DANTZA, BERTSOA, KALE ANTZERKIA, MUSIKA ETA BESTE HAINBAT JARDUERA IZANGO DIRA BILBOKO AUZOETAN

DANTZA, BERTSOA, KALE ANTZERKIA, MUSIKA ETA BESTE HAINBAT JARDUERA IZANGO DIRA BILBOKO AUZOETAN 100 hitzordu baino gehiago izango dira eta maiatzean eta ekainean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dantza-bertsoa-kale-antzerkia-musika-eta-beste-hainbat-jarduera-izango-dira-bilboko-auzoetan/@@download/image/Argazkia+CÍA.+CRIS+CLOWN+Zorrotza+2024.jpg
2024/04/26
100 hitzordu baino gehiago izango dira eta maiatzean eta ekainean.
DANTZA, BERTSOA, KALE ANTZERKIA, MUSIKA ETA BESTE HAINBAT JARDUERA IZANGO DIRA BILBOKO AUZOETAN

Udaberrian hainbat kultur jarduera izango dira Bilboko auzoetako kale eta plazetan, publiko zabalari begira eta doakoak. Jarduera guztiak maiatzaren 1etik ekainaren 30era bitartean egingo dira, uztailaren 1ean hasiko den Bilboko Kalealdia jaialdiari bide emanez.

Askotariko ekintzak programatu dituzte, ehun baino gehiago: dantza, kalea antzerkia, musika, klowna, bertsolaritza... Jarduerak Udaberriko Bertso Saioak, Magiaren Topaketak, Musikauzo, Bilboko Dantzaguneak Kalera, Santutxu Kolorea, Clown Zorrotza, Dantza Plazetan eta Ibaiondo Dantzan programen barruan biltzen dira. Hogeita hamar ikuskizun estreinatuko dira eta artista gehienak bilbotarrak edo bizkaitarrak izango dira.

MusikAuzok kontzertu eta kalejira sorta zabala eskainiko du Bilboko auzoetako plaza eta kaleetan, maiatzaren 16tik aurrera. 48 musika-emanaldi daude aurreikusita, 35 kontzertu eta 13 kalejira. 

Magiaren Topaketak maiatzaren 3tik 26ra izango dira eta honako ikuskizunak egongo dira, besteak beste: Magoak eta psikikoak. Paranormalaren eta ilusionismoaren arteko mugaEuskal Magoak on Stage gala; Imanol Ituiñoren Magia parrastan; eta Hodei Magoaren Wonder. Gainera, ekimenak 20 urte betetzen dituenez, ibilbidea erakusten duen argazki erakusketa bat ere irekiko da, maiatza osoan bisitatu ahal izango dena Otxarkoagako Udaltegian, 08:30etik 21:00etara.

Clown Zorrotza ekimena maiatzaren 31tik ekainaren 1era antolatuko dute, eta Teatro Sobre Ruedas, Chris Clown, Goitibera Antzerkia, Anna Confetti konpainia, eta Colette Gomette eta Anna De Lirium taldeek hartuko dute parte.

Dantza emanaldi ugari
Bilboko dantza eskola eta ballet akademien lana jendartean zabalduko da ekainaren 1ean eta 2an. Zortzi dantza-konpainiaren proposamen garaikideez ere gozatu ahal izango da Miribillan, ekainaren 21etik 23ra. 

Ekainaren 7tik 9ra, dantza garaikidea eta euskal musika tradizionala uztartuko dute Santutxun. Ekainaren 8an, Tuterako Laya Kultur Elkartearen eta Monteagudoko dantzari taldearen dantza ikuskizun bat ere eskainiko da, makil dantza, dantza eta herri antzerkia batzen duen euskal folklore manifestazio bat. Ekainaren 9an erraldoien kalejira egingo da Bizkaiko eta Nafarroako ordezkariekin.

Bestetik, Dantza Plazetan ekimenak euskal dantzak hiriko txoko guztietara hurbilduko ditu maiatzean eta ekainean.

Udaberriko bertso saioak
Santutxuko Bertso Eskolaren ekimenez, hainbat bertso saio izango dira auzoan, maiatzaren 4an, 11n, 18an eta 24an. Hamalau bertsolarik hartuko dute parte, tartean Jon Maiak, Onintza Enbeitak, Maialen Lujanbiok, Oihanak Bartrak eta Amets Arzallusek. 24koan, bertso poteoa egingo dute, Karmelo Plaza inguruko kaleetan.