Udako narrazioak (V): 'Postala'

Udako narrazioak (V): 'Postala' https://www.gaztezulo.eus/albisteak/udako-narrazioak-v-postala/@@download/image/pexels-pixabay-161863.jpg
2022/08/17
erreportajea

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Igerilekutik bueltan lagunekin tragoa hartu, mokadutxoa egin eta etxera itzuli naiz telesail edo filmeren bat lasai ederrean ikusteko asmotan. Atarian sartu eta buzoira jo dut, gutunik iritsi ote den begiratzeko. Interesatzen ez zaidan propaganda eta faktura-gutuna besterik ez da barruan. Oroimina sortu zait bat-batean, garai batean udan jasotzen nituen gutun eta postalekin gogoratuz. Nekez iristen da halakorik egun.

Etxeko atea gurutzatu eta korridorean utzi dut igerilekuko trasteak dituen motxila. Berau hustu, zikin-pilara bota beharrekoak bota eta arropaz aldatu beharko nuke, baina, kolpean, azken egunetako nekea sentitu dut gorputzean. Sofan etzan eta film edo telesail bat ikusteko gogoari eutsi diot behintzat, osorik ikusteko gauza izango naizen zalantza badut ere.

Zer ikusi aukeratzea izaten da lanik handiena ematen didana. Aukera bakarra izatea mugatua da, noski, baina gehiegi izatea ere kaltegarria dela esango nuke. Eskerrak plataforma eta Interneteko algoritmoek lana errazten diguten (ironia tonuz irakurri, mesedez). Azkenean, Somebody Somewhere telesailari heldu diot. Hogeita hamar minutuko atalak dira, eta nire gorputzaldirako luzera aproposa dute beraz. Zazpi atal dira guztira baina lo hartu aurretik bizpahiru ikusten baditut, gustura!

Ordu eta hamar minutuan eutsi diot logurari baina betazalek pisatu egiten didate. Hamar minutuan neure buruarekin borrokan aritu naiz, begiak irekita mantendu nahian, baina azkenean amore ematea erabaki dut. Manta fina gainean bota, etzan eta Morfeoren besoetan hartu dut atseden.

Esnatu egin naiz halako batean eta mugikorra begiratu dut. Goizaldeko bostak. Erdi-lo nago oraindik eta gogoan dut izan berri dudan ametsa. Postal bat jaso dut etxeko postontzian, ahizpak Kanadatik bidalitakoa. Ilusioa egin dit baina inbidia galanta ere eman dit, bertako paisaia zoragarri baten irudia baitzuen eta ahizpak zein ederki zebiltzan kontatzen zidan. Aspaldian bidaia luzerik egin ez dudanez, buelta eman eta lokartzen saiatu naiz, pentsamenduak uxatzeko.

Goizean jaiki eta, azken orduetan piztutako harrari segika, gelako armairuaren goialdean gordeta dudan kaxaren bila abiatu naiz. Eskailera hartu, igo, kaxari heldu eta behera jaitsi dut. Ohe gainean eseri eta tapakia kendu diot kaxari, bertan zer aurkituko. Lagun-minak udalekuetatik bidalitako gutunak agertu dira lehendabizi. Unibertsitate garaiko lagunek idatzitakoak ere gordeta daude. Kantabriako lagun batek eskolako lan baterako niri buruz egindako soslaia eta lagunek niri buruz esandakoak jasota dituen papera aurkitu dut hurrena. Gogoan dut makina bat malkok egin zidatela irrist masailetan behera lagunek niri buruz esandakoak irakurtzean, eta oraingoan ere, urte ugari pasa izanagatik, ezin izan diot eutsi.

Postal mordoxka bat ere badira: Kubatik iristea bi hilabete kostatu zitzaion eta azalean Che Guevararen argazkia duena; kuadrillako batek bidalitakoa den Argentinakoa; Iguazuko ur-jauziak dituen beste bat; Esloveniako Ljubljana hiriburua agertzen dena; Turkiako gaueko irudi argitsu bat duena; Irlandako Kinsale herriko kale elurtsu baten argazki dotorearekin osatutakoa… Nik neuk bidali izan ditudanak hartzaileen eskuetan jarraitzen ote duten pentsatu dut ala bota egin ote dituzten, gurasoen etxean ahanzturan utzi edo zakarretara bota.

Azkenekoa boligrafo arrastorik ez duen postala da. Besteek ez bezala, ez dauka ezer idatzita atzealdean. Landerrek eman zidan, Eskoziatik iritsi eta gero. Hiru aste eman zituen han pare bat lagunekin, nik lan egin behar izan nuen abuztu batean. Detailea eskertu banion ere, zapore gazi-gozoa sortu zidan opari hark, ziur bainengoen azken momentuan aireportuan erositakoa zela. Bazekien Eskoziara joatea zela nire ametsetako bat, eta berarekin batera joan ahal ez izanak izugarrizko nahigabea eragin zidala. Ez zuen, ordea, min hura baretzeko adinako ahaleginik egin. Eta ez zen bere ardura izango akaso, baina eskertuko nion eskuzabaltasuna. Handik urte batzuetara atera ahal izan nuen arantza, lurraldeaz eta jendeaz bertatik bertara gozatu eta postaletarako moduko argazkiak atera bainituen.

Landerren postala hartu eta atzealdean idazten hasi naiz. Orduko hartan berak idaztea nahiko nukeen hura izkiriatuko dut. “Hepa, Lur. Zer moduz abuztua? Nagusia faltako da behintzat eta lasaiago ibiliko zara. Parranda asko egin al dituzu? Gu ederki gabiltza hemen, baina ikusi eta bizitzen ari garen une bakoitza zurekin partekatu nahiko nuke. Edinburgo zoragarria da eta asko gustatuko litzaizuke. Hiria bera ageri da azalean zuri-beltzean, Calton Hilletik begiratuta. Obanek ere ilunabar eder batekin hartu gintuen. Ivernessen gaude orain. Bueltakoan kontatuko dizut dena. Hurrengoan elkarrekin etorriko gara, bale? Besarkada handi bat eta musu potolo bat”.

Gosaldu eta kalera abiatu naiz. Estankoan zigilua erosi, etxeko helbidea idatzi eta Correoseko postontzian bota dut postala. Egun pare bat barru iritsiko dela pentsatu eta mandatuak egitera joan naiz.

Pintxo-potetik bueltan, buzoian begiratu dut. Osteguna da eta iritsiko zen beharbada. Behealdeko kristal zatian begiratuta, zerbait badagoela dirudi. Ireki eta Calton Hill agertu zait begien aurrean. Buelta eman, testua irakurri eta hasperen egin dut. Atariko atea zabaldu, bost metroz ibili, postala txiki-txiki egin eta paperontzira bota dut.

AURREKO NARRAZIOAK
Udako narrazioak (IV): 'Altxorraren bila'
Udako narrazioak (IV): 'Altxorraren bila'

Udako narrazioak (III): 'Hodeietan gozo'
Udako narrazioak (II): 'Ziztada
Udako narrazioak (I): 'Itsasoaren besarkada'