Sareko misoginiaren inguruko dokumentala argitaratu dute Netflixen

Sareko misoginiaren inguruko dokumentala argitaratu dute Netflixen Eduki matxista zabaltzen aritzen diren eduki sortzaileak elkarrizketatu ditu dokumentalean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sareko-misoginiaren-inguruko-dokumentala-argitaratu-dute-netflixen/@@download/image/HDNZH1KXsAA1ifu.jpg
2026/03/20

Testua: Maitane Legarreta

Eduki matxista zabaltzen aritzen diren eduki sortzaileak elkarrizketatu ditu dokumentalean.
Sareko misoginiaren inguruko dokumentala argitaratu dute Netflixen

Kezka piztu du aspaldian mutil gazteek sarean kontsumitzen duten eduki misoginoak. Manosfera deitzen diote misoginian eta antifeminismoan, sarritan "maskulinitate tradizionala" izendatutako horretan, oinarritutako foro, webgune eta eduki multzoari. Gizonezkoak rol menderatzailea du eta emakumezkoak, berriz, menekoa. 

Netflixek Louis Theroux: Inside the manosphere dokumentala plazaratu berri du. Zinegile britaniarrak manosferaren mundua aztertzen du bertan. Dokumentala egin ostean kezkaturik dago bera,"kulturan tokia irabazten ari direla" eta.

Mezu misoginoak eta konspirazio teoriak zabaltzen dituzten eduki sortzaileak edo mansfluencerrak elkarrizketatu ditu. Mutil gazteei zuzenduriko edukiak izaten dira, eta horietako askok ikastaroak ere eskaintzen dituzte haien moduan joka dezaten eta "balio handiko" gizon bilakatzeko.

Theroux kazetariak Miami, New York eta Miamira jo du manosferan nabarmentzen diren zenbait lagun elkarrizketatzeko, tartean Harrison Sullivan, Myron Gaines, Nicolas Kenn De Balinthazy, Justin Waller eta Ed Matthews. Influencer horien bikotekide eta familiako kide batzuk ere ageri dira, haien eguneroko bizitzan nola jokatzen duten ikusteko. 

Influencerretako batek etxeko giroan diktadorea dela aitortu du, eta beste batek, berriz, alde bakarreko monogamia praktikatzen duela esan du, hau da, bere bikotekideak fideltasuna zor diola, baina berak ez daukala baldintza hori bete beharrik. "Harrokeriaz" hitz egiten dutela nabarmendu du Therouxek, eta batzuetan komentario arrazistak, misoginoak, homofoboak eta antisemitak egiten dituztela.