Marilyn Manson: antikristoa Bilbon

Marilyn Manson: antikristoa Bilbon https://www.gaztezulo.eus/albisteak/marilyn-manson-antikristoa-bilbon/@@download/image/4p8-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Asier Leoz
Marilyn Manson: antikristoa Bilbon
Abestietan gehien errepikatzen duten hitza "gorrotoa" da. Zuzenekoakbeti iskanbilekin bukatzen dituzte, zauritu eta guzti, batzuetan.Abeslariari, kontzertuetan, militar nazi jantzi bat eramatea gustatzenzaio, eta euren disko batek "Antichrist superstar" izena du. Bainagauza guztien gainetik, Marilyn Manson probokatzaile finak dira, ahaliketa soinu gehien egiten saiatzen diren zirikatzaileak.

Aste gutxi barru Bilbon arituko dena ez da Antikristoa, askok hori uste duen arren, rock talde bat baizik, oso indartsua, irudi bortitzari eutsita eta abar, baina hori besterik ez. Probokatzea da ondoen egiten dutena. Ez dabiltza, beraz, Andy Kaufman, Lenny Bruce eta EEBBek eman izan dituzten beste hainbat entertainer ospetsutatik hain urrun, edo, rock eremutik irten gabe, Ozzy Osbournek eta Alice Cooperek egiten zituzten show ero haietatik. Marilyn Mansonen kasuan, irudiak garrantzi handia du, baina hor ez dago kritikarik, egiten dutena saltzen dakite eta. Beste askori eskatu ezin zaiona.
"Zuek egin gaituzuena gara. Zuen telebista ikusiaz hazi gara, Amerika kristauaren eredu.  Hau da gure mundua, hemen hazi gara, zuek gorrotatzeko"
Hitz goxo hauek talde berri baten lehenengo diskoaren azalean irakur zitezkeen 1994. urtean. Taldeak Marilyn Manson zuen izena, askoren sensibilitatea kolpatzeko moduko izena. Batetik, Marilyn Monroe, mitoa, EEBBen irudia, coca-colarekin batera. Bestetik, Charles Manson, egun kartzelan, Roman Polanski zinegilearen emaztea errito sataniko batean hil zuen sekta buru izandakoa. Gainontzeko musikarien ezizenek ere egitura bera zuten; hiltzaile baten izena eta abeslari ezagun batena lotuaz: Madonna Wayne Gacy, adibidez.
Eta edukia? Beldurgarria, White Zombie taldearen estilotik gertu samar, marrazki bizidun gaizto bati legokiokeen soinu banda. Izenburuei dagokienez, "Cake & sodomy" (gozokia eta sodomia) bezalako harribitxiak. "Portrait of an american family" interesgarria zen, baina zenbait unetan apur bat desatsegina zen, tarantulei buruzko dokumental bat ikustea bezala.
Ordutik gaurdaino beste lau disko kaleratu eta hasierako proposamena erradikalizatu eta indartu dute. Topea "Antichrist superstar" (1997) diskoarekin ukitu zuten. Lan horren bortizkeriara ez da inor iritsi, ezta Nine Inch Nails taldea ere. Marilyn Mansonen bigarren diskoak zuen giro ezkorrak Pantera eta Slayer bezalako bandak gabon kantuen kategoriara bidaltzen zituen. Hori baino lehen, Eurythmics-en "Sweet dreams" ametsgaizto bihurtu zuten, The Cure taldearen "Lullaby" abestiaren sukar giroa islatuz, "Smells like children" izenburu beldurgarriko bilduman. Duela pare bat urte bideoak iritsi ziren. Plazaratu diren bideoetan, Mr Mansonek bere baterijolea mikroaren hankarekin lurrera bota arte jotzen ikusi duen edonork David Koreshen tamainako eroaren aurrean gaudela pentsa dezake (ez dezagun ahaztu Koresh ere musika gizona zela). Baina Marilyn Manson taldeak duen benetako arrisku bakarra serioegi hartzea da.
Guns, God & Government
Marilyn Mansonen birak "Guns, God & Government" du izenburu (Armak, Jainkoa eta Gobernua). Esaldiak ez dizu agian gauza handirik esango. Charlton Heston-ek, ordea, primeran ulertuko luke, bera buru duen National Riffle Association erakundearen leloa da eta. Gainera, Estatu Batuetako hauteskunde atarian hasi zuten bira. Dakizuenez, hautagaietako bat Albert Gore zen. Gore ezagun egin baino askoz lehenago, estatubatuar gehienek bere emaztea ezagutzen zuten, Tipper Gore, bera izan baita azken bi hamarkadatan zentsuraren besoa mota guztietako arte adierazpideetan indartu duena. PMRC erakundea, estatubatuar guztien moraltasunaren eta ohitura onen zaindari, Tipper Gorek eraiki zuen, eta egia esan, kalte baino mesede egin dio talde askori. Esate baterako, inork ezagutzen ez zuen rap talde batek diskoa ateratzen zuen. PMRC-k behartuta, diskoak bertan erabilitako hizkera "zakarraren" berri ematen zien gurasoei, pegatina batez (Parental Advisory delakoa), eta horrexegatik, hain zuzen, askoz gehiago saltzen zuen, nahiz eta kasu askotan diskoak interes gutxi izan, "f"-z hasten den hitz famatuaz aparte.
Estatu Batuetako presidentea hautatzeko prozesua hastear, Al Gore alde batean eta Bush bestean (Ralph Naderri inortxok ere ez zion aukerarik ematen), eta orduantxe kaleratu zuen Marilyn Manson taldeak disko berria. Azalean, taldeko abeslaria gurutzatuta, Jesukristo balitz bezala, eta aurkezpen birarentzat aipatutako izenburua: "Guns, God & Governmet"... Hori da probokatzea!
Hilaren 27an Marilyn Manson Bilboko La Casilla aretoan arituko da zuzenean. Eta Bilbori buruz ari garela, Mr. Mansoni Euskal Herriari buruz zer ote zekien galdetu dio kazetari batek eta ezin asmatu zer erantzun duen: gauza bakarra ezagutzen duela, Alex de la Iglesiaren "Piztiaren eguna" filma. Bide batez, disko berria, "Holy wood", ona da. Oso ona. Benetan.