Udako narrazioak (II): 'Ziztada'

Udako narrazioak (II): 'Ziztada' https://www.gaztezulo.eus/albisteak/udako-narrazioak-ii-ziztada/@@download/image/188b9405-1ff4-411f-b97f-332e71ad2663.jpg
2022/07/27

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Botea jarri eta tragoak eskatzera hurbildu gara barrara Eneritz eta biok. Elkar laguntzeko ohitura izan dugu beti, edalontziak errazago eramaten baitira bi edo hiruren artean, baina azkenaldian tentuz gabiltza, inor tarte txiki batez ere bakarrik utzi nahi ezta. Edaria eskuetan eta kontrolpean izaten dugu une oro, eta taberna barruan espazio gutxi bada, kanpoaldera irteten gara, arnas eta segurtasun handiagoaren bila. Adi gabiltza badaezpada, eta ziztada edo ondoezik sumatuz gero, berehala gutako bati jakinarazteko hitza eman diogu elkarri.

Geure buruaren eta elkarren bizkartzain bihurtu gara oharkabean. Nerabezaroan izan ez genituen beldurrak piztu zaizkigu. Bueno, ez, pitzarazi egin dizkigute, ez baitira ausaz eta modu irrazionalean sortuak. Eta beldur hauek duela hamar urtekoek baino izu-ikara handiagoa sortzen dute. Urrunekoa eta bakana zirudien mehatxua bertatik bertara sentitzen dugu orain. Ez dugu, ordea, garunaren atzealdean gordeta dagoen beldurrak gozamena zapuzterik nahi.

Azken parrandetako pasadizoak eta garai bateko bitxikeriak ekarri ditugu gogora, barre egin, elkarri adarra jo eta masailen bat edo beste gorritzeko bide ematen baitute beti. Beroak itota, tabernaren sarrera parera atera gara, eta Rosaliaren kantua entzun bezain laster hasi gara dantzan. Elkarri heldu eta dena emanda ari gara gorputza mugitzen, barrezka. Mutil kuadrilla bat igaro da barrualdera eta, halako batean, Miren “ei!” esaten entzun dut eta tragoa bota dio aurpegira mutil horietako bati. Kexuka hasi da mutila, kamiseta zuria eta ilea blai eginda utzi diola eta. Hurrengorako ikasteko esan dio, ez zaiola inori ipurmasaila heldu eta estutzen. Bera ez, beste lagun bat izan dela ihardetsi dio, eta taberna barrutik begira ditu gainerakoak, barrezka eta bizkarrean elkarri kolpeka.

Beste taberna batera jo dugu hurrena eta leihotik eskatu dugu edatekoa. Berrogeita bost urte inguruko gizon bat ikusi dugu jendartean prakak jaitsita, galtzontzilloak bistan. Ingurukoak txistuka hasi zaizkio, itxura erakargarriko norbait kalean ikustean batzuek egin ohi duten gisan. Eskuekin ezpainak ukitu eta besoak luzatu ditu behin eta berriz, musuak airera botaz. Makurtu egin da prakak orkatiletatik gora igo nahian, baina oreka galdu eta lurrera erori da. Ez zaio inor laguntzera gerturatu eta zalantza egin dut neuk ere. Hurbildu, eskua luzatu eta altxatzen lagundu diot. Zera bota dit prakaren botoia lotzen ari dela: “Zu bai neska polita larrutan egiteko!”. Erdiko hatza erakutsi edo modu oldarkorrean erantzutekotan egon naiz, baina ezer esan gabe alde egitea erabaki dut azkenean.

Lagunak nire zain daude, Gorka ikusi berri dutela jakinarazi nahian. Arratsaldea berarekin igaro dudan arren, eta bakoitzaren espazio propioen beharraren aldarrikapen sutsuak eginagatik, berarekin egoteko premia dut. Gorka dagoen taberna barrura sartu naiz eta lagunak atzetik ditut. Ez dakit laguntzera ala berarekin pasatu beharreko denbora neurtzera etorri izango diren. Izan ere, aspaldian ez gara hainbeste lagun elkartu, eta gaua zukutzeko asmoz atera gara parrandan. Nahiz eta oraindik jakin ez, ordu pare bat barru alde egingo dute Naiarak eta Itziarrek, bikotekideen eskutik.

Gaua aurrera doa eta asteko kezka eta nekeak lausotzen sumatu ditugu jada. Musikaren, gure arteko elkarrizketen eta garagardoaren aparretan gabiltza igerian, eta gure arteko maitasun eta adiskidetasun keinuak ere ugaritu egin dira orduek aurrera egin ahala.

Hogeita hamabost bat urteko mutil bat gerturatu zaio Amaiari. Berriketan hasi eta trago batera gonbidatuko duela esan dio. Azti gaude Ainhoa eta biok. Amaiak, atzaparrak ateratzeko prest gaudela ikusita, lasai egoteko keinua egin digu. Amaiak berak atera dio edatekoa, gustuko duen seinale, bestela ihes egingo zion mutila komunera joan bezain pronto. Dantzan ere hasi dira, eta espero baino hobeto mugitzen ditu aldakak ezezagunak. Ez da barrari itsatsita egoten den horietakoa, beraz. Eneko omen du izena. Urte askotarako.

Bere azal beltzarana nabarmentzen duen kamiseta morea du soinean. Badaki planta onekoa dela, eta ez du ezkutatzen ahaleginik egiten. Kapelen eta betaurrekoen saltzailea inguratu denean, bakoitzetik bat erosi du. Kapela horia jarri dio Amaiari buruan, eta betaurreko moreak jantzi ditu berak. Tabernan piztu berri dituzten argi bereziek diskoteka itxura eman diote espazioari, eta Eneko betaurrekoekin jolasean hasi da, jaitsi eta igoz, kenduz eta jantziz.

Ainhoak ukondoarekin kolpetxoa eman dit. Buelta eman eta disimuluan eraztun-hatza seinalatu dit. Beyonceren Single Ladies dantzatzen eta abesten hasi naiz eta begiak zabal-zabalik begiratu nau, gelditzeko eskatu nahian. Belarrira hurreratu eta, eskuarekin ahoa estaliz, Enekok eraztunaren tokian marka zuria duela ohartarazi dit. Amaia lehenbailehen jakinaren gainean jartzea dugu oraintxe kezkarik nagusiena.

Amaia eskutik heldu eta komunera joan gara ziztu bizian. Geure aurkikuntzaren berri eman diogu, baina ez dirudi askorik harritu duenik. “Tinder ere ezkonduz josita dago”, bota digu lasai asko. “Agian bananduta dago”. “Ez dirudi hatz horrek aspaldian eguzkirik hartu duenik”, erantzun dio Ainhoak. “Hala balitz ere, ez dakigu zer harreman mota duten. Betiko eskemetara jotzen ari gara”. Nik ere neure zalantza helarazi diot: “Bai, Amaia, baina harreman irekia ez bada? Imajinatu emaztea eta haurrak etxean lo, edo ama hamaikagarren aldiz negarrez ari den umearekin bueltaka, lo egin ezinda, eta beste hau hamar urte gazteagoa den neska batekin ligatu nahian”. “Bueno, baina hori ez da nire arazoa ala? Nik ez dut inorekin konpromisorik, neure buruarekin ez bada”. Arrazoi du, bai, baina ahizpatasunaren mamua dabil bueltaka. “Kontuz ibili behintzat”, esan diogu biok.

Lehengo tokira itzuli eta parrandarekin jarraitu dugu. Amaia Enekorekin joan da azkenean, eta ezer badu, deitzeko esan diogu, mugikorrari adi egongo garela. Goizeko bostak aldera arte eutsi diogu, baina erretiratzeko garaia dela iritzita, postuan patata frijitu batzuk erosi, eta etxe aldera abiatu gara June, Ainhoa eta hirurok. Bidean ikusi ditugu etxera bakarrik ez joateko taldeak. Pisukideak ondoan ez banitu, haiekin batera joango nintzatekeen.

Etxera iritsi, txokolatez betetako opil bana jan eta bakoitza bere ohean sartu gara. Gorkak gaupasa egingo du ziur asko eta ez da lotara etorriko. Peluxea hartu dut besoetan, haren hutsunea estali nahian. Amaiarekin kezkatuta nago eta mezu bat bidali diot, baina oraingoz ez da erantzunik. Ezezagunekin arduratu ohi naiz bereziki. Ez dira, ordea, ezezagunak soilik guri min emateko prest daudenak. Batzuk ohekideak dira, edo aita, osaba, zein bizilaguna. Zorte handia dut, baina jabetzen ari naiz gizatxar asko dagoela ezkutuan. Ziztada sentitu dut sabelean.

AURREKO NARRAZIOAK
Udako narrazioak (I): 'Itsasoaren besarkada'

Udako narrazioak (I): 'Itsasoaren besarkada'