Mikel Otxoteko artistaren 'Hemen dragoiak daude' erakusketa jarri dute San Telmo museoan

Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak antolatutako Artea Abian erakusketa programak sorkuntza garaikideari ematen dio protagonismoa, garapen fasean dauden artistei bultzada emanez. Aurreko edizioetan Nagore Amenabarrok, Oier Iruretagoienak eta Kimia Kamvarik aurkeztu dituzte euren lanak bertan. Laugarrenean, berriz, Mikel Otxoteko artista da parte-hartzailea, Hemen dragoiak daude izeneko erakusketarekin.
Ikus-entzunezko materiala, eskulturak, instalazioak, mapak eta dokumentazio historikoa biltzen dituen ikerketa artistikoa da eta St.Pierre et Miquelonen erabakigarriak izan diren faktoreak aztertzen ditu. Honela azaldu du proiektua Mikel Otxotekok: “Hic sunt dracones (Hemen dragoiak daude) antzinako itsas kartografian erabiltzen zen esamoldea da. Honekin, ezezaguna den orok dituen arriskuez ohartarazten zituzten nabigatzaileak. Hala, mapetan, Ternua, ofizialki oraindik ere herensuge ezkatadun bat bezala agertzen zen. Hala ere, ur hotz eta urrun haietan euskaldunek bakailaoa harrapatzen zuten eta sasoi baterako kokaleku txikiak ezartzen zituzten XVI. mendearen amaieratik; Saint-Pierre et Miquelon uharteetakoa kasu. Era berean, bakailao gazitua elikagai nagusia izan zen hurrengo mendeetan Karibeko azukre-kanabera plantazioetan aritzen ziren milaka langile esklaboentzat, bereziki Puerto Ricon. Gaur egun Frantziako itsasoz bestaldeko lurraldea den St. Pierre portua, hainbat nazionalitatetako marinelek erabili zuten. 1971n, artean, euskaldunak eta galiziarrak kontsultategi txiki batean artatzen zituzten. Bertan egiten zuen lan Margarita Olazabal erizain gazteak: nire amak".
Gehiegizko arrantzaren ondorioz, harrapaketak bat-batean gutxitu egin zirela adierazi du artistak, eta horrek Ternuako arrantza eremuak ixtea eragin zuela. Margarita Olazabal 1975ean itzuli zen Donostiara, Super-8an grabatutako irudiekin. Grabazio horietan, uharteko bizitza islatu zuen. "Erakusketa uharte hauetan kokatzen da berrogeita hamar urte geroago. Egun, biztanle horiek, nola biziraun bilatzen ari dira beren lurralde txikian isolatuta eta ia ahaztuta", kontatu du Otxotekok.
Mikel Otxoteko Donostiako artista eta ikertzailea da. Nazioarteko aipamena jaso zuen Audiovisual Arts and Neo-materialism doktore-tesiarekin. Dance & Drill eta Algunos cabos sueltos ikerketa proiektu artistikoak garatu ditu, eta bere azken film dokumentala, Invierno (2019), Bilboko Zinebi, Cinespaña eta Toulouse-ko zinemaldietan proiektatu da.
Erakusketa museoko Laborategian izango da zabalik urtarrilaren 7ra bitartean, doako sarrerarekin.