aldetik lantzen zituen materialak. Maialenek fimoa erabiltzen zuen eta nik puntilla teknikak, irudikatu beraz zenbat aldatu den gure estiloa eta produktuak! Eta eskerrak! Gainontzekoa gure kabuz ikasten goaz.

Zein dira sortzeko zailenak?
Zailenak burukoak, pamelak eta gerrikoak dira. Oso garrantzitsua da pieza guztiak bere lekuan jartzea gero aurpegi edo buruan neurrian gelditu daitezen. Gainera material garestiak izaten dira eta zerbait gaizki ipintzen baduzu gero ez dago atzera bueltarik!

Loreak ere, gehienetan naturalak erabiltzen ditugunez moztu eta banan banan ipintzen joaten gara, horrek eskatzen duen denborarekin. Dirudiena baino zailagoa da! Gainera, produktu hauek enkarguz eta pertsonalizatuak egiten ditugu, beraz, bezeroarekin hitz egiten dugu, eraman nahi duen look-az eta orrazkeraz galdetu eta horrekin ondo doakion zerbait adosten dugu. Horretarako, ezinbestekoa da bezeroarekin harreman on bat sortzea.

Salmenta burutzerako garaian nola funtzionatzen duzue?
Bezeroak gurekin sare sozialen bidez jartzen dira harremanetan, batez ere Instagram bidez (@xarlemcreations) eta bertatik kudeatzen ditugu salmentak. Hasiera blog bat baldin bagenuen ere, web gunerik ez edukitzea erabaki genuen, horrek bilduma zehatz bat egitera behartzen gintuelako eta guri produktu berriak edo pertsonalizatuak etengabe sortzea gustatzen zaigulako. Badakigu lan bikoitza dela, baina dinamismo hori asko gustatzen zaigu. Beti produktu berdinak errepikatzen ibili beharko bagina aspertu egingo ginateke, bai gu eta baita bezeroak ere!

Antolakuntzari dagokionez, lana banatu egiten dugu. Maialenek oihalezko produktuak egiten ditu eta nik ezkontzetarako apaingarri eta bitxiak. Gainera, Elgoibar eta Donostian bizi gara eta bidalketak puntu ezberdinetatik egiten ditugu.

Zein da jendeak gehien eskatzen duen produktua?
Dudarik gabe buruko turbanteak edo bandanak. Heldu zein umetxoentzat. Zoramena izan ohi da batez ere uda partean, baina oro har, urte osoan saltzen ditugu neguan eta udan oihal ezberdinekin egiten ditugulako.

Zein dira zuen gustukoenak?
Turbanteak eta ezkontzetarako apaingarriak. Turbanteak, produktu bezala duten erabilgarritasunagatik, eta ezkontzetarako apaingarriak pieza bakoitza bakarra delako. Batzuetan buruko oso berezi bat egin ostean pena ematen digu bezeroari entregatu eta agur esan beharra, baina bezeroek ezkontza egunean look osoarekin argazkiak bidaltzen dizkigutenean asko pozten gara.

Etorkizunera begira produktu berriren bat sortzeko asmorik bai?
Bai, uda osterako badauzkagu pieza berri batzuk dagoeneko, bisuteriakoak batez ere. Mila ideia berri dauzkagu buruan, baina denbora falta izaten da gure arazo nagusiena.

Honetatik bizi al daiteke?
Lehen aipatu bezala Xarlem Creations ez zen marka edo enpresa bat izateko asmoarekin sortu. Guk beti esan izan dugu zaletasun bat izatetik eginbehar bat izatera pasatzen zen unean utzi egingo genuela... baina ez dugu hitza bete eta urte batzuk daramatzagu enpresa moduan.

Gure kasuan ordea, bakoitzak bere ikasketekin lotuta lan bat dauka eta Xarlem bigarren plano batean geratzen da. Hau da, ez diogu lanaldi oso bat eskaintzen. Halere, ikusirik dugun lan eskerga, honetatik bakarrik bizitzea erabakiko bagenu bideragarria izango litzatekeela esango nuke. Alabaina, ez dut aipatu gabe utzi nahi izugarrizko lana dela. Gauzak ondo egin nahi direnean eta marka bat enpresa izatera pasatzeko pausoa ematen denean kontuan izan behar dira horrek dakartzan gastu guztiak.


Euskaldunok modari kasurik egiten al diogu?
Bai, dudarik gabe gainera! Agian ez daukagu modan dauden gauza guztiak erosteko fanatismo itsu hori, baina denboraldi bakoitzean tendentzian dauden pare bat arropa edo apaingarri erosi eta ondoren gure estiloan txertatzeko joera badago.

Gainera, fenomeno berezi bat sumatzen ari gara azken aldian. Lehen herrietan gehiago kostatzen zen modan zeuden arropak eramatera ausartzea. Orain aldiz, Donostian adibidez jendeak arropa erosoagoa eramateko joera du eta herrietan jendea estilo gehiagoz, dotoreago doa. Guk beti jartzen dugu Elgoibar, Eibar eta Beasainen adibidea, bertan jendea poteora ezin dotoreago doa!

Zein da euskal estiloa?
Estilo ugari daude, baina batez ere estanpatu gehiegirik gabeko estiloa da nagusi. Gehien bat basikoekin janzten gara euskaldunok eta horri modan dagoen zerbait gehitzen diogu. Adibidez, kirol oinetako batzuk edo jaka berezi bat. Estanpatuak osagarritarako erabiltzen ditugu (poltsak, turbanteak, belarritakoak...). Oso praktikoa da egia esan ideia hau. Behin basikoak edukita look-a aldatzeko apaingarriak aldatzea besterik ez da behar. Euskaldunak beti izan gara oso praktikoak!

Zuen produktuak, lehen begiratuan bederen, emakumezkoei zuzendurik daude, gizonezkoentzat zerbait egitea pentsatu al duzue inoiz?
Bai, bai, zelako galdera ona! Jende askok galdetu ditu eta badugu buruan aspalditik “Xarlem men” saila baina ez dugu inoiz abian jarri. Pare bat ideia dauzkagu buruan, baina ez dakigu euskaldun mutilak erostera ausartuko ote liratekeen. Hala ere, gure bezeroen eskakizunak entzutea gustatzen zaigu, beraz, mutilak, iradokizunak ongi etorriak dira!