Udako narrazioak (I): 'Itsasoaren besarkada'

Udako narrazioak (I): 'Itsasoaren besarkada' https://www.gaztezulo.eus/albisteak/udako-narrazioak-i-itsasoaren-besarkada/@@download/image/sky-1658298157268-9641.jpg
2022/07/20

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Kuadrillako WhatsApp-ean mezua jaso du Ainarak. Hondartzara joateko proposamena, bero sapari aurre egiteko asmoz. Ur freskoagoan sartu eta igerian irudikatu du bere burua, baina berehala gerri bueltako txitxiek, sabel puztuak, eta aldaka eta izter hanpatuek hartu diote pentsamendua. Ikasturte amaierako azterketek sortutako antsietatearen erruz irentsitako emergentzietarako galletak eta azkenaldiko parrandetako tragoak madarikatu ditu.

Gelara joan eta bainujantziak gordeta dituen tiradera zabaldu du. Bikiniak baztertu eta pieza bakarrekoei begiratu die. Berdea jantzi eta korridoreko ispilu luzearen parera zuzendu ditu pausoak. Ez du argirik piztu nahi izan, bestela ere ez baita samurra bere buruaren islari begiratzea. Bizpahiru begiradaren ostean, gelara itzuli eta gorriari heldu dio. Ispiluaren aurrean jarri eta hasperen egin du. Bere lehengusu zaharragoak gelako horman zuen (eta duen) posterra gogoratu zaio, Pamela Anderson bainujantzi gorriarekin ageri den hura. Berak ez du telesaila sekula ikusi, baina irudi hori iltzaturik izango du betiko. Gorrotagarriak dira alderaketak.

Korridorean barrena erantzi du bainujantzi gorria eta eskuineko oinarekin gela barrurantz bota du. Amorrazioz beterik eseri da ohe gainean, eta kuadrillako WhatsApp-ean ez dela joango idaztea erabaki du. Oihanarekin azken parrandako kontuez eta Jonez hitz egin nahi du, ordea, aurrez aurre. Hamar bat minutuz bere buruarekin borrokan aritu ostean, kaxoian begiratu eta bainujantzi beltza topatu du. Hura aukeratu du hondartzarako, eta motxilan sartu ditu krema, toalla eta gainerako gauzak. Bainujantzi beltzaren gainetik, gona luzea eta kamiseta zabala jantzi ditu.

Eguzkitako betaurrekoak erantzi gabe egin dute hondartzarako bidea Ainarak eta bere lagunek. Oihanari bizpahiru zertzeladaren berri emateko astia eman dio iritsi aurretik. Jendez lepo dago hondartza, baina toallak zabaltzeko tokia topatu dute behintzat. Arropak eranzten azkena izan da Ainara, eta eserita egin du, bere lagunek ez bezala. Lagunen gorputzei begira dago eta ederrak iruditzen zaizkio. Bereari begiratzea, ostera, kosta egiten zaio, bainujantzi hura hautatuta zati bat ezkutatzeko modua egin duen arren. Deseroso dago oso, eguzkiaren argiak guztia bistaratzen duela uste baitu: irabazitako kiloak, ildaska zuriak eta duela gutxi atera zaizkion gorriztak, zelulitisa… Eserita egoteko postura ere asmatu ezinda dabil; sorbalda eta bizkarra zuzen eta bularra aterata, besoak tenkatuta, izter bat bestearekin estali nahian…

Aldameneko toallan euren adin inguruko neska-mutil kuadrilla bat dago. Hiru mutiletako bat bereziki liraina iruditu zaio. Begi berdeak eta ile beltzarana ditu, eta eguzki azpian ilundutako leun itxurako azala. Alboan duen neska galant hori bikotekidea ote duen pentsatu du bere artean. Ezin dio mutilari begirik kendu, eta ez da ohartu Mirenek bizkarrean krema emateko eskatu diola ere. Halako batean, ahapeka eta barrezka hasi dira mutilarekin dauden neskak, berari begira. Masailak gorritu zaizkio Ainarari eta beste aldera begiratu du, gazteak uretara abiatu diren une berean.

Beste aldean 45 urte inguruko emakume bat ikusi du, kanpineko aulki horietako batean eserita. Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala ari da irakurtzen, umeak esku, ur eta palekin hareazko gaztelua eraikitzen ari diren bitartean. Bikini gorri bat du jantzita eta ildaska luze samarrak antzeman dizkio sabel eta aldaka inguruan. Une batez hobeto sentitu da bere gorputzarekin, baina haurdunaldi baten ondorioz sortutakoak gerrako zaurien antzekoak direla otu zaio, irabaziak, lorpen edo merituaren albo-kalteak. Eta bereek ez dute dominarik janzteko aukerarik ematen.

Lagunak uretara joateko asmoz jaiki dira, baina Ainarak geroago sartuko dela esan die. Inguruko gazteak itzuli dira uretatik eta lotsa ematen dio haien aurrean bere gorputza hain nabarmen erakutsi beharrak.

Emakumea ere altxatu da eta haurrengana hurbildu da. Orain hobeki erreparatu dio haren gorputzari, eta ildaskez gain, barizeren bat edo beste ikusi dio hanketan, zelulitisa izterren atzealdean eta ipurdi mamitsua. Pamela Andersonen antzik izan ez arren, edozein erakartzeko moduko emakumea dela iruditzen zaio. Haurrekin jolasean ari da orain, urertzean korrika eta saltoka, urarekin bustiz eta seme-alabak zipriztinduz, inor begira duen arduratu gabe.

Bat-batean altxatu da Ainara eta pauso irmoz sartu da itsasoan. Azaleko berotasuna baretu zaio berehala eta baita barruko korapiloa arindu ere. Urak sorbaldaraino hartu du, eta besarkada goxo bat eman diola sentitzen du, hondarretako lorratzen jabeen begirada kiskalgarritik urrun, beraren eta besteen epaitik aldenduta. Han itsaso barruko beste izaki bat besterik ez da, gerri buelta neurtzen ibili beharrik gabe. Gertu dagoen Oihanerengana jo eta bizkarraldetik besarkatu du, estu-estu, lapa bezain itsaskor.