Odolusteari Stop!

Odolusteari Stop! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/odolusteari-stop/@@download/image/8p22-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
David Aire
Odolusteari Stop!
Ipar Euskal Herriko gazte batzuek baserritik ihes egiten dute kostalderat edo Frantziako hirigune handietarat eta barnealdea husten ari da. Eguneroko bizia gogorra izaten da gelditzen direnetzat!

Ipar Euskal Herriko jende kopurua beti emendatuz doala erakusten dute azken erroldaketek. Zenbakiak hurbiletik begiratu eta aise konturatzen gara jende kopurua desorekatua dela: barnealdea husten ari da eta kostaldea gainditzen. Bertzalde, Frantzian bezalaxe, populazioa zahartzen ari da, alde batetik, ume gutxi jaiotzen delako eta bertzetik, bizi esperantza luzatuz doalako. Ipar Euskal Herrian fenomeno hori markatuagoa da, batez ere barnealdean. Gazteek ikasketak hiri handietan egin eta gutxitan itzultzen dira sorterrira. Lana hirian aurkitzen dute, batzuetan Euskal Herriko kostaldean, bertzeetan Bordele edo Parisen. 1999an egin erroldaketak erakusten du gure herrietarik irten diren pertsona gehienak 20 eta 30 urte arteko neska-mutilak direla. Berriz, hirigune handietarik Euskal Herrirat etortzen direnak 65 urtez gorakoak dira. Nabari da Ipar Euskal Herriko barnealdeko populazioa guttitzen eta zahartzen ari dela ziztu bizian. Amikuzen, adibidez, populazioa  %50 txikitu da mende erdiz.

Barnealdeko biztanle kopurua txikitzen ari bada ere, gero eta mutil ezkongabe gehiago dago azken urteetan. Eta bai, neskak herritik irten dira eta mutilak geratzen, batez ere nekazariak. Nekazari gazteek etxeko lanez gain, egunero borrokatu behar dute beraien lurra eta eskubideen defenditzeko. Hots, denbora gutxi gelditzen zaie neska lagun baten topatzeko. Anttonek ezkondu nahi luke, bainan "neskek esaten didate baserrietan usain txarra dela eta mugimendu gutti". 23 urtez, nekazari ikasketak egin eta gurasoen lekukoa hartu du Anttonek. Egunero konturatzen da gero eta gazte gutxiago dela baserrietan eta aterabide "erraz" bat proposatzen du: "umeak egin behar dira gure ibarraren salbatzeko".

Duela 30 urte hasita, barnealdeko odolustearen aurkako borrokak aurrera segitzen du. Gizartea antolatzen ari da, ekonomia, nekazaritza eta kultur arloetan. Gazteek ere nahikeri handia erakusten dute. Garazi aldean, gaztetxe bat sortu dute, etxe zahar bat alokairuan dute hilero libera bat ordainduz. 30 bat gazte biltzen dira asteburuetan eta kontzertuak ere antolatzen dituzte. Garaziko gaztetxeko kide batek argiki adierazi duenez: "militanteak gara eta herriaren atxikimendu handia daukagu". Iruñea eta Baiona arteko autopista proiektuak ere beldurtzen ditu Garaziko gazteak : "barnealdea ez da aski azkarra autopistak eginen duen zauriaren jasateko". Ildo honetatik, Leia izeneko elkarte bat sortua da autopista proiektuaren aurka borrokatzeko.
Nabaria denaz, eta azken hauteskundeetan agerian geratu da, erresistentzia fase batean da barnealdea.


Paxkal Indo: "Kostaldetik ihes egin dut"



Paxkalek, Txakun taldeko musikari ohiak bere enpresa Baigorrin sortu du. Kontrako bidea egin du, beraz. "Euskaraz bizi nahi nuelako dut barnealdean bizitzea aukeratu", dio Donibane Lohitzunen jaiotako mutilak. Kultulan izeneko enpresan zinemarako soinuak lantzen ditu : "Internet eta telknologia berriek bizia errazten dute. Nire lana munduaren bertze puntan egiten ahal dut, adibidez, Baigorrin"

Gero eta jende gutxiago barnealdean


  19991982 
Kostaldea (Baiona, Angelu, Biarritz,...)
161.454 145.248 
Kostalde Gibela (Uztaritze, Hazparne, Ezpeleta) 49.755 40.407 
Mendialdea (Donapaleu, Garazi, Maule,...) 38.036 41.552 
oharra: erroldaketetako datuak