'Poesia mailu bat da' literatur jaialdia egingo dute asteburuan Gasteizko gaztetxean
Gasteizko gaztetxeko Azpimarra irakurle taldeak Poesia Mailu bat da izeneko literatura jaialdia egingo du hirugarrenez, bihar eta etzi. Antolatzaileen hitzetan, "bizi dugun munduaz hitz egiten digun eta hori eraldatzeko balioko duen literatura bat aldarrikatu nahi dugu jaialdi honekin, ez isolatzen eta entretenitzen gaituena". Tailerrak, mahai-ingurua, poesia ekitaldiak, mikro irekia eta kontzertuak izango dira egitarauaren barruan.
Bihar, ostirala, Fabula argitsuak garai ilunentzat izeneko idazketa tailerra egingo dute 17:00etatik aurrera. Sinboloekin jolastu, irakaspenak asmatu eta haien inguruko kontakizun laburrak sortuko dituzte. Jarraian, Azkar batean luzerako poesia reel tailerra izango da. Sareetan zabaldu ohi direnen antzera, poesia errezitatzeko bideo bat sortuko dute, momentuan bertan grabatu eta editatuta. Formatu horri buruzko hausnarketa ere egingo dute.
Poesia mikro irekia izango da 19:00etan. Norberak idatzitako, itzulitako edo gustuko duen poema bat irakurtzera animatuko dute jendea. Geroago, 21:00etatik aurrera, Nafarroa Behereko Xak folk-pop taldeak joko du.

Larunbatean kartel erakusketa izango da egun osoan zehar, eta arratsaldeko bostetan agurra egingo dute. Ondoren, 18:30etik aurrera, Harkaitz Cano eta Eider Rodriguez ipuingintzaz solasean arituko dira, Azpimarrako kide batek gidatuta.
Donostiako Egia auzoko Aner kantautoreak joko du 20:30ean, eta jarraian poesia ekitaldia egingo dute teilatutik. Gaueko 22:30etik aurrera, zazpi lagunek osatutako Koimbra taldeak itxiko du jaialdia.
