ARTIBISTEN BOTEREA

ARTIBISTEN BOTEREA https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/artibisten-boterea/@@download/image/ilustrazioa_194_gaztezulo editoriala.jpg
2018/05/07

 

Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi

Ilustrazioa: Beñat Rodríguez @studioolrait

ARTIBISTEN BOTEREA

Artea entzumenez jasotzeko egina dago; ikusteko, entzuteko, usaintzeko, ukitzeko. Hartzailearen garunean sentsazioak eragiteko ahalmena du, onerako zein txarrerako. Zenbatetan izan zara sorkuntza lan baten lekuko eta zenbatetan eragin dizu poza, nazka, inpotentzia, desioa...?

Artea eta aktibismoa historikoki hertsiki loturik bizi izan dira, pentsamendu kritikoa sortzeko helburuz. Bide malkartsu horretan eta mendeetan zehar hainbat eszenatoki ezagutu ditu artibismoak:

Eliza, neuromarketin tekniketan aitzindari. Mundu osoko hiri zein herrixketan zabaldutako egoitzetan margoa, eskultura edota musika erabili izan dute –gizartearen analfabetismoaren arrastoa probestuz– nonahi dauden jainko ikusezinen inguruko ipuin fantastikoak kontatzeko.

Egungo pulpituek bestelako itxura dute, ordea. Alfonbra gorri batek gizartearen imajinarioan izan dezakeen eragina neurtezina da. Sari banaketa ekitaldiak mezu subliminalak bideratzeko makinak bilakatu dira. Aktoreek aldarrikapenak zabaltzeko fokua bereganatu dute, zinema mezu kritikoak zabaltzeko erreminta eraginkorrenetakoa baita.

Garai batean antzerkia goi-mailako gizarteari zuzendutako artea izanik, antzokien eszenatokiak mezu propagandistikoak zabaltzeko erabiltzen zituzten. Bitartean, kale antzerkigileek jazarpena sufritu dute herriko jendearen memoria kolektiboan eragiteko ekintzak antolatzea egotzita.

Lehengo estudioetako margolariek ere kaleak hartu dituzte, atzamar arinez, gizarte gatazken salatzaile lanetan aritzeko prest. Zeharkako begiradaz, ia oharkabean, hormetako irudiek geure eguneroko imajinarioa eraikitzen laguntzen digute. Eta horixe da benetako boterea, artearen eragina gutxiesten dituztenen adimena desafiatzea.