Paula Huarteren 'Azken eguna parkean' erakusketa jarri dute Gasteizko Montehermoson

Paula Huarteren 'Azken eguna parkean' erakusketa jarri dute Gasteizko Montehermoson Zeramikazko eskulturek eta artilean egindako ilustrazioek osatzen dute erakusketa, eta ekainaren 12ra arte egongo da zabalik. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/paula-huarteren-azken-eguna-parkean-erakusketa-jarri-dute-gasteizko-montehermoson/@@download/image/expo_ultimo_dia_en_el_parque_5-scaled.jpg
2022/05/16

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Zeramikazko eskulturek eta artilean egindako ilustrazioek osatzen dute erakusketa, eta ekainaren 12ra arte egongo da zabalik.
Paula Huarteren 'Azken eguna parkean' erakusketa jarri dute Gasteizko Montehermoson

Montehermoso Kulturuneko Jovellanos aretoan dago ikusgai Paula Huarteren Azken eguna parkean erakusketa, "egunerokotasunaren eta arrotzaren arteko aurkakotasuna" oinarri duena. Antolatzaileek azaldu dutenez, ikusleari  ikusten duenaren inguruko edozein interpretazio egiteko gonbita luzatzen diote piezek, eta, hala, "behaketa-jolas" bihurtzen da. Huartek bi teknika desberdin batu ditu lan honetan; alde batetik, zeramika, eta bestetik, artilean egindako ilustrazioa (‘tufting’). Bestetik, soinua sartu du elementuak batzeko.

Instalazioak behaketarako ibilbidea proposatzen du, hainbat formatako piezekin interakzioa izateko, eta "hautatutako elementuen bitartez murgildu egiten zaituen espazioa sortzea bilatzen du, piezen, espazioaren eta behatzailearen artean hainbat topaketa sortzeko".

“Hainbat objektu eta irudi sortu nahi izan ditut, habitat osoa sortzeko, eta nire iruditegitik sortua izan den arren, ezagunak diren kode batzuen bitartez memoria kolektiboari egiten diote erreferentzia. Interpretazioa irekia uztea gustatzen zait eta norberak eszena bakoitzaren atzean dagoen istorioa irudikatzea, jolas modura”, adierazi du Huartek. “Hainbat haur-figura egin ditut, ingurune natural bat dirudien eremu batean. Badirudi batzuk inguruko elementuekin bat egiten dutela eta, era berean, kontrastean daude jarrera bizigabea eta isolatua duten beste figura batzuekin”, gaineratu du.

Paula Huarte (Agoitz, 1994) Arte Ederretan graduatu zen EHUn, eta Inprimaketa Grafikorako, Ilustraziorako eta Txanpongintza Artistikorako Bitartekoen masterra egin zuen FNMT Espainiako Moneta eta Tinbre Fabrikan, Madrilen. Bertan, grabatuetan sakondu eta hainbat estanpazio-teknika probatu zituen. Gero, Zeramika Masterra egin zuen EHUn, Bilbon. Bere lana grabatuen eta ilustrazioen bitartez islatzen jarraitzen du, nahiz eta egun zeramika ere lantzen duen. 

Ikasleen proiektuak zabalduz
Kulturuneak Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatearekin batera 2022rako sustatu duen deialdiko laugarren proiektua da hau. Montehermoso + EHU programa bigarren zikloko, graduondoko eta doktoretzako ikasleei dago zuzenduta eta aukeratu diren proiektuak tutore eta komisario baten laguntzarekin garatzeko aukera izaten da. Aurten Lekutan kolektiboko Andrea Estankona eta Mawatres izan dira.

Proiektuak banaka aurkezten dira Monterhermoso Kulturuneko Jovellanos aretoan. Profesionalizaziorako bidean dauden sortzaileen ikusgarritasuna sustatzen da, eta lan-mundura hurbiltzen lagunduko dien lan-plataforma eskaintzen zaie. Aldi berean, gizartearekin lotura zuzena izateko aukera dute.