Udako narrazioak (VII): 'Esnatu naiz'

Infernuko soinua. Goizeko zazpiak dira eta iratzargailuak jo du. Lasai asko bizi izan naiz oporretan halako zarata higuingarririk entzun gabe. Jaiki egin beharko dut, ama altxatzeko garaia dudala esatera etorri baino lehen.
Mugikorra hartu eta Instagramen sartu naiz, lo nengoen bitartean galdu ditudan argitalpenak ikusteko. Taylor Swiftek diskoa aterako omen du urrian. Badut eskolara bidean entzuteko udazkenerako soinu banda berria. Kai Nakairen azken TikTok-eko bideoa ere majo zabaldu da.
Sukaldera joan eta ama topatu dut gosaria prestatzen. Lehen eguna garrantzitsua denez, eta aldapa samurtzeko ziur asko, tortilla bat egin dit, ohiko zerealak alde batera utzita. Azkar irentsi dut, kafesnearen laguntzaz, eta prestatzera joan naiz.
Kostatu zait zer arropa jantzi aukeratzea, baina bezperatik buruan nuena hautatu dut azkenean. Korridorean barna, pasaeran ama agurtu eta berehala geldiarazi nau, bizkar-zorrorik ez al dudan eraman behar galdetuz. Aurkezpena besterik ez dela esan diot, ez dudala bestelakoen beharrik. Koadernoa eta boligrafoa hartzeko esan dit behintzat, oharren batzuk idatzi edo paperak barrualdean sartu ahal izateko. Kopeta zimurtu eta gelara itzuli naiz, amaren agindua betetzera. Poltsan sartu eta etxetik atera naiz, amari eskatu didan musua eman gabe.
Musika jarri dut belarrietan, kuadrillako lagunaren etxera iritsi bitarte. Kerobiaren kontzertuan izan ginenetik, egunero entzuten dut euren kanturen bat. Ainhoa ez da bakarrik atera ataritik, Gorka du bere ondoan, geure adineko bizilaguna. Eskola ezberdinetan ibili izan gara orain arte, baina orain institutu berean izango gara antza. Parrandetan ikusi izan dugu elkar, bere kuadrillakoren batekin badut tratua, baina ez dut sekula berarekin hitzik egin izan. Lotsati antzean agurtu dugu elkar.
Lagun gehiago batu zaizkigu bidean eta institutuko areto nagusira jo dugu, bertan eman behar baitizkigute azalpen orokorrak. Gero, ikas-taldetan banatu gaituzte eta nire adar berean ikasiko duten kuadrillako hiru lagunak beste gelan egongo direla jakin dut. Gogorra egingo zait hainbeste urteren ondoren eurengandik aparte izatea. Bakarrik sentitu naiz bat-batean, baina gelara heldu bezain pronto, non eseri erabaki ezinda nengoela, neska ilehori kizkurdunak bere ondoan esertzeko gonbita egin dit. Irribarre egin eta aldamenean eseri natzaio.
Gustura atera naiz ikasgelatik. Itxura ona hartu diot ikasturteari, tutoreak jatorra dirudi eta bizpahiru ikaskide ezagutu ditut gelan egon garen ordu erdi eskasean. Biharko lehen hartu-emanak eginda eta mahai-laguna adostuta izateak izugarrizko lasaitasuna ematen dit.
Etxera bidean jakin dut Gorka nire gela berean dagoela. Nahastu egin omen da eta geroago sartu omen da gelan, erdi lotsatuta eta erdi ezkutuan. Harritzekoa tutoreak nabarmendu ez izana, ez zuen lehen egunetik denon aurrean irrigarri utzi nahiko. Uste baino jatorragoa iruditu zait Gorka, eta bere atarira iristean, poztu egin naiz hurrengo egunean berriz ikusiko dudalako.
Lehen eskola egun ofiziala izanik, elkarrekin topatu dugu eguneko lehen irakasgaiaren ingurukoak jasoko ditugun gela. Goizeko zortziak dira eta erdi lo gaude oraindik gehienak. Barrura sartu eta nire ondoan eseri da Gorka. Atzo ezagutu nuen neska ilehori kizkurduna, ez dut gogoan bere izena, bakarrik eseri da. Gaizki sentitu naiz hori ikustean, baina aurrean ditu bere bi lagunak. Ez dago bakar-bakarrik, beraz. Halako batean, begiratu egin nau, eta irakaslearen mahairantz, aurrera, zuzendu dut burua, ez ikusiarena eginda.
Gorkaren alboan egon naiz eserita eguneko eskola guztietan, eta atsedenaldia ere berarekin eta haren lagun batzuekin igaro dut. Ez dut Idoiari -horrela baitu izena atzoko nire mahaikideak, entzun berri dudanez- begiratzeko ausardiarik izan, ezta pasilloan gurutzatu garenean ere.
Kontu-kontari joan gara Gorka eta biok etxerako bidean, Ainhoari lehen eguneko gorabeheren berri emanez, eta elkarrekin barrezka. Atarian sartu direnean, Ainhoak begi-keinua egin dit atea ixterakoan.
Afalostean, ohean etzan naiz musika entzuteko. Goizetako infernuko soinu horren ordez, mugikorrean kantu bat jartzea bururatu zait, modu goxoagoan iratzartzeko. Kerobiaren abesti bat jartzea izango dut onena, azkenaldian buruan bueltaka baititut haien doinuak. Aukeraketa lanetan nabilela jaso dut Gorkaren mezua. Arratsalderen batean elkarrekin geratu eta geure musika playlist-ak elkarrekin entzun ditzakegula aipatu dit, ezagutzen ez ditugun eta gustuko izan ditzakegun kanturen batzuk aurkitzeko asmoz. Atsedenaldia ere horretarako probestu dezakegula bururatu zait, baina ez diot ezer esan, berarekin denbora gehiagoz egoteko gogotsu bainago. Ahaztu baino lehen, biharamunerako eta hurrengo egunetarako abestia ezarri dut, alarmarekin batera. Musika lasaia entzuten ari naiz, erlaxatzeko.
Institutuko pasilloan nago, gelan sartzeko zain. Irakasleak atea zabaldu eta barrura sartu naiz, azken egunetako toki berean esertzeko asmoz. Gainerako ikaskideak ere sartzen ari dira, baina ez da Gorkaren arrastorik. Irakaslea azalpenekin hasi da, eta Gorkaren konpainiaren falta sumatzen ari naiz. Idoia dagoen aldera begiratu dut, eta gelako kideren bat du ondoan jarrita. Elkarri oharrak idazten ari dira, eta barre txikiak eginez.
Atsedenaldian Gorkaren lagunak ikusi ditut eta gaixo al dagoen galdetu diet, ez baitie nik bidalitako mezuei erantzun. Ezezkoa erantzun didate, aurki azalduko dela, institutuan dagoela. Gaizki-ulerturen bat izango dela pentsatu dut, eta klasean ez dela izan azaldu diet, eta ez dela Ainhoarekin eta biokin etorri goizean. Orduan azaldu didate gela-aldaketa eskatu duela Gorkak, eta, arduradunek halakorik onartzea oso zaila izaten den arren, hemendik aurrera Ainhoaren gelan egongo dela. Zur eta lur geratu naiz, eta negargura eman dit.
“Gabetan maiz ohe infinituan nago/ Ametsetan pantaila beltza ikusteko”, entzun dut. Goizeko zazpiak. Esnatu naiz.
AURREKO NARRAZIOAK
Udako narrazioak (VI): 'Errekarriak'
Udako narrazioak (V): 'Postala'
Udako narrazioak (IV): 'Altxorraren bila'
Udako narrazioak (III): 'Hodeietan gozo'
Udako narrazioak (II): 'Ziztada'
Udako narrazioak (I): 'Itsasoaren besarkada'