Lan egiteagatik ordaintzea

Oraindik ezagutzen ez duzuenontzat, zauden lekura behar duzun edozer gerturatzen dizun mezulari enpresa da Glovo. Nola? batetik bestera dabiltzan langileekin. Baina, zeintzuk dira langile horien lan baldintzak?
Hasieratik. Glovo, Deliveroo, Just Eat eta antzeko mezulari enpresetako langileek lan baldintza kaxkarrak salatu dituzte, baina Glovok pauso bat harago eman du, eta hemendik aurrera, bere langileei diru kopuru bat kobratuko die berarentzat lan egiteagatik. Ondo irakurri duzu: Glovo enpresarentzat lan egiten duten langileek bere plataforma erabiltzeagatik ordaindu egin beharko dute. Eta zenbat? Bada bi euro kenduko dizkiete nominatik 15 egunetik behin.
Bi euro, langileen seguruak ordaintzeko. Glovoren arabera, diru hori erabiliko dute langileek jasan ditzaketen istripuak ordaintzeko. Hala, Glovok adierazi duenez, beretzat lan egiten duten pertsona horiek ez dira langileak, bezeroak baizik. Galdu egin zara? Lasai, enpresaren logika jarraituz gero, langileak autonomoak dira eta Glovo aplikazioaz baliatzen dira lan egiteko. Hortaz, app-aren erabiltzaileak edo bezeroak dira, eta ez langileak.
Hala, frankizia zu zeu zara. Zuk lan egin nahi duzu, eta Glovo bezalako plataforma bat erabiltzen duzu zure lana bideratzeko. Dena den, baldintzak erabat prekarioak dira; plataforma hauetako langileak autonomoak dira, eta Gizarte Segurantza beraiek ordaindu behar dute. Gainera, ez da apenas lan baldintzen inguruko kontrolik (ordu kopurua, osasuna, jai egunak...). Hori gutxi balitz, beren garraiobidea langileek ordaindu eta mantentzen dute, dela bizikleta, motorra, bidaiatzeko arropa... Kapitalismo berriak dakarren prekarietatearen aurpegi berriarekin izutu al zara? Bada gehiago dugu kontatzeko. Enpresa hauek neohizkuntza bat erabiltzen dute; dagoeneko, ez dituzte kaleratze, soldata edota lana kontzeptuak erabiltzen; horren ordez, langileei zerbitzu bat ematen dietela adierazten dute, ardura guztiak langileen esku utziz. Beldurgarria, ezta?