Mugimendu Feministak kalera aterako dira martxoaren 8an

Mugimendu Feministak kalera aterako dira martxoaren 8an Pandemia saihesteko neurriak errespetatuz, manifestaziora deitu dute Emakumearen Nazioarteko Egunean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mugimendu-feministak-kalera-aterako-dira-martxoaren-8an/@@download/image/154620494_1817590031752837_7158242414058954667_o.jpg
2021/02/26
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Pandemia saihesteko neurriak errespetatuz, manifestaziora deitu dute Emakumearen Nazioarteko Egunean.
Mugimendu Feministak kalera aterako dira martxoaren 8an

Duela urtebete ospatutako azken manifestazioa izan zen martxoaren 8koa; bi astelehen barru baina, ezingo da Emakumearen Nazioarteko Eguna orain arte bezala ospatu, iaz hasitako pandemiaren amesgaiztoa oraindik gure artean dugulako. Halere, Euskal Herriko Mugimendu Feminista kalera aterako da M8an; oraingoan, distantziak errespetatuz eta osasun neurriak betez egingo dute.

Pandemiaren eraginez mobilizazioek ezingo dute ohi bezain masiboak izan, baina Mugimendu Feministek adierazi dute garrantzitsua dela "kaleak salaketarako espazioa izaten jarraitzea". Gauzak horrela, hauek dira konbokatutako manifestazioak: Donostian 18:30etan elkartuko dira Antiguako tunelean; Gasteizen, ordu erdi beranduago San Anton plazan; ordu berean, Jesusen Bihotza plazan elkartuko dira Bilbon; Iruñean 20:00etatik aurrera abiatuko dituzte protestak; eta Baionan aldiz, 12:00etan konbokatu dute manifestazioa.

Beste hainbat herritan ere egingo dituzte protesta ekitaldiak. "Horrenbestez, arduraz jokatuta, emakume, trans eta bollerak Euskal Herriko kale eta plazak hartzera deitu nahi ditugu. Arrazismoaren aurka dagoen herri feminista eta antikapitalista eratu nahi dugu. Gora borroka feminista!", aldarrikatu du mugimendu feministak.

"Bi urte igaro dira greba orokorra egin genuenetik, eta bizitzak erdigunera eramateko beharra azpimarratzen jarraitzen dugu. Duela urtebete elkartu ginen azkenekoz borroka feministaren alde. Harrezkero, covid-19aren pandemiak krisi sistematikoa loratu du", nabarmendu dute.

Gobernuen jarrera kritikatu dute: "Kapitala lehenetsi dute gure osasunaren aurretik. Mugak eta kaleak militartu dituzte, gehiegikeria poliziala jasan behar izan dugu, ehunka langile kaleratu dituzte, milaka emakumek lan merkatua utzi behar izan dute zaintza dela eta, erabakitzeko eskubidea urratu digute, okupatutako guneak hustu dituzte, indarkeria matxista ez da eten eta feminizatutako sektoreak gogor kolpatu ditu krisiak, bereziki egoera irregularrean dauden beharginen kasuan", salatu dute.