Zure arazoak... Klaudioren esku

Zure arazoak... Klaudioren esku https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zure-arazoak-klaudioren-esku/@@download/image/79p11klaudiolan_1363804712.jpg
2007/11/02
erreportajea
Ekhi Erremundegi
Zure arazoak... Klaudioren esku


Klaudio Landa Sorginen Laratza telesaioan ezagutu nuen. Aitortuko dizuet ez zitzaidala batere gustatu. Pailazoa zen, Euzkitzeren txotxongiloa, nola erran... super txatxi piruli!!! Ez dut pertsonalki ezagutzen; ezin erran egiazki halakoa zen edo halakoa izatea eskatzen zioten...

ETB2 gutxi begiratzen dudan telebista katea denez, gure artista aspaldi ikusi gabe nengoen, eta ETB1eko saio berria iragartzen zuen publizitatea ilusita, harridura sentitu nuen. "Hara! Hara! Berriz itzuli da!".

Programaren kontzeptua nahiko ohikoa iruditu arren, begiratzea erabaki nuen, eta Klaudio bere rolean ari zela iruditu zitzaidan, edo behintzat, ongi jokatzen zuela, ahots goxoarekin, laguntza behar duen horri eskainiko ziola aginduz, psikologoa balitz bezala. Baina fite lurreratu nintzen nire ametsetatik: "Ekhi, uste duzu benetan programa horrek jendea laguntzea duela helburu?". Ez dut uste! Etsiturik neska bila dabilen tipoak xantza gehiago du telebistatik pasatu ondoren? Ez ote da euskaldunok izan ditzakegun arazoez baliatzea ikusleei realityshowa saltzeko?

Hain zuzen, Klaudio: arazo bat dut! Telebista saioei buruz kronikak egin behar ditut hilabetero, baina ETBkoak hautatzen ditudanean, oso zaila egiten zait kritika ona egitea... Lagunduko nauzu?

Joan etorrian



Aurreko Gaztezulon, Anjel Alkain eta bere taldea telebistatik joatearekin sentituriko pena helarazi nahi izan nuen, baina ez du luze iraun! Badatoz berriro! Noaoa! izena izango du saioak, eta Wazemanki erreleboa emango dio. Astean zehar gertatutakoa umorez komentatuko dute. Klaudioren laguntzarik gabe kritika ona egiteko aukera...

Iparraldearen bost minutuak



Garaian, Ipar Euskal Herriko albistegiak, aurkezle eta guzti, beste albistegien modura aurkeztuak ziren. Gaur egun, hori ere ez da Iparraldearen orena 5 minutuz aurkezteko garaian. Ipar Euskal Herriak oso leku txikia du Euskal Telebistan eta denbora joan ahala gauzak ez dira hobetzen. Telebistak ezin du muga zeharkatu?