Gaizka Izagirreren pelikula gomendioa: 'AINDA ESTOU AQUÍ'

'AINDA ESTOU AQUÍ'
⭐⭐⭐⭐ (4/5)
Walter Salles
135 minutu
Prime Video/ Apple TV
Brasilgo diktadura militarrari buruzko pelikula bat baino askoz gehiago da: oinaze isilaren, erresistentziaren eta memoria familiarren erretratu intimoa da. Marcelo Rubens Paivaren memorietan oinarrituta dagoen film itzela sortu du Walter Salles zinegile brasildarrak. Narrazioak idazlearen gurasoengan jartzen du fokua, Rubens eta Eunice Paivarengan. Brasil, 1971; Brasilgo erregimen militarrak Rubens Paiva ezkerreko diputatua atxilotu ondoren bere emazteak, Eunice Paivak, borroka politikoan sartu behar izan zuen. Minaren eta erresistentziaren gaiari sentikortasun sakonarekin heltzen dio zinemagileak; sufrimendua modu esplizituan erakustea saihesten du eta inpaktu emozionala oso boteretsua da. Benetako izua isiluneetan azaltzen da, absentzietan, errepresioak utzitako hutsuneetan. Fernanda Torresen interpretazioa da filmaren zutabe nagusietako bat. Mina, erresilientzia eta justiziaren alde etengabe borrokatzen ari den emakumearen determinazioa transmititzeko duen gaitasuna harrigarria da.
Onena: Fernanda Torres.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizu: Central do Brasil (Walter Salles, 1998).