Gizonezko homosexualen porno ikusleen erdia emakumezkoa izaten da

Harrotasunaren Egunaren bueltan, Porhub guneak zenbait daturen berri eman ohi du, tartean gay komunitatearen ohiturak zeintzuk diren edota erabiltzaileak zeren bila aritu diren.
Aurten egindako ikerketaren arabera, gay pornoa ikusten dutenen % 47 emakumeak izaten dira. Ez da joera berria ordea. Porno guneak duela hamar urte jakinarazi zuenez, gizonezko homosexualak agertzen ziren edukiak ziren emakumeek gehien kontsumitzen zituztenetakoak, bigarren kategoria ikusiena hain justu.
Adinari dagokionez, gunean ibiltzen diren 18 eta 24 urte bitarteko neskek izaten dute gay pornoa ikusteko joera handiena, % 27 izaten da adin-tarte horretakoa. Gutxien, berriz, 65 urtetik gorakoek, emakumeen % 11.
Girls Who Like Boys Who Like Boys (Mutilak gustatzen zaizkien mutilak gustatzen zaizkien neskak) libururako 500 emakumeri egin zien inkesta Lucy Neville egileak eta hark ere nabarmendu zuen emakumeek homosexualak ziren gizonezkoen pornoaren zaleak zirela, haietako askok aipatu baitzuten "gizon biluziak" ikustea gustatzen zitzaiela.
Badirudi, beraz, emakume heterosexualei zuzendutako pornoan aurkitzen ez duten zerbait topatzen dutela. Batzuen iritziz gay pornoak ez du begirada maskulino hori izaten, porno heterosexualak gizonen desira hartu ohi baitu kontuan sarritan, emakumeena ahantzirik.
Bestetik, porno heterosexuala bortitza ere izan daiteke emakume askorentzat. Norberak bere bizitzan izandako esperientziak ekar ditzake gogora eta gogorra izan daiteke sexu-erasoak bizi izan dituztenentzat. Gainera, pantailan ikusten duten emakumearen egoerarekin eta ongizatearekin kezkatzea ere gerta liteke eta horrek ezinegona sor dezake ikusten ari den emakumearengan.