[Kronika] Xabi Bandini (Doka, 2020-02-22)

[Kronika] Xabi Bandini (Doka, 2020-02-22) Inauteri giroa zegoen Donostiako kaleetan, forma eta kolore askotako pertsonaia xelebrez jantzita. Kaleko giro alaiak kutsaturik DOKA aretoa ere halaxe zegoen Xabi Bandiniren kontzertuaz gozatzeko prest. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kronika-xabi-bandini-doka-2020-02-22/@@download/image/RNI-Flashback-IMG-68521B0F-188B-49A0-B87B-2926BD4D4264.jpg
2020/02/24

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Inauteri giroa zegoen Donostiako kaleetan, forma eta kolore askotako pertsonaia xelebrez jantzita. Kaleko giro alaiak kutsaturik DOKA aretoa ere halaxe zegoen Xabi Bandiniren kontzertuaz gozatzeko prest.
[Kronika] Xabi Bandini (Doka, 2020-02-22)

Publikoan ziren zenbait pirata, farola batzuk eta Raul Cimas bera ere hirukotea taularatu zenean. Azken bakarkako Biba! diskoko Euforia abestiarekin ireki zuten kontzertua, eta abesti horrek iradokitzen duen euforia mantendu zen kontzertu osoan zehar Bandinik helarazten duen pasioari esker.

Horren ondoren berehala etorri ziren Kerobiaren abestiak. Izan ere kantuarekin ezinbestean nostalgiaren olatuan harrapatua geratu nintzen, irribarre batekin ahoan eta dantza etengabean. Bandiniren proposamen berri honekin ezinezkoa baita ez mugitzea. Kerobiaren abestiak moldatu ditu sintetizadoreen bidez, elektronika ukituak emanez.


Argazkia: Josetxo Perez

Talde nafarraren garai hartako abesti arrakastatsuenak errenkadan etorri ziren: irratian horrenbeste entzun zen Itsasoa, Paradisua, Esaldi sinple bat galdera handiegirako... Bandiniren lan berriko azken diskoko beste abesti pare batekin tartekatu zituzten musikariak.

Oro har, hala ere Kerobiaren kontzertu bat zirudien, ez balitz oinarri elektroniko horiengatik. Hor nonbait irakurri dut Bandiniren titular bat esanez Kerobiak jarraitu izan balu proiektu honetako soinua edukiko lukeela. Aitortu behar dut hasieran ez nindutela gehiegi konbentzitzen, beharbada Kerobiaren abesti originalak ekartzen dizkidaten oroitzapen onengatik, eta abesti gutxi batzuk indar apur bat galtzen bazuten ere moldaketaren ondoren (Esnatu naiz abesti originalak duen leherketa eta emozio askatze hori faltan bota nituen elektronikako bertsioan) orokorrean beti bezain gozagarriak ziren abestiak. Azken finean, abesti on bat beti izango baita abesti on bat.


Argazkia: Josetxo Perez

Horretan Bandini beraren jarrerak ere izugarri lagundu zuen. Nota bakoitza erraietatik bizitu zuen, tentsioa eta emozioa une oro mantenduz. Ez zion publikoari kontzertutik deskonektatzeko betarik ere eman, komunera joateko gogoari eusteraino zerbait galtzeko beldurrez. Maitasuna eta esperantza ziren gau hartan baldintza bakarra musikari nafarraren esanetan eta jarrerarekin baieztatu zituen hitz horiek. Izan ere, musika bizitzeko horrelako pasioa dagoen bitartean bada esperantzarik. Emozio eta ideiaz gainezka sumatzen zitzaion Bandiniri, beharbada horregatik ahaztu zituen zenbait letra eta hitz egiterakoan trabatu... baina akats horiek oztopo bat izan beharrean aurkako efektua lortu zuten, teknikak ez baitu axola zintzotasuna dagoen tokian eta publikoari irribarre konplize ugari atera arazi zizkion.

Kontzertua ia amaitzear zegoela ohartarazi zuen Bizipiztiak abestu ondoren eta publikora jaitsi zen hirukotea Orion interpretatzera. Bukatzean bertan jarraitu zuten, publikoak osatu genuen zirkuluaren erdian: “gu oso ausartak gara hona jaisten, ezta? Ea badakizuen abesti hau eta gurekin abesten duzuen.” Esan eta egin. Kerobiaren Rose Escargot diskoko plus bezala ezagutzen den azken kantua abestu genuen guztiok, emozioak topera. Bandini abila da komunitate sentsazioa pizten, musikaren bidez anaitasuna sortzen. Eta zer da musika bada, ezberdintasunak ahazturik, guztiok elkartzeko tresna bat ez bada? Hori argi duela dirudi kontzertua "Gora bizitza!" oihukatuz amaitu baitzuen. Egun lehentasunak horren nahasirik ditugun honetan, beharrezkoak dira horrelako aldarriak benetan axola duena ez dezagun ahaztu: Bizitza, maitasuna eta esperantza.


Argazkia: Josetxo Perez

Etxera bueltan pintada bat irakurri nuen: “musika hasten da lengoaia amaitzen den momentuan." Pentsatu nuen Bandiniren kontzertuaren laburpen polita zela. Bizitza hobea baita musika erraietatik bizitzen duten sortzaileekin. Biba!