Kritika kritikagarriak

Kritika kritikagarriak https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/kritika-kritikagarriak-1/@@download/image/ilustrazioa_213.jpg
2020/01/15
ilustrazioa

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

 

Ilustrazioa: Beñat Rodriguez
@studioolrait

Kritika kritikagarriak

Ez dakit nire sentsazioa den soilik, baina iruditzen zait Euskal Herrian proiektu berri bat estreinatzen den bakoitzean, lan horrek akatsak baditu ala besterik gabe ikuslearen gustukoa izan ez bada, maiz aitzakia ugari bilatzen direla; ˝errodajean arazo hau izan genuen eta horregatik atera da hori gaizki”, “ez dakit zeinek mugak jarri zizkigun eta moztu behar izan genuen”, “argitaletxeak hau esan zidan eta gero kontrakoa...”, “eguraldi txarraren eraginez kanpoko sekuentziak aldatu behar izan genituen...” eta abar.
Gai honetan erradikal samarra naizela aitortu behar dizut: ikaragarri aspertzen nau guzti honek eta apur bat injustua iruditzen zait ikuslearen iritzi negatiboa aldatzeko intentzioz “aitzakiak” jaurtitzea. Uste dut zorrotzago jokatu beharko genukeela, zintzotasun gehiagorekin, errespetuz jakina, baina kritika konstruktibo bat egiteko intentzioz ari bagara, gustuko ez ditugun proiektuak kritikatzeko askatasun osoa izan beharko genukeela uste dut eta zalantzak dauzkat hori horrela ote den. Euskaraz egin den telesail, film edo dana dalako proiektu bat kaxkarra iruditu bazaizu, kontrako iritzi hori lasaitasun osoz partekatuko zenuke Twitterren?
Jatetxe batera bazoaz eta atera dizuten janaria gustuko ez baduzu edota txarra badago, ziur nago ez dela inoiz sukaldaria sukaldetik aterako eta: “Bai begira, lehen platereko tomateak txarrak zeuden, atzo azokara joan nintzenean istripu txiki bat izan nuelako eta...” ala “postrea gozoegia zegoen, azukrea botatzera joan naizenean, potea hautsi egin delako eta behar adina baino gehiago erori delako...˝. Pentsaezina eta ia ridikulua ezta? Kontsumitzaile bezala “azken produktua” dastatzen ari zara eta iruditzen zait tartean gertatu diren gorabeherak ez dizkigutela zertan kontatu behar. Jatetxe batean hori gertatzen ez den bezala, gainerako alorretan ere berdina izan beharko luke. Beste kontu bat da proiektu horren egileek beharra sentitzea gertatukoa kontatzeko edota izan diren zailtasunen artean zerbait salagarria egotea noski, baina horrek ez luke zertan zure azken produktuarekiko pertzepzioa aldatu behar.
Sare sozialetan karaktere kopuru murritz horietan egiten dena salbu, iruditzen zait urteen poderioz gurean egiten denaren inguruko kritika galtzen ari dela, eta kritika beharrezkoa iruditzen zait. Musikari, literaturari edota zinemari buruzko eztabaida sortzeko adibidez, diskoen balioaz eztabaidatzeko, hizkuntzaren presentzia agerian uzteko, ikuspuntu ezberdinak erkatzeko, disko, liburu eta film batzuen handitasuna edo txikitasuna erlatibizatzeko eta abar. Gure kulturaren gaineko ikuspegi kritikoa eraikitzen hasteko azken finean.