Ze plan astebururako?

Ze plan astebururako? Uztaila azkar batean amaitu baino lehen, gozatu asteburuko plan zoragarriez! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-astebururako-80/@@download/image/summer-fun.jpg
2018/07/19
Uztaila azkar batean amaitu baino lehen, gozatu asteburuko plan zoragarriez!
Ze plan astebururako?

ERRENTERIA: Madalenak

Aurtengo Madalenak ate joka dauzkagu! Azkenengo urteetan bezalaxe jai giroan gozatzeko aukera izango duzu uztailaren 21aren aurreko egunetan hasi eta uztailaren 25a arte. Programa zabala izango dute herriko jaiek, eta musikak presentzia berezia izango du. Zeren zain zaude EGITARAUA ezagutzeko?
 
 
ZARAUTZ: Adarretatik
Uztailaren 20tik 22ra plan berri bat proposatzen dizugu! Adarretatik musika jaialdi berria egingo dute Zarautzen. Hamabi talde taularatuko dira hiru espaziotan. Besteak beste, Elkano Browning Cream eta Jean Marie Ecay, Akatz, Buffalo eta Rafa Rueda ariko dira zuzenean, eta baita uztailaren 20an, Sara Mansilla; uztailaren 21ean, Juan Valls; eta uztailaren 22an, Oso Fan. Musika Plazan, berriz, Rafa Rueda ariko da uztailaren 20an. Ez galdu!
 
 
 
GETXO: Bette Smith

Bere jaioterri den Brooklynetik, Bette Smith artistaren blues urratzaile eta soul sutsuak hegoaldeko musikaren arima hurbilduko du ostiralean, hilak 20, 20:00etan, Getxo & Blues Nazioarteko Jaialdian. Sekulako plana asteburu honetarako; Smithen ahots urtsu eta hareatsua une gorenera heltzen da, eta Betty Davis edo Tina Turner dirudi kanta batzuetan eta funky txundigarria beste batzuetan. Galduko duzu?

 

 

GASTEIZ: Carla Bruni

Ostegun honetan, hilak 19, Gasteizko Jazzaldian izango da abeslari frantziarra, Mingus Big Bandarekin batera. Carla Bruniren ahots gozoak kulunkatzea nahi baduzu, korri Mendizorrotzako Polikiroldegira!

 

DONOSTIA: San Telmo Gaua: Black Is Beltza

Larunbat honetan, hilak 21, hurbildu Donostiako San Telmo Museora. Uztaileko San Telmo Gauak Black is Beltza erakusketa izango du ardatz. 20:30etik 24:00etara aldi baterako erakusketak, eliza eta klaustroa irekita egongo dira, eta, gainera, taberna zerbitzua eta zuzeneko musikaz gozatzeko aukera egongo da talde hauekin: The Sey Sisters, Bad Sound System, DJ Unai Muguruza. Plan borobila!

 

BERA: Kabia kultur espazioaren inaugurazioa: "Muga" erakusketa eta Ekizaren kontzertua

Asteburua ondo amaitzeko, igandean bisitatu Beran ireki berri duten Kabia kultur espazioa. Larungo Kaiola ostatuak kulturari ateak zabaldu nahi dizkio, ostatuaz gain bertara heltzen diren guztiei kultur eskaintza bat emateko intentzioarekin Kabia kultur espazioaren ateak zabalduko ditu uztailaren 22an, Asier Gogortza argazkilariaren Muga erakusketarekin eta Ekiza musikariaren kontzertuarekin. Erakusketa uda osoan egongo da zabalik eta kontzertua arratsaldeko 16:00etan izango da.