Nor da benetan Geronimo Stilton?

Z belaunaldiarentzat ezagunak dira Geronimo Stiltonen liburuak. Bere abenturak kontatzen dituen sagu idazlea da Geronimo Stilton. Stilton da liburuetako protagonista eta kazetaria eta editorea da Saguen Uharteko egunkaririk ospetsuenean. Bere benetako pasioa liburuak idaztea da ordea. Jakin-min handikoa da, gauza berriak ikasi zalea, eta etika eta moral balio irmoak ditu. Beldur asko ditu, betaurrekoak behar ditu ondo ikusteko, eta normalean traje berdea, alkandora zuria eta gorbata gorria izaten ditu soinean. Musika klasikoa entzuten du eta XVIII. mendeko gazta-azal finen bilduma osatzea du gogoko.
Stilton familiak adoptatu zuen gaztea zenean. Thea ahizpa gaztea, Benjamin iloba eta Trap izeneko lehengusua ditu. Bizitza lasaiaren zalea den arren, familiakoekin abenturak izaten ditu.
Stiltonen liburu aurkezpenetan Stilton sagua bera agertu ohi da, eta bere liburuak sinatzen ditu betiko jantzi eta itxuraz. Baina zein da benetan Geronimo Stilton pseudonimoaren atzean dagoen idazlea?
Elisabetta Dami italiarra da haur eta gazteentzako liburuen benetako egilea. 1990eko hamarkadan umerik ezin zuela izan konturatu zen, eta umeen ospitalean boluntario lanetan aritu zen. Garai hartan, Patch Adam medikuari entzun omen zion haurrek barre egin behar dutela sendatu ahal izateko. Hala, Geronimo izeneko sagu baldar bat protagonista zuten abenturazko eta umorezko istorioak kontatzen hasi omen zen bertako pazienteak entretenitzeko. Istorioak gogoko izan zituztenez, idazten hasi eta publikatu egin zituen azkenean.
Elisabetta Damiren hitzetan, “berari esker milioika haurren ama bihurtu nintzen eta dena lortzen laguntzen duen adiskidetasuna bizi izan nuen, baita keinu bakoitzari balioa ematen dioten zintzotasuna eta egiazaletasuna ere, aurrera egiten laguntzen dizuten jakin-mina eta abentura-senaz gain”.
Geronimo Stiltonen sagaren Lehendabiziko liburua 1997an publikatu zuen, bere aitak sortutako Dami argitaletxearekin. Bere liburuak 50 hizkuntzara itzuli dira. Italian 35 milioi kopia saldu ditu eta mundu mailan, berriz,180 milioi.
Zu ere Geronimo Stiltonen istorioen zalea al zara? Kontaiguzu sare sozialetan!