Kepa Errastiren 'Postdatarik gabeko gutunak' antzezlana izango da igandean Bilbon

Kepa Errastiren 'Postdatarik gabeko gutunak' antzezlana izango da igandean Bilbon Antzezlanak askatasuna, bakarkadea, zaintza eta beste hainbat gai jorratzen ditu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kepa-errastiren-postdatarik-gabeko-gutunak-antzezlana/@@download/image/postdata albiste.png
2024/04/26
Antzezlanak askatasuna, bakarkadea, zaintza eta beste hainbat gai jorratzen ditu.
Kepa Errastiren 'Postdatarik gabeko gutunak' antzezlana izango da igandean Bilbon

Datorren igandean, apirilaren 28n, Kepa Errastik idatzitako Postdatarik gabeko gutunak antzezlana eskainiko dute Bilboko BBK aretoan. "Bakarrizketa lagundua" dela aipatu dute sortzaileek, pertsonaia nagusiak mutua den baina zeresan handia duen beste pertsonaia bat ere bai baitu ondoan. 

Antzezlaneko protagonista den Mikelek bost urte eman ditu preso, eta ordubete geratzen zaio bizimodu berri bat hasteko: "Ordubete hau inoiz parez pare ezagutu ez duen igorle misteriotsu bati eskainiko dio. Izan ere, azken hilabeteetan gutun misteriotsu batzuk jaso ditu bere burua identifikatu ez duen norbaiten partetik. Eskutitz guztiek ezaugarri bera dute; postdataren lekua hutsik uzten du igorleak. Charlotez jantzitako pianista mutu baten laguntzaz, bere bizitzaren errepaso bat egingo du, jasotako gutunak gogoratuz, igorle misteriotsua nor den jakin arte".

“Aske izanda ere sentitu zaitezke bakarrik?” galdetzen dio bere buruari Mikelek obrako momentu batean. Erantzun bat bilatu nahian makina bat hizketagai etorriko zaizkio: bakardadea, maitasuna, askatasuna, zaintza eta autoestimuaren garrantzia.

Ikuslea, obrak aurrera egiten duen heinean,  gero eta gauza gehiagoren jakitun izango da eta hasierako galderak erantzuten joango da. Piezak lotuko ditu, puzzlea osatu arte. 

Antzezlanaren testua Kepa Errastik idatzia da eta bertan irakurtzen diren gutunak, berriz, Iñigo Legorburuk. Getari Etxegaraik zuzendu du obra, eta oholtzan Kepa Errasti bera eta Nerea Ariznabarreta aritzen dira.

Bilboko emanaldia 19:30ean izango da eta hemen eros daitezke sarrerak.