Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietarako zortzi finalistak hautatu dituzte

Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietan bi sari nagusi emango dira, biak maila berekoak, bederatzina mila eurokoak: Kazetaritza saria bata, eta Komunikazio saria bestea. Bi sarietarako launa finalista izendatu ditu epaimahaiak, zortzi guztira, eta horien artean bi izango dira, beraz, saridunak.
Kazetaritza sariaren alorrean honako hauek dira finalistak: Amaia Lekunberri Ansolak ekoitzitako Anorexia, bestelako gerturapen bat. Zer dio jateari uzten dionak, jateari uzten dionean? izenburuko Larrun monografikoa; ETBren Aske Bizi dokumentala; Miel A. Elustondok Berria egunkarian argitaratutako Tonban ehortzirik erreportaje-sorta; eta ETBren Biba Zuek magazina.
Komunikazio sariaren finalistak, berriz, ondorengo hauek dira: enpresabidea.eus webgunea; Aiaraldea komunikazio proiektua; Aiora Probatxoak Youtuben duen jarduera; eta aikotaldea.eus, Aiko Dantza taldeak sorturiko komunikazio proiektua.
Andoainen, Bastero Kulturgunean, azaroaren 30ean egingo den sari banaketa ekitaldian jakingo dira bi irabazleak. Finalistak bertan izango dira eta eurek ere orduan izango dute saridunen berri. Bi pertsona ere omenduko dituzte sari-banaketan, ohorezko mugarri izendatuz: Elixabete Garmendia eta Patxi Baztarrika.
Finalistak izendatu dituen eta sariak erabakiko dituen epaimahaia honako hauek osatzen dute: Itxaro Borda, Aingeru Epaltza, Pantxika Maitia, Miren Gabantxo, Ion Muñoa, eta Jon Sarasua.