Txakurren bizitza luzatzeko medikamentuak garatzen ari dira

Estatu Batuetako Loyal bioteknologia enpresa txakurren bizialdia luzatu eta zahartzaroak osasunean eragiten dituen arazoak saihesteko farmakoen garapenean ari da lanean.
Txakur arraza txikiak, Chihuahuak esaterako, hamasei bat urtez bizi daitezke, baina handiagoak direnak, daniarrak adibidez, zazpi edo hamar urte arteko bizialdia izaten dute.
IGF-1 izeneko hormonak eragina omen du bizitzaren iraupenean eta txakur handiek maila altuagoan izaten dute. Garapen garaian azkar hazten laguntzen du hormonak, baina zahartu ahala, osasun arazoak sor ditzake.
Azaldu dutenez, metabolismoa moteldu egiten da denbora igaro ahala, eta insulinarekiko erresistentzia sor daiteke. Horri lotuta, osasun arazoak ager litezke. Metabolismoaren osasuna hobetuta bizi-itxaropena eta osasun oneko tartea luza litezkeela nabarmendu dute.
Loyal garatzen ari den LOY-001 medikamentuak txakur handiek zahartzaroan izaten duten IGF-1 maila murriztu nahi du. Hormonaren inpaktua gutxitu eta zahartze-prozesua geldotu nahi dute, txakurrak osasuntsu egon daitezen urte gehiagoz. Farmako hau albaitariek emango lukete, txerto bidez, hiru edo sei hilabean behin. Probak egiten aritu dira 400 txakur baino gehiagorekin, eta Estatu Batuetako Elikadura eta Sendagaien Administrazioaren lehen onarpena jaso du. Badirudi, prozesua ondo amaituz gero, 2026an erabiltzeko moduan izango dela.
Honekin batera, txakur arraza handien biziraupena luzatzeko beste sendagai bat ere, LOY-003, badute eskuartean. Errezeta bidezko pilula izango litzateke hau. Bestetik, hamar urte baino gehiago duten txakurrentzako beste medikamentu bat ere garatzen ari dira, LOY-002 izenekoa. Bi hauek 2027an eskuragarri izango direla aurreikusten dute.
Medikamendu hauen bidez txakurren bizitza gutxienez urtebete luzatu nahiko lukete, eta ahal izanez gero, baita bizpahiru urte ere. Horretaz gain, bizirik dauden artean haien osasuna hobea izatea ere bada jomuga