Ahozko sorkuntzan aritzen diren gazteei zuzendutako Ahots Baten sormen-egonaldiak antolatu ditu Euskaltzaindiak
Euskaltzaindiak Mintzola egitasmoaren bitartez antolatzen duen Ahots Baten sormen-egonaldia iragarri du abendurako. Ekimena ahozko sorkuntzan aritzen diren gazteei zuzenduta dago, "haien sormena sustatu, euren arteko harremanak sortu eta esperimentatzeko espazio bat" eskaintzeko.
Hamabost eta hogeita bi urte bitarteko gazteek parte har dezakete sormen-egonaldian. Aurten Nafarroako Arantza herriko aterpean izango da, abenduaren 26tik 30era.
Sormenarekin lotutako hainbat arlo landuko dituzte, besteak beste, bertsolaritza, literatura, kontalaritza, kantagintza eta antzerkia. Tailerrak eta emanaldiak emango dituzte bertaratuko diren sortzaile gonbidatu hauek: Olaia Aguayo aktorea, Maruxak musika taldeko kideak, Maite Caballero ilustratzailea, Harkaitz Cano idazlea eta Miren Amuriza eta Ekhiñe Zapiain bertsolariak.

Egonaldietan izena emateko epea irekita dago abenduaren 4ra arte, Euskaltzaindiaren webgunean. Matrikularen prezioa 130 eurokoa da, autobusa, lotarako lekua eta jatekoak barne.
