Udako narrazioak (III): 'Hodeietan gozo'

Udako narrazioak (III): 'Hodeietan gozo' https://www.gaztezulo.eus/albisteak/udako-narrazioak-iii-hodeietan-gozo/@@download/image/pexels-pixabay-258149.jpg
2022/08/03

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Irudia: Pixabay

Maleta prestatzeak nagia sortzen dio, baina aurretik duen bidaiak pizten dion ilusioa gailendu da. Sarri samar egin beharreko zeregina izaten du, Gasteiztik gurasoen etxera joaten baita asteburu askotan. Halakoetan, betiko lagunekin egoteko aprobetxatzen du ostiraletik iganderako tartea, eta gainerako egunetan Arabako hiriburuan eraikitako lagun-familia izaten du inguruan. Ordura arteko mundua zabaldu izanaren sentipena du, eta aberastasuna eta poztasuna ekarri diola.

Bere mundua hedatzen jarraitzeko grinak bultzatu du abuztuan Dublinera. Azken hiru urteetan kafetegiko lanari esker aurreztutako dirua eta gurasoena baliatu du hiru asteko egonaldia eta ingeles klaseak ordaintzeko. Institutu garaitik ez du Shakespeareren hizkuntza landu eta zeharo herdoildua du. Lagun batzuek ingelesez ikusten dituzte film eta telesailak, baina berari gogaikarria iruditzen zaio une oro azpitituluak irakurtzen egon beharra. Aitzakia horrekin, Irlandako parajeak eta kultura ezagutu ahalko ditu eta orain arte ezezagun zirenak, bazirenik ere ez zekienak, lagun bilakatu.

Udako moduko arropaz gain, hotzetik babesteko janzkiak ere beharko dituela ohartarazi zion Anek bezperako afarian. Bera duela urte batzuk izan zen Irlandan, udan, eta Derry aldean ibili zirenean berokia ez eramateaz damutu omen zen. Prest dago Iparraldeko neska izateko ere, ekainean eta uztailean izan du-eta eguzkiaz eta beroaz gozatzeko aukera.

Maleta betetzen ari den heinean, tximeletak sentitzen ari da urdailean. Etxean hartuko duen familia nolakoa izango ote den eta eskolakideak nongoak izango ote diren ari da pentsatzen. Aireportuan eta hegazkinean gero eta sarriago eta gordinago sumatu du barruko aztoramendua. Ez du batere planik egin, erabat ezezagun du aurretik duena, baina gogotsu dago, eta etorriko denari irekia.

Hiru asteren ondoren, eramandakoak maleta barruan sartzen ari da, Irlandan erositako oroigarri, disko, eta postalekin batera. Bertan bizitako guztiak, sentitutako emozio denak, ez zaizkio maletan kabitzen, ordea. Gorputzetik ere gainezka egin beharrean ditu eta!

Igande goizaldea izanik, ahalik eta zarata gutxien egiten saiatzen ari da, batez ere Dara eta Aisling haurrak ez esnatzeko. Goiz batean baino gehiagotan topatu izan du Aisling korridoreko eskaileretan eserita. Irribarre txiki bat egiten zion umeak, eta argi du eguna hasteko modu horren falta nabarituko duela.

Garaiz iritsi da Dublingo aireportura eta maleta fakturatzea izan da egin duen lehen lana. Lasai eseri da ingurumarian eta azken hogeita bat egunetako oroitzapenak pilatu zaizkio. Ostiral gauean adinez nagusia ez den Alemaniako Timorekin tabernetan sartzeko izan zituzten komeriak gogoratu ditu. Hilabete batzuk besterik ez ditu falta hemezortzi betetzeko, baina bere ume-aurpegiak jartzen du agerian. Gau hartan ezagutu eta berarekin ligatu nahian aritutako Belfasteko musikaria zertan ibiliko ote den bururatu zaio.

Irribarrea marraztu zaio aurpegian gomutaz gomuta saltoka ari dela: Brayko hondartzan ilunabarraz gozatzen eta kantuan; Stephen Green parkean igarotako bazkalondorenak; Malahide, Howth eta Dalkeyn egindako ibilaldiak; Asturias eta Madrilgo lagunekin zela, Juan Luis Guerraren La Bilirrubina kantua entzutean sortu zitzaion poza; Galwayra eta Belfastera egindako txangoak; Molly Malone kantuarekin dantzan eta edozein bazterretan topatutako musikariekin gozatzen izandako momentuak…

Mugikorrarekin ateratako argazkiak gainbegiratzen igaro du hegazkinera igo arteko denbora. Orotariko adin, jatorri eta bizimodutako jendea ezagutu du aste hauetan, eta tristura sortzen dio berriz ez dituela ikusiko pentsatzeak. Bizitzak batu ditu, eta bizitzak banandu. 

Bere eserlekura iristean, oso erakargarria iruditu zaion mutila ikusi du ondokoan. Erdi lotsatuta eseri da, eta gerriko uhala lotu du. Handik gutxira hurreratu zaio emakume bat, alaba eta biak ilara berean egoteko eserlekua aldatuko ote dion jakin nahian. Baiezkoa erantzun dio berehala, baina amorru pixka bat ere eman dio mutilarengandik urrundu beharrak. “Eskerrak leiho ondoko eserlekua den!”- otu zaio bere artean.

Leihotik begira jarri eta aireratzeaz gozatu du. Goraka-goraka egin eta lainoen gainetik egonkortu da hegazkina. Eguzkia ere agertu da, Eireren agurra. Laino zuriek kuxinak dirudite eta bertara salto egingo luke gustura. Halaxe sentitzen da bera, hodeien gainean, zeruan.

AURREKO NARRAZIOAK
Udako narrazioak (II): 'Ziztada


Udako narrazioak (I): 'Itsasoaren besarkada'